Domekan Familia Ospakizuna

jueves, 31 de diciembre de 2020

Mesedez, ez mutilatu Xabier Lete


Sebastian Gartzia Trujillo - Euskaltzain urgazlea
 
arratia.tk oharra: Berriak argitaratu dauan gogoeta mutilatuta dago espazio arazoak direla eta. Hona jatorrizko bertsioa dakarku egilearen beraren baimenaz.

Xabier Lete hamar urte hil zela-eta, liburu eta erreportaje batzuk argitaratu eta zenbait emankizun ere antolatuak izan dira. Ederrak dira gehienak, Xabierrek ondo mereziak. Txalotzekoak dira euskal argitaletxeek eta ekoizleek egin dituzten esfortzuak, baita ikertzaileen peskiza sakonak ere.

Irakurri eta ikusi ditudan liburu zen emankizunik gehienak, xehetasunak xehetasun, oso onak iruditu zaizkit. Harritu ere egin naute, bai lanen kalitateak, bai lanen sakontasunak ere.

Dena dela, hutsune bat antzeman dut aipatu ditudan lan eta emankizun askotan: Xabierren kristau sinesmenari buruzko isiltasuna. Lanik gehienek (salbuespenak salbuespen, A. Lertxundiren edo J. K. Igerabideren artikuluak, kasu) ez dute Xabierren kristautasuna lantzen edo ez dute behar beste sakontzen eta, noizbait, baten batek gutxietsi-edo egiten dute. Baina isiltze horrek mutilatu egiten du Xabierren lekukotza eta oztopatzen digu haren literatura-lanen interpretazio zuzena. Isiltze horrekin Xabier osatu gabe bat azaltzen digute eta hori ez da bidezkoa.

Xabier materialista izan zen, urte askoan agnostikoa eta Elizaren sakramentuetatik alde egin zuen gutxi-asko: Nik hamazazpi urtez gero zalantza handiak nituen  erlijioarekin; neure buruari esaten nion jadanik ez nintzela katolikoa; kristaua nintzela soilik… Xabierrek materialismo eta agnostizismoan iraun zuen urte haietan bertso ederrak idatzi zituen: ‘Izarren hautsa,’ kasu, euskal literaturaren olerkirik ederrenetakoa. Baina Xabierrek, fedea galduta ere, ez zuen inoiz bere burua ateotzat jo. Are eta gehiago, urte horietan barrena, Xabierrek ez zien inoiz ere giza eta jainko-misterioei buruzko galderei uko egin. Eta horixe da (Xabierrek dixit)  erlijiosoa izateko modu bat: Erlijioa, misterioaren atarirantz begiratuz bizitzea da… Ni agnostiko nintzanean , urte batzuez gustura ibili nintzen harro eta libre, erlijioaren gauza horiek mesprezatuz. Halare, zenbait esparrutan eta zenbait gunetan emozioa senti nezakeen, harridura, lilura, Leireko monastegian, adibidez, monjeek konpletak eta salbea abesten zituztenean. Behin, oroitzen naiz ’Hemen zerbait berezia dago’ neure buruari esanez atera nintzela elizatik. Paisaiak ere asko laguntzen zuen, hango isiltasunak, haizearen xistuak, Aragoiko mendien urdin-koloreak.

Argitu nahi dut materialista izateak ez dakarrela berez kristau sinestuna ez izatea: Materialista izaten segitzen dut, eta uste dut hori kontziliatu daitekeela, edo uztartu daitekeela, nahi baldin bada, sinesmen edo fede batekin.

Materialista materialista edo agnostikoa agnostiko, 1989tik aurrera,  Xabier, 45 urte zituela, kristau sinesmenarekin berraurkitu zen: Baina hogei uste pasa ondoren, bere gaixoaldi oso larri baten denboran, Lurdes eta ni errezatzen hasi ginen berriro, bakoitza bere aldetik. Pixka bat hobeagotzen hasi nintzanean, hilzorian egon ondoren, Lurdesek esan zidan egun haietan otoitz egin bagenuen ez zela bidezkoa gero mutu gelditzea. Arrazoi osoa eman nion. Eta horrela hasi ginen berriro elizkizunetara hurbiltzen eta fededun bezala bizitzen… Otoitz egiten duena ez ote da sinestuna?… Azken urte hauetako zenbait elkarrizketatan erlijioaz eta, batez ere, fedeaz mintzatu izan naiz… ni sinestun bezala agertzen naiz. Ni sinestuna naiz, nere modura. Ez dakit modu hori erabat ortodoxoa den, nik ezetz uste dut. Baina hori beste arazoa da. Azpimarragarria da sinesmenaren berraurkitze hori ez zitzaiola Xabierri itzuli arrazoi hutsaren bidez, otoitzaren bidez baizik, aspaldiko kontua dena sinestunen artean: Jainkoarenganantz joan nahi duenak -zioen Areopagoko Donisiok, lehenago otoitz egin behar du, eta Xabierrek: Arrazoiarekin sinestea asko kostatzen zait ia beti (horretan ez naiz batere ‘volteriano’), baina otoitzaren agonia horretan bizi naiz aspalditik, eta uste dut hori, neurri batean, Jainkotik hurbil bizitzea dela… Otoitz egiten duena ez ote da sinestuna?

Sinesmena errekuperatuz gero, Xabierrek honako liburuok argitaratu zituen, zeinetan erlijiozkotasunak eta sinesmenak protagonismoa handia bereganatzen zuten: Biziaren ikurrak (1992): Zenbat aldiz, Jauna, gau beltzak didan estali… Amaitu zen, Jauna, lausorik gabeko uda argitsua…; Zentzu antzaldatuen poemategia (1992):  Zenbat gogaituten zaitudan, Jauna… Gorde nazazu, Jauna…; Egunsentiaren esku izoztuak (2008): Jaso nazazu, maitea, azken egunean,… ni ere erruki handian salbatua izan nadin, salbatuak elkarrekin eta maitasunean glorifikatuak betirako. Zelan interpretatu liburu mamitsu horiek Xabierren kristau sinesmena kontuan hartu gabe? Euskaldunen zorionerako, Xabierren sinesmena euskal literatura egina da (nola Joan Gurutzeko edo Leongo Frai Luisena Espainiako Literaturan eta R. M. Rilkerena Alemaniakoan...).

Argi dago Xabier ‘bere modura’ izana zela kristaua, esan nahi ez duena kristaua zela bere nahieraren arabera, baizik Xabierrek, kristau sinesmenaren forma esklerotizatutakoez landa, azalarazi dizkigula kristau sinesmenaren ezaugarrik adierazgarrienetakoak:

1.ª Errukia dela kristau sinesmenaren benetako legamia eta ez, umezaroan erakutsi zioten bezala, bekatua edo legea: Jesusen nahiago dut errukia sakrifizioak baino hura Xabierrek maisuki gaurkotu zigun: Kristautasunaren barruan erlijio praktikaren atal nagusia da errukia, Eta errukia, besterik beste, gure naturaren jakituriatik letorke… Nik uste dut Mendiko Irakaspen edo Predikua irakurri beharko genukeela berriro (Mateoren ebanjelioan), bestearekiko erruki adeitsuaz jabetzeko. Nazareteko Jesus errukitsua izan zen.

2.ª Kristauok espero dugun berpiztea ez zaigu gertatuko arima ‘espiritua’ delako. Xabierren sinesmen-esperientzia fidagarriagoa zaigu Platonena baino: Ni ziur nago Jainkoak ezin dezakeela nahi beregan sinesten duten maitale leialak elkarrengandik malapartatuak izatea…. Nik agian, neronen esperientziari begiratuz, honela oihukatuko nioke Jainkoari: Jauna, erruki zaitez gutaz, eta elkar mundu honetan maite izan dugunok ez gaitzazu heriotzaren orduan eta heriotzaren bitartez bereizi; elkar maite izan dugunok elkar maitatzen jarraitu nahi baitugu eternitate osoan.

3.ª. Xabier ez zen markarik gabeko sinestuna. Kristaua zen: Nazareteko Jesus erabat funtsezkoa da gizadiaren historian antzinako gizarteetan ohiturak ez ziren baloreak- errukia, barkamena, pobreziaren goraipamena…- lehen tokian jarri zituelako.

Ondo iruditzen zait Xabier Letek euskal literaturan eta kantuetan egin zituen ekarpenak gorestea… baina kristau sinesmenean Xabierren emariak isilean uzten baditugu, guztion kalterako dela deritzot. Zurrunbilo irensle horretan gabiltzala uste dut eta pena da, zeren C. P. Cavafis-ek esan zuen bezala: Poeten begirada zorrotzagoa baita. Ez dezagun galdu.

No hay comentarios: