Gora Zu, nire Jauna gora!

domingo, 7 de junio de 2026

Gorpuztitik harago...

 

Danok ezagutzen doguz kafe urtugarri edo solublea, esnea hautsetan edota lapikoari botatzeko pastilak. Gauza txiki batek urtuz, esnetuz edo lapikotuz, gustua, kolorea, zaporea, bizia emoten deutso ur, esne edo saldeari. Antzekoa da eukaristia edo mezea. Astean zehar ospatzen dogun ordu erdiko eukaristia. Asteko gure bizitza osoari emoten deutso iparra, indarra, kolorea, gustoa, bizia.

Horretarako eukaristiak hiru zutabe edo oinarri izan behar ditu kontuan. Hirurak elkar osagarriak. Bata falta ezkero, errenka geratzen dan aulkiaren moduan geratzen da gure kristau bizitza.

Jainkoa gurtzea, ikasleen senidetasuna eta mundua zerbitzea, batez be behartsu, pobre edo txiroak.

Gure Aita-Ama dan Jainkoa gurtu otoitzaren bitartez, bere nahia betez, gure konfiantza osoa Beragan jarriz, gure bizitza osoa Berari opatuz.

Senide lez bizi gure ingurukoakaz. Maitatuz, lagunduz, parkatuz.

Gizartea serbidu, batez ere pobreak, eurekaz elkar banatuz astia, dirua, balioak, fedea.

Hirurak bat. Hirurak batera. Holantxe gara Jesusen jarraitzaile, ikasle, kristauak.



Eukaristia guztietan, eukaristia bakoitzean, nahiz eta tristea izan, hiru gauza horreek bizi doguz era kontzentratuan: gurtza, senidetasuna eta zerbitzua. Gure nortasuna, sikologia eta historiaren arabera, joera izaten dogu  batera edo bestera. Hirurak aintzat hartu behar ditugu. Eta gure bizitzan urtu, gure bizitzari  iparra eta indarra, kolorea eta gustua, argia emoteko.

Eukaristia guztietan Jainkoa gurtzen dogu. Gugaz eta gugan bizi dau Jesusek bere bizitza osoa, bere bizitza emotea. Gugaz eta gugan barriztatzen dau Aitarengan daukan konfiantza osoa, erabatekoa, bete-betea. Gugaz eta gugan dei egiten deutso Aitari, berba egin eta entzun.

Eukaristia guztietan bizi dogu senidetasuna. Jesus gure alde bizi da eta emoten jaku. Eta holan elkar maitatzeko bere sentimenak, jokabidea, jarrerak. Bere maitasunaren odola dabil gure zainetan, eliza osoan, bizitza zabalduz, hedatuz, ugarituz.

Eukaristia guztietan bizi dogu serbitzua. Mundua salbatzeko bizi eta hil zan Jesus. Gure aldeko bere bizi izatea eta hiltzea barriztatu egiten da meza bakoitzean. Hau da, guri emoten jaku zerbitzeko indarra, joera. Ez gaitzen zerbitzuan nekatu. Gure bizitza ez dadin gure burua zerbitze hutsa. Ez gaitezen besteez zerbitzatu, eurak zerbidu baino.



Ospakizuna amaitzerakoan, kafe solublea esnean galtzen dan moduan, berton ospatu dogunak gure bizimoduari estiloa emon behar deutso. Ez da hau inoiz erreza izan. Gaur egun ere ez. Ospakizunean hartzen dogu indarra gure bizitza bide honetan jartzeko. Ez onak edo hobeak garelako. Jainkoak maite gaituelako baino. Ez okerrak edo txarrak garelako. Jainkoak bere ume lez maite gaituelako baino.  

 Arriskua. Gure arrisku nagusia hau da, produktu ezin hobea gordeta eduki eta galdu bere balioa. Mezatan edo ospakizunean bizi izan doguna parrokia barruan itxi. Ebanjelioa bizitzeko da. Urtu. Esnetu. Saldatu. Bizitzara eroan bere balio osoa bizi eta aprobetxatzeko. Ez gaitezen bete mezu eder honegaz gero eguneroko bizimoduan hau bizi barik. Ez dadila kadukatu, gero!





No hay comentarios: