Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 17 de febrero de 2018

Sakramentuak 01



Luis Gonzalez-Carvajal
IDATZ argitaletxea, Donostia, 1990


Sakramentuak,
Jainkoarekiko topaketa ikuskor egiteko
Gaur zerbait bitxia gertatzen da: kristau askok sakramentuak mesprezatzen dituzten bitartean, horiek ordezka ditzakeen zerbaiten beharra sentitzen dute sinesgabeek. Pablo Nerudak kontatzen du bere oroitzapenetan, nola erreakzionatu zuen bere lagun Alberto Rojas Gimenezen heriotzaren aurrean: Berak eta hirugarren lagun batek erosi zituzten bi argizari erraldoi, gizaki bat bezain handiak, eta Santa Maria del Mar basilikaren erdian, Bartzelonan, biztu zituzten. Gero eseri ziren, eliza hutsaren erdian, bi argizaritzarren eta hildakoaren «alkoholismo uholdekoa» gogorarazten zuten ardo berdezko bi boteilen ondoan. «Uste izan genuen -dio Nerudak-, isileko zeremonia hark, gure agnostizismoa eta guzti, gure lagun hildakoarengana hurbiltzen gintuela modu misteriotsuan»[1].

Ondoren, sakramentuek gizakiaren barru-barruko beharrizan bati erantzuten diotela azalduko dugu.

Bizitza sakramentuz josia dago
Gaur kartesianismoa gainditua dago. Giza bizitza «ideia argi eta berezi ez»[2] soil-soilik erabakia dagoela uste izatea, izugarrizko mutilazioa litzateke.
Gaur antropologiak onartzen duen bezala, gizakia «animalia arrazoidun» baino gehiago, «animalia sinbolikotzat»[3] hartu behar da. Hizkuntza bera sistema sinboliko bat da, eta gauza bera esan behar dugu gorputz ekintza askorengatik: musu bat eman, begi batez keinu egin, eskua estutu... Nor izango litzateke gai, sinbolo horiek «ideia argi eta berezitara» itzultzeko, beraiek murriztu gabe?


 
Gizakiak gauza guztietan bizi du, berauek gainditzen dituen esanahia. Zergatik, bestela, agure batek ez du nahi izaten, «beti» berekin izan dituen altzariak aldatzea, dagoeneko funtzionalak ez izan arren?

Edozein gauzatan bereiztu behar da, haren baitako errealitatea eta haren mezua. Agian «gauza» bezala ez da munta handikoa, baina bere «mezuak» balio estima ezina eman diezaioke (gogoan izan dezagun, esate baterako, Gernikako arbola). Bizitza ulertzeko zernolako gaitasun eza azaltzen duen Sartrek, Eukaristian «ikusten duen» guztia, «elizetan, argizarien argitan, gizon batek belaunikaturiko emakumeen aurrean ardoa edaten duela» dioenean![4].
Gauzek beren barru-barruko mezua hots egiten hasten direnean eta gizakiak entzuten duenean, gogoeta sakramentala sortzen da. Sakramentua, ikusiko dugun bezala, ikustezina den errealitatea gure artekoa   egiten duen zeinu ikuskorra da.
Batzutan pertsona batek, berak ematen dio esanahi sakramentala gauza bati; baina beste batzutan, kolektibitate oso batek ematen dio. Kataluniako kasu tipikoa litzateke maitemindurik dauden gizonezkoek San Jordi egunean beren bihotzeko emakumeari ematen dioten larrosa. Herri oso baten onarpenak errealitate bati balio sakramentala eman dionean, haren indarra guztiz handiagoa da. Gerta daiteke, neska bat bere barruko sakonenean erabat dezepzionatua geratzea, egun horretan larrosa iritsi ez zaiolako.

Badaude sakramentu jainkotiarrak ere: Jainkoaren bizikizun sakona duen gizakiak, Asisko San Frantziskok adibidez, edonon aurkitzen du Jainkoa: adar baten gainean abesten ari den txoriarengan, bere janaria arrastaka daraman txingurriarengan, suan eta baita «arreba» heriotzarengan ere.

San Ireneok zioen bezala, «Jainkoari gagozkiolarik, ezer ez dago hutsik; dena Haren ezaugarri da»[5].
                                                                                                                     Jarraituko dau


[1] NERUDA, Pablo. Confieso que he vivido. Círculo de Lectores, Barcelona, 1978, 46 orr.
[2]    Descartes, Rene, Discurso del Metodo, Espasa-Calpe, Madrid, 1976, 63- 66 orr.
[3]    Ikus Cassirer, Ernst, Antropologia filosófica, Fondo de Cultura Economica, Mexico, 8. arg., 1977, bereziki 45-49 orr.
[4]    Sartre, Jean-Paul, La nausea, Losada, Buenos Aires, 10. arg. 1967, 54 or.
[5] Lyongo Ireneo, Adversus Haereses, 4, 21.

No hay comentarios: