Goazen 2024 Jarri bidean

miércoles, 15 de junio de 2022

Errogatiba bideak (eta 05)


Arratiako kultur ondare ez-materialaren erakusgarri ditugu errogatibak. Ohitura honek bere inguruan batzen ditu Arratiako herri guztiak. Baina ezin ulertu beste kultura eta sasoi ezbardinetako erromesaldietatik aparte. Erreportaia honetan lau sinbolotan sakonduko dogu: bidea, arbolea, mendia eta ura. Amaitzeko: ura!


     Bolandera bat jaurti eta goizeko seiretan hasten de Dimako plaza errogatibako ibilaldia Urkiolarantza. Lehendabizi Indusira, handik Txindorretara, eta etxe bakarti handik bertara dago izen bereko iturria. Geldialdi bat ura edateko edo freskatzeko. Apurtxo bat aurrerago egingo da armozua.



     Erromesaren lagun nahi eta nahi ezkoa dogu ura. Bidean edo etapa baten amaieran. Kantinploratik, botilatik, iturritik, errekatik… Indarrak barriztatzeko. Gaztetuteko. Gorputza freskatu eta garbituteko. Nekea arintzeko…

     Baina soinaren lagungarri hutsa ez da ura. Bizitza espiritualean be badauka bere eragina. Garbitu. Gardendu. Barriztatu. Egarriak giza izaeraren hauskortasuna gogoazoten deusku. Egarriak bizi iturria bilatu behar dogula gogorazten deusku.

     Neolitokoan hasi eta gaur arte, uraren gurtzaren arrastoak baditugu, eta kultura askotan. Iturri ongileak, ur mirari egileak, iturramak…

     Grezia klasikoan Homerok be kantatu ebazan erreken dohaiak, eta ninfak nonahi ageri ziran. Euskal Herrian be iturri, putzu ondoetan lamiak kokatzen ziran, toki izen asko bere testigu direla: Lamiaran, Mundakan, adibidez, bertako ermitaren horma jausiak lekuko..

     Bidean lagun, baina helmugara heltzerakoan, urak orduan beteko dau bere funtziorik behinena. Gaur egun ere, Ganges erreka da “Indiaren Ama”. Bertan bainatzea garbitzeko bakarrik ez, bizi barrirako prestakuntza be bada. Mekan, Harri Baltzaren ondotxoan dago Zamzam iturria, eta bertan jasoko dau erromesak ur santuaren baraka, bertatik edan eta etxera eroateko be badana. 


    

Biblian putzu eta iturriak bake, poz, argi gune dira, ibiltari eta erromesaren lagun. Otoitzean ura eskatzen da. Eta abegikorra izan behar ura eskeiniz atzerritarrari. 

     Itun Barrian, Kristogan identifikatzen da Itun Zaharrean iragarritako ur bizia, bizi ura (1Ko 10,4): “eta guztiek edan espirituzko edari bera; izan be, eurekin joian espirituzko hatxetik edaten eben, eta hatx hori Kristoren irudia da”.

     Kristau erromesaldietan, ura barriro aurkituko dogu bateoaren sinbolo legez eta kristau dan gizaki barriaren sinbolo legez.

     Urkiolara heltzerakoan jende asko hurreratzen da Santa Apoloniako iturrira, bere ermita ondoan dagoana. Aginetako gatxak kentzeko erabiltzen ei zan. Baina urak badauka esangura bete betea erromesarengan.

     Poetaren berbak gureganatuz, Urkiolarainoko bidea egin ostean, hurreratu gaitezen Santa Apoloniako ermitako iturriraino eta kanta daigun:

Iturri zaharretik
                        edaten dut,
                    ur berria edaten,
   beti berri den ura,
   betiko iturri zaharretik.
 
         Iturriak izan aurretik
                 ugari zen uretik
                edaten dut,
           ura baino lehen zen
                  iturritik edaten,
        inoiz agortzen ez den,
eta inoiz lehortzen ez den ura
isurtzen duen iturri bakarretik,
                      iturri guztien iturburutik... 

 (Joxan Artze).

Jose Mari Kortazar

(Testu honen oinarrian, ideia asko honi zor deutsadaz: Julien Ries, El símbolo sagrado, Barcelona, 2013, 240-252. or)


No hay comentarios: