Berrogei egun

miércoles, 9 de diciembre de 2020

Gabonetako tranbia

  


Aimar, Nerea eta Martinek arrastiko tranbia hartu eben kateko gabon kanten jaialdira joateko. Pozik, oso pozik, ondo ensaiatuta  eukielako euren gabon kanta. Hotz egoan kalean eta bihotzean ilusinoaren pozaren berotasuna. Ez egoan edurrik baina Gorbeia zuri zuri ikusten zan.

Bildosola inguruan, bide bazterrean bikote bat egoan tranbiari geratzeko kiñuak egiten: umedun egoan andra bat eta bere senarra.

Tranbiaren gidariak lotu eban tranbia ea nora joaizan itaunduteko bikoteari.

-Badaukazue txartelik? –itaundu eban.

-Ez, ez daukagu dirurik ez barik txartelik, kanpokoak gara –erantzun eutson gizonak.

-Holan ezin zarie gugaz etorri, goiko aginduak holan dinoe –nahiko zakar esan eutsien gidariak.

Eta tranbian joian dotore jantzitako andra batek:

-Eta koronabirusa badaukie? Hobeto ez itxi sartzen.

Eta bertan joian kirolariz jantzitako gazte batek:

-Entrenamendura belu noa, itxi hor, doazela oinez!

Eta beste batek:

-Kanpostarrok, dirua eta beharra kentzen baino ez datoz!

 

Aimar, Nerea eta Martinek alkarri begiratu eta holan komentatu eben:

-Gogoratzen zarie kateko azken kanpaina: Luzatu eskua pobreari! Egia bihurtu daigun!

-Eta gabonetan gehiago!

-Eta hotz honegaz zelan itxi bide bazterrean, laster gaua izango da-eta!

-Nire amak Barik txartela ondo beteta emon deust, euren bidaia nik ordainduko dot! –esan eutson lehenengoak gidariai.

-Eta nireak hidrogel potea eta mozal partida handi bat emon deust badaezpadan, konpartitu egingo dodaz eurekaz! –gehitu eban bigarrenak.

-Ba nik bokadilo bi eta txokolatea daukot, erdi bana egingo dot eurekaz –azaldu eban hirugarrenak.

Eta holan, hiru neska-mutilen gabon espirituari esker, bikote harek tranbiaren epeltasunera igon eban. Berbetan emon eben bidaia, hiru neska-mutilek tranbiatik bajatu arte kantaldira joateko. Senar emazteak bidaia jarraitu eben.

 

“Hator hator…” aukeratu eben kantetako jaialdian. Polito kantatu arren ez eben saririk jaso. Txalo zaparrada ugari, hori bai. Etxera bueltatzerakoan, gurasoekan afaltzen egozala, gabon mahaia bedeinkatzerakoan, guasapa jaso eben ume jaiobarri baten argazkiagaz:

-“ Sasoiz heldu gara ospitalera. Amak umea izan dau. Jesus dau izena. Hau da: Jainkoa gugaz! “

No hay comentarios: