Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

domingo, 17 de abril de 2011

Lino Akesolo mendeurreneko homilia

     Egunon eta ondo etorriak guztiok Dimako herri polit eta txukun honetara. Biotza eta besoak zabalik hartzen zaituegu gure herri honetan, gaur, bertoko seme on, argi eta zintso baten mendeurrena ospatzen alkartzen garean egun honetan. Ondo etorriak ba eta egun on bat igaro gure artean.


    Aita Linori buruz gauza asko esan leitekez, asko esan dira, baina bere bizitzari buruz, bere etxeko, bere senide eta baita beste familia izan ebana, karmeldarrak nik baino gehiago eta hobeto esan leikiez. Eta bardin euskera arloan egin eban lan ikaragarria, hori be ulertu, aztertu asko dira, nik baino asko hobeto egin leikeenak eta egin dabenak, atzo eta gaur ikusten gagozan lez.

    Horregaitik nik, bakarrik, agertu eta azpimarratu nahi nuke, bere gizatasuna, nortasuna, gizontasuna bizitzako aldi ezberdinetan euki ebana eta bizi izan ebana. Horretan eredu izan dogula uste dot, eta gaurko lako egun baten, hori azpimarratu nahi nuke. Ze azken baten guk ereduak behar doguz, geutarikoak, geure antzekoak, bizitzako ibilbidean ahalik eta zintzoen, zuzenen eta ondoen aurrera egiteko.

Arratiako abadeak Diman

    Horregaitik, ba, gaur entzun doguzan irakurgaien arabera, azterketa txiki hau egin nahi neuke, batez be otoitzerako eduki dagigun eta lagundu daiskun.

    Lino bere bizitzan gizon zuzena eta zintzoa izan zan. Herri honetan jaio zan. Eta gaztetan, 10 urtegaz Larreara joan zan, ikasketak beste leku askotan egin ondoren, 1934 meza barria emon eban. Aldi gogorrak tokau jakozan bizi izatea. Gerrea etorri zan eta gudarien kapellau ibili zan, hiru urte kartzelan eta beste hiru urte baldintzapeko askatasunean, euskal herritik kanpora. Eta honelako egoera guztietan bere gizontasuna, fedea, zintzotasuna eta zuzentasuna agertu ebazan, fedeagaz batera. Gauzak berak ikusten zituan moduan esaten zituan, beti zehatz, argi eta zentzun haundiz.

    Bigarrenez gizon herrikoia izan zan. Barru-barruan eukan etxeko euskerea eta haren balioa agertuten eta arakatuten emon ebazan hainbeste urte. Kanpoan hizkuntzak ikasten ibilli zan aldia onuragarria izan eban euskera bera ikusi eta estimatzeko. Irakurle sutsua izan da, beti libururen bat besapean hartuta, liburutegi eta liburu dendatan sagua lez ibiltekoa zan. Igone Etxebarriak, egunotan egin dauan artikulu polit baten, dinoan lez. Zeregin asko bete ebazan kultur arloan. Asko idatzi eban, baina batez be artikuluak, eta bai eta be itzulpen asko. Hainbeste lan egin eban Aita Linok euskeraren alde, eta hori dala eta, hainbat omenaldi egin eutsezan han hor hemen, euren artean Dimako herriak be bai.

    Eta, azkenik fede gizona izan zan. Esan dogu hasieran, aldi gogorrak igaro behar izan zituela. Eta aldi eta egoera guztietan fedearen testigantza haundia emon eban. Karmeldar anai lez, karmeldarren barruan, bere zereginak euki zituan, Donostian eta Markinan nagusi izan zan. Bizkaiko Eleizbarrutiko Liturgi batzorderako izendatua be izan zan eta Eleizbarrutien arteko Liturgi euskeratzaileen taldekoa eta Bizkaikoen buru.

Meza ospatu eben abadeak Dimako sakristian
   
Gaur irakurri doguzan irakurgaietan entzun doguna. Berak ondo eta zuzen eroan eban aurrera eta bete eban. Bere jakituria besten zerbitzurako eta onerako erabili eban. Jaungoikoak emondako talentoakaz beste horrenbeste egin eban, emon eutsazan talentoakaz beste horrenbeste eskuratu ebazan, zintzo jokatu eban. Horregatik dogu eredu eta jarraibide. Hori ospatu eta bizi nahi dogu egun honetan eta irakatsi ikaragarri hori aurrera eroaten ahalegindu.
   
Eta amaitzen dogu, berak Atx-ostetik atx-ostera 1967 garren urtean egin eban idatzi polit baten zatitxo bategaz. Hau be Igone Etxebarriaren artikuluan agertzen da: Izenez bat gareanok, orraitio, ez gara lakratsaun txarrean ibili. Gure arteko mendi eta atxak eztira muga izan, bide eta zubi baino. Holan izan daitela, ba, gaur egunean be, gure artean. Eskerrik asko Lino, barriro zugaz alkartu arte. Eta eskerrik asko zuei be.

            Esteban Orbe, Dimako parrokoa

Irakurgaiak: Erregeen 1º liburua 3,       eta  Mateo 25; 14 – 22

No hay comentarios: