Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 8 de febrero de 2018

Fitxaje baten harira

                                                                                                                                      Rufino Iraola
 
Jakizue ez naizela futbol-zalea. Urtean zehar partidaren bat edo beste ikusiko dut osorik, izen handiko nazioarteko ekiporen batzuk lehiatzen direnean-edo, golik onenak eta horrelakoei begiratzen badiet ere. Aurrekari horiekin nornahi ohartuko denez, printzipioz ez nuen asmorik Iñigo Martínezen fitxaketa berriari buruz hitz egiteko. Garbi esanda, ez nekien ezertxo ere. Baina zorioneko sare sozialek laster ipini naute jakinaren gainean.

Bi gauzagatik izan da notizia Iñigo Martínez futbolari ondarrutarra, hamahiru urte Realean igaro ostean Athletic-era joan delako, eta, horrela, real-zale askoren haserrearen kausa bihurtu delako. Bestetik, despedidako agurra euskaraz eta erdaraz egin du. Horra arte dena ondo. Baina jende askok leporatu dio erdaraz bikain eta euskaraz oso penagarri eta narrats eskribitua dagoela.

Erramun Osarenak dira hurrengo hitzok: «Iñigo Martinez futbolari ondarroarraren euskarazko txioak —(tokian) tokiko hizkeran idatzitakoak ere akatsak ditu— bazterrak astindu ditu. Auzia ez da euskara batua ala (tokian) tokikoa baliatzea, erregistro bakoitza noiz eta zertarako erabili baizik!» Parentesi artekoa nirea da. Egia esan, trakets amorratu idatzia dago Iñigo Martínezen mezua. Bizkaieraz ere posible da ondo idaztea, testu dezente ezagutzen dut, eta, besteak beste, Athletic-eko futbolari berriari Amurizaren ‘Enaz banaz’ gomendatuko nioke.

Gertaera hori dela eta, Ramon Etxezarretak, joan den ostiralean, ‘Cuanto más’ izenburuarekin, ‘Plaza de Gipuzkoa’ sailean eskribitu zuena ona iruditu zitzaidan. Ea oraingoan ez naizen erratzen Ramonekin, orain hurrengoan hanka sartu bainuen.

Euskararena bego horretantxe, baina Ramonek jorratzen ditu beste aspektu interesgarri batzuk ere. Dio tontotzat hartzen dela, gizarte honetan, daukanarekin konformatzen dena, asko izanda ere. Gaurko araua irabaztea dela esanez jarraitzen du; ez asko eta ez nahikoa, ahal den gehiena baizik.

Duela gutxi Andoni Egañak hau eskribitu du: “1.800 euro 900en bikoitza da, baina 6. milioi ez da 3 milioiren bikoitza, matematikoki baizik”. Hurrengoa, berriz, José Luis Sampedrorena da: “Sistemak kasinoa antolatu du, betikoek irabaz dezaten”.

Eta nik, nire betiko ingenuitate honetatik, amets eta utopia artean, sinetsi nahi dut iritsiko dela eguna pertsona zoriontsu izango dena behar adinarekin bakarrik. Iritsiko dela dirua, fama eta itxurari hainbesteko inportantzia emango ez zaion eguna, ohartuko garen eguna kanpoko gauzetan ez baino gure barruan dagoela zorionaren iturria. Eta zabalduko duela enpatia, errukia eta elkartasuna gailenduko diren eguna. Sinetsi nahi nuke iritsiko dela inkontzientziatik –gaur egungo bekatutik– irtengo garen eguna.

                                                                                                              Rufino Iraola

No hay comentarios: