Goazen 2024 Jarri bidean

jueves, 28 de marzo de 2013

Nor gonbidatu Jesusen mahaira?



Eguen Santurako gogoeta 
 
Jesukristoren ebanjelioa Lukasen liburutik:

Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekin eta esan eutsen:
         «Benetan izan dot gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara zer dinotsuedan: ez dot gehiago Pazkorik ospatuko, hau Jainkoaren erreinuan bere betera heldu arte».

 
 Eta kaliza bat hartu, esker oneko otoitza egin eta esan eban:
         «Hartu egizue eta banandu zeuen artean. Hara zer dinotsuedan: ez dot gaurtik gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinua heldu arte».
         Gero, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu eta emon egin eutsen, esanez:
         «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
         Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez:
         «Kopa hau itun barria da, zuentzat isurtzen dan nire odolaz ezarria».

Jaunak esana!


Eguen santua. Eguen apartekoa. Gurena.
Afaltzeko gonbita daukagu, Jesusek berak gonbidatuta gagoz. Gu be gure etxera ez dogu edonor gonbidatzen bazkaltzen edo afaltzen. Jesusek gu bai. Eta Eguen Santu honetan, nor gehiago jesarriko dogu mahaiaren inguruan, Jesusen ondoan?
Mahaiaren inguruan, jatekoaz gain, zenbat kontu eta barri ez dogu entzuten, ez dogu ikasten! Mahaikide baten ondoan orduak labur doaz, gure bihotza zabaldu egiten da.
Eta Eguen Santu honetan, Jesusegaz mahaian nork erakusten dausku bere mezua ondo ulertu, sakondu eta zabaltzen deuskula?

Batzuk Asiatik ekarriko ditugu, Emauseko ikasleak, Kleofas eta bere laguna, baliteke senar emazteak izatea. Arrotzari bere etxera gonbidatuz, Jesus bera eduki eben mahaian afaltzen. Esku zabaltasun eta esker oneko eredua.
Ameriketatik Oscar Romero gotzaia gonbidatuko dogu. Domekean ospatu genduan bere martirioaren urte hurrena. Bere herriaren alde emon eban bizia.
Europatik, Xalbador bertsolaria, Xalbador artzaina, bere maitasun istorioa Jesusegaz bertsoz be entzungo dogu. Adiskide bertsolari bat eukitea gauza handia da, Jesusen laguna bada, aparteko suertea daukagu.
Eta azkenik, zu entzule, zu eta ni, Jesusen berbak gureganatuz egun zoragarri hau ebanjelioaren bidetik bizi eta bere alaitasuna zabaltzeko kapaz bagara, nahiz eta arduraz bizi edo gaixorik egon.

II.

Jesukristoren Barri Ona Lukasen liburutik


  Joiaen herrira heldu zirenean, Berak aurrera joialakoa egin eban. Baina hareek, gelditu azo gurean, holan esan: «Zagoz gurekin; berandu da eta eguna iluntzera doa». Eta sartu egin zan hareekaz egoteko.

Jaunak esana!



Jesus Emauseko ikasleen etxean sartzeaz batera, etxe hori euren etxe bihurtzen da. Konbidatua izan danak egiten dau orain konbitea. Arrotzari euren barru-barruraino sartzen izterainoko konfiantza emon eutsoen ikasleek euren anfitrioiaren barrukotasuneraino sartzeko aukerea dabe orain.

“Harekaz batera mahaian jarri zanean, ogia hartu, bedeinkatu, zatitu eta banandu egin eutsen”. Ez besterik, ohiko gauza… eta, hala ere, guztiz desbardina. Horretarako da ogia: hartzeko, bedeinkatzeko, zatitzeko eta banatzeko. Benetan, ezin gara bizi hartzen, bedeinkatzen, zatitzen eta banatzen dan ogi barik. Ogi barik ez dago alkarterik, ez dago adiskidetasun lokarririk, ez dago bakerik, ez dago maitasunik, ez dago itxaropenik…

Jesus gure etxeetara, hau da, argilunez jantzitako gure bizitzetara konbidatu eta gure mahaiburu izatea eskeintzen deutsagun bakoitzean, berak ogia eta kaliza hartu eta eskeini egiten deuskuz esanez: “hartu eizue eta jan, hau nire gorputza da. Hartu eizue eta edan, hau nire odola da. Egizue hau neure oroigarri”.

Jesusek ez dau beretzat ezer gordeten eta ez jako berak dauanari atxikitzen. Dauan guztia barra-barra emoten dau. “Jan…, edan…, hau nire gorputza da…, hau nire odola da…, neu naz hau, zeuoi eskeintzen naiatzuena”.

Ezaguna dogu guztiok geure burua mahaian eskeintzeko nahi hori. Hauxe dinogu: “jan eta edan; zeuontzat egin dot. Jan gehiago; gozatu dagizuen, indarrak hartu dagizuezan, zenbat maite zaituedan sentitu dagizuen da. Jaten emoteaz gain, geure burua emon gura dogu”. “Izan zaitez nire konbidatu”, dinogu. Eta norbaiti gure mahaira dei egitean, hauxe adierazo gura deutsagu: “izan zaitez nire adiskide, nire kide, nire maitasun. Izan zaitez nire bizitzako kide, zeuri eskeini gura deutsut neure burua…”.

Eguen Santuan, Jesusek dana emoten dau. Ogia ez da gure janari bihurtzeko gurariaren zeinu hutsa; kaliza ez da gure edari bihurtzeko gogoaren zeinua bakarrik. Ogia, hain zuzen ere, gure alde emondako gorputza da; ardaoa, bere odola da, gure alde isuritakoa. Jaungoikoa Jesusen bitartez agertzen jakun lez, Jesus Eukaristiako ogi eta ardaoan agertzen jaku. Gizakundea eta Eukaristia dira Jaungoikoaren maitasun itzel eta oparoaren adierazpen biak.

Horregaitik Jesusek ogia hartu, bedeinkatu eta banatu egiten deusku. Eta une horretan, ogia gure eskuetan ikusten dogunean eta ahora daroagunean jateko, orduan zabaltzen dira gure begiak eta ezagutu egiten dogu.

III.

“Casaldaliga ta Boff,
ta Camilo Torres,
Angelelli, Romero,
beste hainbat jendez,
pobreen alde azaldu
dira su ta garrez,
Ebanjelioari
erantzun beharrez”.
         (Bitoriano Gandiaga).
Nor dogu Romero hori, Bitoriano Gandiagak bere poeman aipatzen dauena “pobreen alde su ta garrez” ari dana Ebanjelioari zintzo izan eta zintzoki erantzun gurean bere bizia emon ebana?

El Salvadorren gotzai, ebanjelioaren alde eta pobreen alde jo ta ke ibiltzearren, 1980.eko martxoaren 24ean hil eben, meza ospatzen egoala.

Eguen Santuko Azken Afariaz zera dinosku: “maitasuna pertsona itxuraz dogu eguen santu hau. Gure tentaldietan ez daigun begiratu gorrotatzen diren gizakien eredua. Altxa begiak eta ikusi jatekoa egiten dan maitasuna, pazkoa egiten dan maitasuna”.

Eredugarria. Gotzaia izan arren bere maila apaldu eban herri pobrearen neurrira, Jainkoa gizon emakumearen mailara apaldu zan moduan. Bere bizi osoa ogi bihurtu zan, ogi, berba, laguntasun herri pobre eta pobretuaren alde.  Jesus hil egin eben moduan, Oscar Romero ere hil egin eben, bere Jainkoaren irudia gura ez ebenak, bere Jainko Aita ukatu ebenak.

Berau ere gaur hemen dogu, Eguen Santuko mahai honetan, gure zalantzak argituz, gure bihotzak berotuz.

IV.

Xalbador artzaina izan genduan. Eskola gitxiko bertsolari sakona eta fina, barnekoia, fededun zintzoa. Vatikanoko II. Kontzilioaren eraginez, Ebanjelioaren Jesusegaz bat egin eban eta otoitzean alkarrizketa  mamitsuak izan zituan beragaz, guri bertsotan opatu deuskuzanak:

“Zure laguna egin ezkero niretzat ez da nekerik,
Hain begirada samurrak emon deust konfiantzaz beterik;
ezen eskerik ez deutsut bada egiten neure baitatik,
ez kaztigua urrundu daizun, ez eta sari eskerik;
gaurkoz ez deutsut ezer eskatzen, amodioa besterik”.

Xalbadorren berbok erabiliz, Eguen Santu honetan, guk be gure laguntasuna barritu eta indartu gura dogu Jesusegaz. Ez gatoz mahai honetara zigorra urruntzeko eskatuz, ezta ere sari hau edo bestearen bila. Amodioa, maitasuna eskatzen deutsagu, maitasuna gizon egin dan, Oscar Romerok esaten ebanez, maitasuna gizon egin dan Eguen Santu maitagarri eta kutun honetan.

Jesus lagun, ez dogu nekerik. Bizitzak baditu bere ardurak eta gorabeherak. Jesus ez dogu atajo edo bide labur bat arazoak saihesteko, Jesus argi dogu bidea asmatzeko, indar dogu bidean aurrera egiteko!

V.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik  (Jn 13, 1-15)

Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan.
Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak sartu eutsan buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, jakinik Aitak dana bere esku jarri eutsala, Jainkoagandik etorri zala eta Jainkoagana joiala, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.
Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutsan: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutsan: «Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu».
Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz zerikusirik izango».
Simon Pedrok esan eutsan: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun eutsan: «Garbitua hartu dauanak ez dau oinak baino garbitu beharrik, guztiz garbi dago-eta; eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze guztiok garbi».
Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu ere, halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere alkarri oinak garbitu behar deutsazuez. Jarraibidea emon deutsuet, zuek ere Nik zuekaz lez jokatu dagizuen».

Jaunak esana!

Eta gu? Eta zu? Eta nik?

Guk ere behar dogu Eguen Santuko mahai bueltan gure tokitxoa hartu. Jesarri mahaira. Ogia banandu. Fededun handien testigantza jaso: Emauseko senar emazteak, Oscar Romero gotzaia, Xalbador bertsolaria… Eta gure artean dagozan hainbat eta hainbat fededun apal eta txikien testigantza aparta eta eskertzekoa esker onez aitortu eta onartu. Eurokin egiten dogu Eguen Santuko azken otoitz hau:

“Adiskideekin afaltzea, kezka barik bihotza irekitzea,
oinak garbitzea gozo-gozo eta errespetuz,
alkarrekin jandako ogi samur eta edandako ardo barri bihurtzea.
Jainkoaz mozkortzea, eta gauza bera egitera guztiak gonbidatzea.

Gaixoak bisitatzea,
adineko jendea eta haurrak jagotea,
gose danari jaten
eta egarri danari edaten emotea,
presoak eta gatibuak askatzea,
biluzi dana janztea,
etorkinari eta galdua danari ongietorri egitea,
hildakoari duintasunaz lur emotea.
Bizi direnez ez ahaztutea,
eta gauza bera egitera guztiak gonbidatzea.

Ez dakienari irakastea,
behar dauenari aholku ona emotea,
oker dabilena bideratzea,
irainak eta lotsabakokeriak parkatzea.
Triste dana kontsolatzea,
hurkoaren ahuldadearekin pazientzia izatea.
Adiskideen alde eta arerioen alde Jainkoari eskatzea,
eta gauza bera egitera guztiak gonbidatzea.

Zuzenaren alde lan egitea,
bake iraunkorra bilatzea,
armei «ezetz» esatea,
geure diru-kontuak eta poltsak murriztea,
limosnak handitzea.
Azkeneraino maitatzea,
eta gauza bera egitera guztiak gonbidatzea.

Baso bat ur eskaintzea,
hitz kontsolagarri bat eskaintzea,
lege zuzenbakoak salatzea,
zauritua lepoan hartzea
familiakoa ez bada ere,
neure etxetik eta ingurunetik
−zoko, talde, gaztelu− urtetea.
Huri bat eraikitzea guztientzat,
eta gauza bera egitera guztiak gonbidatzea.

Ebanjelioaren araberako nahasmendua harrotzea.
Hark gu bezala maitatzea,
eta gauza bera egitera guztiak gonbidatzea.

Keinu batek soilik, batek soilik, egiten deutso gainezka
bizi-iturritzat eskaini deuskuzun maitasunari.
Gu hartu eta garbi gaizan ixten badeutsagu, garbi izango gara, bainatu barria dan umea lez, zure altzoan atseden hartzeko.

Garbitu nagizu, Jauna!
Garbitu gaizuz, Jauna! “
         (Florentino Ulibarri)

Arratian, 2013-03-28an


No hay comentarios: