Garizuma 2020

sábado, 16 de marzo de 2013

Jainkoa eta ni: Xalbador artzaina fedearen testigu

Garizumako bigarren hitzaldian, Arratiako eskualdeak gonbidatuta, Koldo Katxo jesuita nafarrak Xalbador bertsolari eta artzainaren fede experientzia azaldu dau, prosaz eta bertsoz. Gustora geratu dira Arratia osotik etorritako entzuleak, ordu eta laurdeneko gogoeta labur eginaz.

Profeta moduan aurkeztu dau Xalbador Koldo Katxok bere gogoetan, fede experientziaren eta fede testiguen garrantzia eta preminea azpimarratuz.

Fede gizona, apala, izaera depresiboduna edo. Bere heriotza golpe astuna izan zan euskaldun herrian. Profeta legez aurkeztu dau artzaina, apal eta barrukoia, era dotoreaz esanir ere injustiziak isildu ezin ebazana.

Nigarra begian bertso sortan Jainkoaz izandako borroka agertzen dau. Bere barrua pekataritzat dauka, San Joanen antzeko, horregaitik dinosku: "Jainkoaren hurbiltasuna sumatu dauenak ezin dau harrika ibili inogaz", eta horregaitik apaltasunez jantzita datoz bere kritikak.
Apaizen kontraesanen aurka ere askea zan Erdaldun fededun bertsoan kantatu ebanez.


Gogoetaren parte handi bat Jainkoa eta ni bertso sorta astiro aztertzen eta sakontzen emon dau hizlariak, jendeak bertsook gogoz kantatuz. Fededunaren fede bilakaera eta eboluzioa, azken batean Jainkoaren lagun izan arte, amodioa eskatuz erlijioaren tranpan jausi barik, eta bake iturria aurkituz berarengan.

"XXI. mendeko kristaua izango da mistikoa eta pobrea (edo pobreen laguna) edo ez da izango kristaua". Pedro Casaldaligaren berbokaz eta Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kanta zoragarria amaitu dogu ekitaldia.

40 bat lagun izan dira Igorreko parrokian gogoeta hau adi-adi jarraitzen. 

Jose Mari Kortazar




Jainkoa eta ni



1.

Fede haundiko burrason ganik sortu bainintzan mundura,

Jainko legean hezi ninduten jitean adimendura;

hain zen beroa denbor'hartako eliz gizonen kar hura,

ziotelarik gaizki eginak zeramala ifernura,

muinetaraino sartu zitzautan Jaungoikoaren beldurra.

2.

Entzuleeri behar diotet hau erran haste hastetik:

errexenerat nintzan lerrakor gauza guzien gainetik;

ahulezia ene nagusi izan da egundainotik;

ukan aholku guzien eta Jainko beldurraren gatik,

ez nau ez deusek nehoiz beiratu bekatoros izaitetik.

3.

Legeak zuen erakaspena hausten nuen guzietan,

okaztagarri aurkitzen nintzan Jainkoaren begietan,

nitaz betikotz etsi zuela iduritzen baitzitzautan;

desgustaturik damuz betea egon izan naiz bortzetan,

ez sorturikan Jainkoaz deusik ez dakiten tokietan.

4.

Orduko apez suhar zintzoek halako arak zituzten

etzen maitasun gozo haundirik heien ahotik ixurtzen;

heiek Jaunari eman itxurak ari ninduen itsutzen,

zeruko edertasunak berak hotz hotza ninduen uzten,

gaztiguaren labe gorria baizik ez nuen ikusten.

5.

Orai ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ote naizen,

etzira egun ene gogoan lengo itxuraz agertzen;

gertatzen denaz, o Nagusia, kartsuki zaitut eskertzen,

gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzan aspertzen,

Jainko maitea, ordu zen noizbait lagunak egin gintezen.

6.

Zure laguna eginez geroz enetzat ez da nekerik,

zure behako samurrak eman nau fidantziaz beterik;

deusen galderik ez dautzut bada egiten ene baitarik,

ez gaztigua urrun dezazun, ez eta sari eskerik;

gaurkotz ez dautzut deusik eskatzen, amodiaz besterik.

7.

Nehoiz bakerik goza gabeko ene gogo bihurria,

bihotzak edan duen ur onak hil du zure egarria,

ur on guzien Jabeak berak emanikan negurria;

horra egi bat amodioak gure bixtan ezarria:

Haren oinetan sortzen zaukula bakearen iturria.


Xalbador.


Azken hiru hamarrekoak bizkaieraz jarri deuskuz Eñaut Intxaurragak elizkizunetan be kantatu ahal izateko:


5.
Orain ez dakit, Jauna, Zu edo ni aldatu ete nazen,
etzara orain nire gogoan lengo itxuraz agertzen;
gertatzen danaz, O Nagusia! indarrez deutsut eskertzen,
gure arteko hoztasun hartaz hasia nintzen aspertzen,
Jainko maitea, ordua gendun lagunak egin gintezen.
6.
Zure laguna egin ezkero niretzat ez da nekerik,
Hain begirada samurrak emon deust konfiantzaz beterik;
ezen eskerik ez deutsut bada egiten neure baitatik,
ez kaztigua urrundu daizun, ez eta sari eskerik;
gaurkoz ez deutsut ezer eskatzen, amodioa besterik.
7.
Inoiz bakerik gozatubako nire gogo bihurria,
bihotzak edan dauan ur onak hil dau zure egarria,
ur on guztien Jabeak berak emon deusku neurria;
horra egi bat amodioak gure bistan ezarria:
Haren oinetan sortzen jakula bakearen iturria.


Nigarra begian

Entzuteko klikatu berton

Jainko maitea, nago noiz deituko nauzun
munduan zabaltzerat zerbait alaitasun;
ez dakit beti danik zer gaitik naukazun
gutarteko berri txar guzien oihartzun.

Zortearen indarrez, munduan ni ere
sartu nintzan euskaldun agerien jabe;
frantses edo español sortu banintz hobe,
gaur ez nuen izanen hoinbertze naigabe.


Euskalduna naiz eta maite dut herria,
oroz gainetik gure hizkuntza garbia;
beti amultsuki dut bixtan ekarria,
gure izaitearen ezagutgarria.

Bainan gure hizkuntza jo du erroraino
gaitz bat txarragokoak gaitz guziak baino;
ez da gure etxean sartua oraino,
bainan hedatua da kasik honeraino.

Baxenabar, Lapurdi eta Xuberoan
nik ez dakit jendea zeri buruz doan;
euskara itotzea hartu du gogoan,
ezagutza gabeen urgulu zoroan.

Sumatuz euskaldunak, ospetsu nahian,
gurerik deus ez duen hizkuntza mihian,
sofritzen egoiten naiz horien erdian,
gutaz ahalgetua, nigarra begian.

Bertzerenaz beztituz haundi esperantzan,
garenaz bertze zerbait nahi dugu izan,
bururat eman gabe, haunditzeko plazan,
gure aments zoroak norat garamatzan.

Amenstu leku hortan heltzen garenean,
egizkoaren hatsa galdurik bidean,
leize bat eginen da gure gibelean,
amentsak er'ez baitu iganen airean.


Nehoiz etzeraukula, nik ez dut etsiko,
gure kontzientzia atzartzen hasiko;
egungo balentriak ez baitu betiko
odolaren mintzoa ixilaraziko.

Guk uste baino lehen jin daike eguna,
euskaldun deit gaitzaten nahiko duguna:
ehortziz duguneko lUf pean hain bama
euskaldun izaiteko gauza beharrena.

Nehoiz ez gitaizke gu egizko frantsesak,
euskaltasuna berriz joa azken beltzak;
bilakatu beharrak gaitu gu amentsak
arimarik gabeko izaite deus ezak.

0, entzule maitea, otoi, barkamendu,
ez badut bozkarioz kantaldi hau ondu!
Jostetako gogoa dautate ekendu,
aunitz maite duenak aunitz sofritzen duo

Ene etsimendua ez beraz kondena,
ez ere irriz entzun ene dolamena,
ez delakotz arinki hartu behar dena
ama hil urran duen haurraren auhena.


No hay comentarios: