Abenduko izarrak

domingo, 8 de septiembre de 2024

Andra Mariaren Jaiotza



Mezak domekean, irailak 8, Gorozikan 10:30etan; Akordan 12:30etan, Kanalan 11etan, Murueta 12etan, Nabarniz 12etan, Bermeo, Ondarroa, etab luze bat.

Jai honetarako liturgia lagungarriak euskeraz.

Irakurgaiak euskeraz.

Jai honen azalpena.

ANDRA MARIREN JAIOTZA


SARRERA

Egun on guztioi. Gaur gure ....-ko festa burua ospatzen dogu. Eleiza osoak, pozez beterik, Andra Mariaren jaiotza eguna ospatzen dau egun honetan.

Maria noiz eta non jaio zan ez dakigu. Baina Eleizeak aspalditik ospatzen dau haren jaotza eguna. Bere jaiotzak bere semearen Jaiotza eta gizon egitea gogoratzen deusku.

Jainkoaren guraria, betidanik, gizakia salbatzea izan da. Gizakiaren salbamena Jainkoarekin bat egitean dago. Beste ezerk ez inork ezin gaitu salbatu, Jainkoak baino.

Jai-giro alaian, hasi eta ospatu daigun Meza santua.


SARRERAKO ABESTIA


DAMU-OTOITZA

Senideok: gure helburuak eta amesak beti joaten dira gure egintzak baino urrinago; apaltasun guztiaz autortu daigun geure ezina eta geure pekatua:

- Jesus Jauna, gu salbatzearren Maria Birjinagandik jaio zinana. ERRUKI, JAUNA.

- Jesus Jauna, heriotza ondoren zeure Ama zerura jaso zenduana. KRISTO, ERRUKI.

- Jesus Jauna, behartsu eta pekatarion itxaropena zareana. ERRUKI, JAUNA. 


AINTZA


OTOITZA

Lemoako abadeak 1919
            Jainko Jauna,
            zeuk eratu dozu zure Semearen Ama
            ...-ko Ama ta Zaindari;
            emon egiozu zure herriari
            haren zaindaritzapean bizi izatea
            eta bake iraunkor batez poztea.
            Zure Seme Jesukristo...


HITZAREN LITURGIA

Is 7, 10-14:

Jesus jaio baino 700 bat urte lehenago, "Emanuel"-en profezia iragarri eban Isaias profeteak. "Jaungoikoa gurekin" izango da Jesus.

Isaias Profetaren liburutik

Egun hareetan, Jaunak hauxe esan eutson Akaz‑i «Eskatu egiozu Jaunari, zeure Jaungoikoari, ezaugarri bat zeuretzat, nahiz lurraren barruan, nahiz zeruen goienean». Eta Akaz‑ek : «Ez deutsat eskatuko, ez dot tentatuko Jauna».

Orduan Isaiasek: «Entzun, Dabiden etxe horrek: Gitxitzat ahal daukazue gizonentzat aspergarri izatea? Jaunarentzat ere aspergarri izan behar ete dozue? Horregaitik, Jaunak berak emongo deutsue ezaugarria. Begira, birjinea seindun dago, eta semea izango dau; Emmanuel ipiniko deutso izena, hau da: "Jaungoikoa gugaz"».

Lemoako parrokia 1961

Erantzun-Salmoa:  23. Salmoa

Salmo honetan, Jainkoaren toki santura sartzeko behar diran baldintzak, azaltzen ditu fededun batek.

"Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti”

       -Jaunarena da lurra eta lurra beteten dabenak,
lurbira eta bertan bizi diranak.
Harek emon deutsoz itsasoak oinarri,
eta ibaiak sendogarri.

       - Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak errugabe eta bihotza garbi dituana,
uskerietara joten ez dauana.

       Holakoak hartuko dau bedeinkapena Jaunagandik,
zuzentasuna salbatzaile dauan Jainkoagandik.
Hau da Haren bila dabiltzanen taldea,
Jakob‑en Jainkoaren bila dabiltzanena.


Mt 1, 18-24:

Lehenengo irakurgaian entzun ditugun berbak, Mariagan beteko dira. Mariaren sabelean haragi egingo da Jaungoikoaren Semea.

Jesukristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Arteako Andra Mari
 
Jesukristoren jaiotzea onan izan zan: Jesusen ama Maria, Josegaz ezkontzeko berbea emonda egoala, alkarregaz bizi izan baino lehen, seindun aurkitu zan Espiritu Santuaren egitez. Haren senar Josek, gizon zintzoa zalako eta bere emaztea ez ebalako salatu nahi, ixilka itzi eta joatea erabagi eban.

Baina, asmo hori gogoan erabilala, Jaungoikoaren aingerua agertu jakon amesetan, eta esan eutson: «Dabiden seme Jose, ez izan bildurrik, Maria zure emaztea etxean artzeko; sabelean daroan umea Espiritu Santuagandik dator‑eta. Semea izango dau, eta zuk Jesus ezarriko deutsazu izena, horrek salbauko daualako bere herria pekatuetatik».

Guzti hau jazo zan, Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin:

«Begira, birjineak sabelean sortu
eta semea izango dau,
eta Emmanuel ezarriko deutsoe izena,
hau da, «Jaungoikoa gugaz».

Jaunak esana!


JAINKO HERRIAREN OTOITZA

Senideok: Maria Jaungoikoaren ondoan gure alde daukagula jakinik, zuzendu deioguzan geure eskariak Aitari:

- Eleizearen alde: Mariaren antzera, gaurko munduan, itxaropenaren ezaugarri izan daiten.       ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

- Geisoen eta behartsuen alde, espetxeratuen eta erbesteratuen alde, bakarrik eta nahigabe artean bizi diranen alde: euren ingurukoen maitasuna eta zeruko Amaren laguntza gozau dagiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 - Gure herriaren alde: Jaiak, alaitasunean eta bakean ospatzeko  guztiok ahalegindu gaitezan eta horretarako Zeruko Amaren laguntza izan daigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI

 -  Gure famili, gure lagun eta gu guztion alde: Jaungoikoak bere maitasunean eta zeruaren itxaropenean zaindu gagizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 Jaungoiko gure Jauna, ezarri egizu gure bihotzetan Andra Mariaren esker onezko kantua; Zuk guretzat egunero egiten dituzun miragarriak eskertzen jakin dagigun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


OPARI-GAINEKOA

            Zure ontasunak, Jauna,
            eta ----ko Zaindari dogun
            zure Semearen Ama, Andra Mariaren laguntzak
            egin dagiela opari hau
            garapenaren eta bakearen erakarle
            bai guretzat eta baita gure herriarentzat ere.
            Jesukristo.


PREFAZIOA. 540. Aldatu: “Gaur, Maria Birjiñaren eguna izan da”

AZKEN OTOITZA

            Jainko ahalguztiduna, sendotu gagizuz
            ...-ko Andra Mariaren egunean
            ospatu ditugun misterio honeen sinismenean,
            eta Birjiña Mariagandik jaiotako
            Zure Seme Jesukristo
            Jainko eta benetako gizon autortzen dogun ezkero,
            emoiguzu bere mezulari ta autorle izatea lurrean
            eta zeruko pozetara heldu ahal izatea. Jesukristo.


AZKEN AGURRA

Mariaren Jaoitza eguna ospatu dogu. Zeruko Amari geure maitasuna eta esker ona agertu deutsaguz. Berak gorde gagizala bere babespean eta zaindu dagiala gure herria.


 

ANDRA MARIAREN JAIOTZA



Santuen ospakizun-eguna ez da mundu honetara jaio zirenekoa, betiko bizi berrira aldatu zirenekoa baizik. Andre Mariari dagokionean, ordea, jaio zeneko eguna ere pozik eta handikiro ospatzen dugu: sortzez garbia delako, betiko biziaren emailea berarengan gizatu zelako. Elizak aitortzen duenez: “Gaur jaiotzen da Izar argi bat, hain eder eta jainkozkoa, izarra izanik, Eguzkia Bera ere berarengandik jaiotzen da”. Erromako liturgian VIII. gizaldian agertzen da, “Iraileko Andre Maria” deiturarekin. Bai, gaur ospatzen dugu Ama Birjinaren jaiotza zoriontsua eta MARIA izen gozoa erantsi zitzaiona. Maria, den guztia Jesusi begira dago, eta dauzkan dohain eta edertasun guztiak Kristogatik eta Kristorentzat dira. Gure Amaren jaiotza dela-ta, asmatu ahalako bihozkadak botatzen dizkiogu. Horra Elizaren bihozkada batzuk: “Guztiz ederra zera, Maria... Nire aukeratua, Libanoko elurra bezain eder zuria. Nor dugu berau, eguzkia bezain argitsu datorrena? Jerusalengo alabak, beltzarana naiz, baina ederra”. Elizama pozez zorabiaturik agertzen zaigu: “Gaur jaio da Maria Dabiden jatorritik. Berarengandik etorri zaigu munduaren Salbatzailea, eta Berari esker, mundu guztia argitu da. Zure jaiotzak, Jainkoaren Ama Maria, mundu osoari alaitasuna ekarri dio”. Eta nondik dator Mariaren jaiotza irailaren 8an ospatzea? Jaiegun hau, Sortzez Garbiarena baino lehenagokoa da. Jaiotegunak bere egunean jarraitu zuen, eta Sortzez Garbiarena abenduaren 8an jarri zen. Bere jaiotzan hain handia den Maria, Jaungoikoaren eskuetatik atera den izakirik ederrena da. Izan ere gure artera, gure antzeko eginda jaitsi aurretik, bere eskuan zeukan bere Ama izango zen Maria egin ahalakorik ederrena egitea. Inork eduki badu, mundura etorri aurretik, munduan egiteko ederrik, Maria izan da. Amaren jaioteguna ospatzean, seme-alabok bere ederrez liluraturik, diotsogu: “Zorionak, Ama, zure jaiotegunez! Zorionak zure jaiotzak guztioi bizi berria iragarri digulako! Zorionak, Maria, Jaungoikoaren Ama zeralako... baita gurea ere!”.

 (Azalpen hau bidean.net wengunetik hartu dogu)

 

BIGARREN GOGOETA

Andra Mariaren jaiotzaren jaiak zerikusi handia dauka V. Mendean Jerusalenen, Betzatako urtegiaren inguruan, Santa Ana eta San Joakin-en etxe ondoan, eraiki eben elizarekin.
VI. mendean Ekialdean zabaldu zan jaia eta Erromaraino heldu Sergio I.a aita santuak ekarririk.
Erdi aroan oso herrikoi egin zan jaia.
VIII. mendean san Joan Damaskotarrak Andra Marairen jaiotzako jaian egin eban homilia oso ospetsua da:
“Zatoze, erduizue danok. Ospatu daigun alaitasunez mundu osoarentzat pozgarri dan jaiotza. Gaur, lurreko izatea aldaturik, zeru barria sortu da munduan. Gaur hasi da munduaren salbazioa”. Salbamenaren hasiera Jainkoak Maria Birjina bere Semearen Ama egin ebanean hasi zala, Mariaren jaiotza “salbamenaren itxaropena eta egunsentia” izan zan egiaz.
Horregaitik egiten dogu jai eta pozik gagoz gure Arteako parrokian eta herrian. Horregatik egiten dogu jai. Zeru barria sortu da munduan. Lur hau zeru itxuraz eraikitzeko deia. Alaitasun, askatasun eta alkartasunean.
Horregaitik egiten dogu jai kristauok. Jaia ez da opio bat edo komertzio gai bat guretzat. Jaso dogun bizitza eta zorion oso-osoaren ospakuntza eta agintzaria, esperantza eta indarra baino.
Zorionak!
(Iturria: Dionisio Amundarain, guk moldatua)
                                                            HIRUGARREN GOGOETA

 

Maria, gure ama, Mikeas profeteak esan dau zure Semea bedeinkazio bat izango dela jarraitzen deutsienentzat: «Lasai biziko dira eta bera izango gure bakea».

Begira, Ama, gure mundu honi: gerraz, indarkeriaz, liskarrez, heriotzaz lur jota. Erruki zaitez zorakeria honek eragindako biktimez, eta zuk, bakearen erregina, egizu halakotzat aitortzen zaitugunok izan gaitezela elkartasunaren eta adiskidetzearen eragile geure etxean, familian, lanean, gizarte eta lanbide-ingurunean.

Ikusi gagiezala bakegile lez, sekula ez zatiketaren, etsaigoaren eta bazterketaren eragile moduan.

Geure zorionerako, zure jaioteguna ospatzen dogun honetan erregutzen deutsugu.

Jaietan dagoan gure herria be zure eskuetan jartzen dogun. Jaiok alaitasun, askatasun eta alkartasun giroan ospatu dagiguzan.