Goazen 2024 Jarri bidean

martes, 7 de junio de 2022

Errogatiba bideak 04



Arratiako kultur ondare ez-materialaren erakusgarri ditugu errogatibak. Ohitura honek bere inguruan batzen ditu Arratiako herri guztiak. Baina ezin ulertu beste kultura eta sasoi ezbardinetako erromesaldietatik aparte. Erreportaia honetan lau sinbolotan sakonduko dogu: bidea, arbolea, mendia eta ura. Gaurkoan: mendia!


Errogatibea eta mendia


         Bide guztiak helburu bat dauka. Erromesaldiak edo errogatibeak be berea dauka. Eta sarritan igoeraren irudia darabil bide horrek. Igoerak giza baldintza gainditzea gogoratzen deusku. Eta horretarako zeruagaz hari bat izango dau: soka bat, eskilera bat, arbolea, mendia…

         Tradizio mitiko askok erabilten dabe mendi kosmikoa. Biblian be hor ditugu Tabor eta Garizim, Siongo menditxoa. Mesopotamiako ziggurat eraikinek mendiaren erreplika bat dira.
 


         Zeruan helburu bat dagoen moduan, lurrean hamaika helburu dagoz, erlijio, kultura, herri bakoitzaren arabera. Han aurkituko dauz gizakiak bere sustraiak. Han egingo dau bat, barriro be, kreatzaileagaz, sortzailegaz. Han batuko ditu hasierako sasoiak, gaur egungo egoeragaz, etorkizuna ahaztu barik, geroari begira. 

         Gurean be mendi aparteko bi doguz, geografia erlijioso, kultural eta herri ezbardinen bilgune eta helburu: Gorbeia eta Urkiola. Euskal Herrian hamaika doguz: Aralar, Arantzazu, Ainhoa, Estibaliz, Begoña…

         Honetan be gizateriaren iturri beretik edaten dogu. Erlijio arkaikoetan toki honeek mitoekin batera datoz, gizakiaren jazoera oinarrizkoak azaldu gurean: gizakiaren kreazioa, munduaren izatea… Ekialde Hurbileko, Egiptoko edota Indiako erlijio handietan ere santutegi eta huri sakratuak, ibai eta errekak non garbitu eta barriro jaio… aurkituko doguz. Biblian, zer esanik be ez, zeruko Jerusalem. Islamdarrak Meka. Kristauek hamaika toki, batzuk Jesusegaz lotuta (Belen, Nazaret, Kafarnaum…), beste batzuk urteetan zabalduak: Santiago, Lourdes… 

         Urkiolan bat egiten dabe, kristautasunaren aurreko mendi eta toki sakratua, geroxeago batutako santutegiagaz. 

         Erromesaldi bakoitzak, errogatiba bakoitzak badauka bere berezitasuna. Erritoak ezbardinak dira, baina beti bide bat egunerokotasunetik bizitza barrira igaroteko, igoteko edo salto egiteko.

         Ganges errekara doan erromesa, errekako ur santuetan, bizitza barri baterako garbitu gurea izango dau. Lourdesera doan erromes asko osasun bila doa, fedeak erakarrita. Mekako atea zeharkatuz, toki sakratuetara sartuz, erromesak kanpoan itxiko ditu jantzi zaharrak, barau eta otoitzaz bizimodu barritua hasteko. Urkiolara heldu orduko, zapata zahar urratuak botatzen ebazanak, baeukan barritasun egarri bat.

         Bidearen helburu dan mendia edo tokia, erromesa onartu eta erromesari laguntzeko jantziko da. Santutegia edo eleizea, kantuak, predikazioa, ospakizun liturgikoak, ostatua…

         Gauzok lagundu egingo dabe, baina oinarri oinarrian erromesaren fedea dago. Fedeak bihurtuko dau bidea barriztatze prozesua. Eta erromesaldi kristaua bada, erdigunean eukaristiaren ospakizuna egongo da: Kristo biztu biziagaz bat egitea, bere frutuak hartzea.

         Urkiolara joan eta kanpoan geratzen danak be, egin dau bere bidea. Harriari bueltaka dabilena, giroko erlijiotasun paganoan hartzen dau parte. Santutegian eukaristia ospatzen dauenak pausu bat gehiago emon dau, maila bat gehiago igo dau. Hirurek hartu dabe parte bidean, nahiz eta helburua ez izan beti bardin. 

         Horregaitik gagoz ondare ez material baten lekuko garrantziko baten aurrean. Inork ez deusku gurea gordeko. Jaso eta jazo daigun!

(Testu honen oinarrian, ideia asko honi zor deutsadaz: Julien Ries, El símbolo sagrado, Barcelona, 2013, 240-252. or)


No hay comentarios: