Gabon zorion, zorion gabon!

lunes, 1 de agosto de 2016

Argazkiak: Gorbeian, Igiriñaoko katedral naturalean, San Inazio 2016

Lainopean ospatu zan ihazko meza Gorbeian
Euri eta guztiz
geureari eutsiz
lanbro zein laino
gu Gorbearaino
Edurretako Andra Mari
zu gure zaindari
San Inazio lagun
Jesus jarrai dagigun!



Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.119 metrotara,  Bizkaian altuerarik handienean mezea ospatuko da, datorren domekan garagarrilaren  31n, eguerdiko 12:00etan, Elurretako Amaren baselizaren ondoan. Oraintsura arte domeka eta jai egun guztietan ospatzen zan mezea, uda-sasoian; gaur egun, San Inazio egunean baino ez.




Gurutze Gorria ihazko ospakizunean


Aurten be abestuko da zeanuriztarrek hango Andra Mariari egindako himnoa, Andra Maria Igiñakoa deritxana. Ospakizunean gogoan izango dira aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak. Amaitzeko, San Inazio martxa kantatuko da eta ondoren, Zeanuriko Udalak ohiko  barauskarri  ezaguna eskainiko dau: ardao zuria eta gailetak. Zeanuriko txistulariek euren doinuekaz alaituko dabe giroa toki zoragarriotara bertaratuko diran guztientzat. Ihaz, eguraldi txarragaitik, txistulariak ez ziran agertu, baina aurten ez dabe faltako!


Debozino edo fede handiagoko edo txikiagoko mezak izango dira; doinuz hobeto lagunduak edo ez…, baina ez jako inor gailenduko altueran Elurretako Amaren  baselizatxoan ospatuko danari. Ehunka lagun, mendizale eta artzain tarteko, batuko dira mezea ospatzera eta hamaiketakoa partekatzera. Arrigorriaga, Orozko, Galdakoa, Zornotza, Bilbo eta Arratia osotik etorritako jendea batu zan igaz landa-mezatan, gehienak tontorreko kurutzeari joan etorria egin ostean.



Baseliza txikia


 Edurretako Amaren baseliza porlanez eginda dago, upel bobeda modura eraikia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen dau, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten dau.


1924an, Areatzan abade egoan Eulogio Gorostiaga zeanuriztarrak hauxe idatzi eban, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia lan eskergan (II. liburukian, 406. orrialdean) gogoratzen deuskunez: “Baseliza hau oraintsukoa da; bere eskaintza egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala”. XIX mendearen amaieran egindako kapera dauka gogoan Gorostiagak, Zeanurin baseliza modura hartu ez zana. Ondoren, joan dan gizaldiaren hasieran bertan behera itxi zan.


Baselizatxo hau benetan txikia zan, barruan bi lagunentzako tokia baino ez egoan-eta. Hori dala-eta —halaxe gogoratzen deusku Gurutzi Arregik— On Benito de Atutxak baseliza handiagoa egiteko baimena eskatu eban “txangozale eta inguru haretako bizilagun apalentzat”. Planoak be gordetzen dira Labayru Ikastegian; baita baimen-eskaria eta dirua batzeko propaganda-batzordearen datuak be; baina ahalegina bertan behera geratu zan.



INFORMAZIO GEHIAGO: www.arratia.tk


      Bideo laburrak: https://youtu.be/9xkXs0z5k88

                                                                           https://youtu.be/IPYxplPSvfU

Meza ostean barauskarria banandu zan

No hay comentarios: