Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 26 de agosto de 2016

Alayn eta Omran: Rufino Iraola

Hasteko, freska dezagun pixka  bat memoria pixka, mingarri izango bazaigu ere. Alayn eta Omran bi ume siriar dira. Ohar zaitezte lehenengoa hondartzan azaldu zela hilik, hauspez, itsasoko olatuek bultzaka ekarrita. Honezkero urtebete baino gehiago izango da. Gero eta biziago sentitzen dut eszena, batez ere bilobatxoa besoetan dudanean. Uste dut ez zaidala sekula ahantziko.
 
Bigarrenaren kasua, Omranena: oso berria, joan den astekoa-edo. Bost urteko umea, hanka gorrian, aurpegia hautsez eta odolez estalia, anbulantzian, begirada galdua, eskua masailera eraman eta odolez bustitzean, anbulantziaren eserlekuko tapizaren gainetik pasatu zuen, lotsaturik bezala, begirada zipitzik ere aldatu gabe. Gizagaixoa! Eta guk, urrundik, errukia besterik ezin eskaini! Eta eskerrak erruki horrek eramaten gaituen facebook eta twiterrean idaztera, gure solidaritatea eskaintzera. Baina horrekin bakarrik nahikoa al da? Zer gehiago egin dezakegu, ordea?

Ez naiz elizara asko joaten, oso gutxi, fededun sentitzen naizen arren eta nahiz eta nire fedea matizatu beharrekoa den: ez dut sinesten guri irakatsi eta presentatu izan diguten jainkoan, Jainko ez da esplika daitekeen ezer. “Si comprehendis non est deus” (San Agustin). Esplikazioak beste baterako utzita, esan dezadan elizan gauza abstraktu eta orokorrez, jeneraltasunez, hitz egiten jarraitzen dutela, eta hemen aipatzen ari naizen bezalako arazo eta problemek ez dute lekurik. Pena ikaragarria ematen dit eguneroko gertaera gordin eta bortitzak ebanjelioaren argitan ez tratatzeak.

Elizatik politikara irtenda, zer esan dezakegu? Alayn eta Omran bezalako ikonoek denbora gutxi irauten dutela Europa zuri honetan. Hasieran bai, telebista guztietan pasatu, baina segituan egingo dituzte hori ahantzarazteko moduak, programa “interesgarriago” eta deigarriagoak ipinita. Ados jartze (connivencia) totala dago gobernuen eta komunikabideen artean: gaur eman ezazue eta bihar moztu. Mundua ustelduta dago, eta GKE, misiolari eta kooperatzaileengatik ez balitz, ez dakit mundu honek  borobila izaten jarraituko ote lukeen ere.

Río de Janeiroko olinpiadak direla eta, izan da ekimen bitxirik: munduko sukaldari ospetsu batzuek Faveletera bidali dituzte eurek prestaturiko janariak. Ez dago gaizki, baina Favelak lotsagarriak direla esatea ere ez litzateke gaizki etorriko.

Era berean, Aita Angelek kulparik ez badu ere, hipokresia hutsa da Madrilgo etxe gabeak egun pare batez Santanderko Sardinero hondartzan egon direla egunkarietan, danborra joz, iragartzea. Aita Angeli txalo, baina beste batzuei txistu.

Rufino Iraola, bere blogean

No hay comentarios: