Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 29 de marzo de 2013

Bariku Santuko otoitzak eta poemak: Xalbador eta beste batzuk



1 - Jesus, kurutzeaz kargaturik zamatzaten egun huntan,
Gogoz izan naiz zure ondotik Galbarioaren puntan ;
Han ene buruari behatuz, hara zer ikusi dutan :
Zu itzatzeko burdin zorrotzak naramatzala eskutan.



2 - Aitortzen dut nor zaitudan bainan aitormen xoila bakarrik,
Zure aski maitatzeko ez du ene bihotzak indarrik ;
Bekatuari estekatua naukate hainbat lotgarrik,
Deus egin gabe zu beiratzeko kurutze dorpe hortarik.

3 - Sortzetikako jaidura txarra da ene hutsen iturri ;
Jainko Semea zarenaz geroz baitakizu denen berri,
Gizoner gorde izan dut bainan nola gordeko dut Zuri
Ardurenik zer izaiten duen ene gogoak hazkurri ?

4 - Zure Aitaren eskuetarik badut kargu bat ukana :
Bertutearen predikatzea gizonen artean barna ;
Alegiazko kartsutasunez egiten dut ene lana,
Bainan Zu eta ene burua ezin dezazket engana.

5 - Bake hitza ene ezpainetan nork ez ote du entzuna?
Bainan barnetik etzaut ixiltzen hisiaren oihartzuna.
Nekeak utzi bertzerendako, enetzat errextasuna,
Horra hor ene karitatea, horra ene maitasuna.

6 - Norbait ikusten badut ni baino dohatsuago bi mailez,
Gizarteari oihuz ari naiz zuzentasunaren galdez ;
Aldiz ene bihotzak funtsezko urrikalmendurikan ez,
nik jakinean pairamenetan bizi diren dohakabez.

7 - Ixildu dut zure burregoez elgar zagutzen dugula,
Horra naizen dohakabe hunen bertutearen ahula !
Badakit Jondoni Petrik ere lan bera egin zautzula,
Bainan nik haren urriki minik ez dut senditu sekula.

8 - Hau da sinesmenaren argia ahulezian hurtzea !
O, Jesus ona, ilunbe hunen iraupenaren luzea !
Noiz onartu behar derautazu ene soinean hartzea
Zur’eskuinean itzatu zuten ohoinaren kurutzea ?

9 - Jauna, suntsi dezazun ni baitan, egiten dautzut galdea
Hoinbertze bere gostuko sugai erretzen duen labea ;
Bihotz berri bat eman zaidazu, o zeru lurren jabea,
Ene jaidura gaixtoek egin karramiskarik gabea !

 Fernando Aire Xalbador

Doinua: Haurtxo txikia


Erramuz ez ezik, Jesus,
jarrai diezazudala
baitere Ostiral Santuz.

Errege zara Erramuz,
hiltzera kondenatua,
ostera Ostiral Santuz.

Erramuz ez ezik, Jesus,
jarrai diezazudala
baitere Ostiral Santuz.

    Bitoriano Gandiaga


Eta bakardade latza.
Oi, zelako bakardade
harri hotzezkoa!

Eta zer isiltasuna
darion ikaragarri
orma mutuan behera,
inongo laguntza bako
Ama Semeen desanparo
Ostiral Santukoari.

Bitoriano Gandiaga





Zu, Jesus, Mesias zara
eta Jainkoaren Seme,
Zu, Jesus, Mesias zara.
Maite zaitut zeure aintzan,
baita gurutzean ere.

Zeurekin noa Erramuz,
zeurekin Ostiral Santuz,
zeurekin, zeuri jarraituz,
gizakion salbamena
zeu zarela ohiukatuz.

Bitoriano Gandiaga



Zure maitasunaren oroitzapenetan
(Ostiral Santua)


Aita ona, non aurkitu zure maitasuna?
Munduaren saihetsetan
nola senti ditzakegu
zure bihotza eta bere taupada arinak?
Nola, sekula ez baitzaitugu ikusi,
eta, lur honetakoa izanik,
zure Erreinuan baitzara bizi?

Jesusek esango digu.
Jesusek oroitarazten digu zure maitasuna:
ekarri eta eman egiten digu.
Berak agertzen digu
nola maite dituzun gizon-emakumeak,
zenbateraino maite gaituzun,
nola eta zenbateraino maite nauzun.

Hor dago, gurutzean,
odola oraindik bero,
lurrean erortzen,
gure lurra bustitzen,
lurra emankor egiten.
Abrahamen seme-alabak sortuko dira lur honetan!

Hor dago, zitalkerian eskegita.
Ez al zenuen libratzerik izan?
Babesgabe utzi zenuen.
Indarkeriak eta amorruak jota,
behin betirako
bere izena ere galtzeko arriskutan.
Ez al zenuen libratzerik izan?

Berarengan ez zen Zurerik ez zenik.
Zure dirdai berbera zen,
zure aurpegiaren ispilu argia.
Beragan zeunden Zu,
osorik.
Zergatik bertan behera utzi,
txikituta, birrinduta,
gorrotoaren menpe?

Maitasuna zen bera,
goitik beherakoa.
Zain eta muin maitatu zuen:
bakearen gozotasunean
eta gatazkaren abarrotsean.
Maitasunaren irakitan bizi izan zen.
Jasangaitz hasieran,
jasanezin bilakatu zen.

Hantxe bertan zeunden Zeu ere.
Iltzeetan,
odolean,
gorputz urratu eta zatituan.
Han zegoen zure maitasuna,
Jesus leherrarazi arte.
Bere gorputzak leher egin
eta zure maitasunak zipriztindu gintuen.
Bizia bera zena,
horra hor guztiz hondatua!
Garaitua, lur jota, eroria, morroi egina.
Baina gero garailea, goratua, Jauna.

Jesus, zure maitasunaren oroitzapena.
Berari esker dakigu
nola maite dituzun gizon-emakumeak,
zenbateraino maite gaituzun,
nola eta zenbateraino maite nauzun.



Oroimen iraultzailea (Ostiral Santua)


Jesus, oroimen iraultzailea!
Odolez markatutako oroitzapena,
gurutziltzatuaren oroimena,
indar publikoak eraila
legezkotasunaren itxuraz,
gaizkile bezala,
bi lapurren erdian josia.
Zure heriotza, azken maila
maitasun iraultzailearen kate luzean.

Maitatu egin zenuen,
besterik gabe,
su eta gar.

Askatasuna eta askapena aldarrikatu zenituen.
Azkeneko egin zinen,
azkenekoek lehenak izan daitezen.

Babesgabeak babestu
eta lege santuak hautsi zenituen
maitasunaren lehia bizian.

Tenplua, gizartearen bihotza borrokatu zenuen,
espiritu eta egiazkoa eraikitzeko.

Uko egin zenion garaile ateratzeari,
segurantzari jaramonik egin gabe,
maitasunaren presaz.

Sinetsi egin zenuen, zalantzarik gabe.
Maitasunaren taupada zen zure sinesmena.
Eta eskegi egin zintuzten,
guztien lotsagarri.

Den-dena eman zenuen.
Eta misterioa argitu zenuen:
Maitasun bat, Etxe bat dugula,
ezin duguna ere itxaroten duena gugandik.

Basamortuan nabaritzen den zure gurutze argitsuari begira,
ahotsak elkartu eta abestu egin nahi dugu:
Adoratzen zaitugu, Jauna!




Misterioaren aurrean ahozpez (Ostiral Santua)


Itxuragabetu egin dute Jesus!
Bere bizitza osoa azaldu dute
zehatz-mehatz.

Ez duzu ezelango interesik sortzen, Jesus.
Jadanik ez duzu zatiketarik sortarazten.
Ez duzu inor aho zabalik uzten.
Azaldu da misterioa,
eta den-dena ulertu dugu.

Gurutzean hil zuten,
baina berpiztu egin zen.

Legearen aurka jo zuen,
baina Jainkoa zelako.

Min handiak jasan zituen,
baina gero gozatu egingo zuelako.

Zalaparta sortu zuen,
baina orduan ez zutelako ulertzen.

Heriotzara kondenatu zuten,
baina errakuntza izan zen.

Fariseuak salatu zituen,
baina faltsuak ziren.

Larunbata hautsi zuen,
baina juduek lapurzulo egina zuten.

Ez duzu ezelango interesik sortzen, Jesus.
Jadanik ez duzu zatiketarik sortarazten.
Ez duzu inor aho zabalik uzten.
Kutxatila zabaldu
eta misteriorik gabeko misterioa agertu da.
Baina ez, behin eta berriro ez.
Bahitu egin zaituzte,
eta nik askatu egin nahi zaitut,
zaren bezala, azalpen handirik gabe,
osorik,
teologia edo liturgiazko apainduriarik gabe.

Biluzik nahi zaitut, Kristo,
lehen, orain eta betikoa,
erronkari eta adiskide.
Ulertezina!
Azalpenez kokoteraino nago.

Ez azaldu, mesedez, misterioa,
ito egiten baituzue.
Azalpena gezurra da!
Onena ere bai!

Misterioaren aurrean bakarrik egon nahi dut,
egon adoratzen.

Begiratu ikusi gabe.
Aztertu ulertu gabe.
Jan eho gabe.
Ez dut Jesukristo eho nahi.
Alde hemendik, teologo eta eliza guztiok!
Misterioaren aurrean bakarrik egon nahi dut,
egon adoratzen.

                                    * * *

Gurutzean hil zen heriotza merezi zuelako,
eta ez berpiztuko zelako.

Legearen aurka jo zuen legerik gabe bizi izan zelako,
eta ez Jainkoa zelako.

Min handiak jasan zituen asko maitatu zuelako,
eta ez gero gozatuko zuelako.
Zalaparta sortu zuen zalapartaria zelako,
eta ez ulertzen ez zutelako.
(Hobe ez!).

Heriotzara kondenatu zuten heriotza-zigorra merezi zuelako,
eta ez errakuntza izan zelako.

Fariseuak salatu zituen
ekintzak eta legea zituztelako oinarri,
eta ez faltsuak zirelako.

Larunbata hautsi zuen,
egun hori gizakiaren onerako egina delako,
eta ez juduek neurrigabeak zirelako.

Tenpluaren aurka joan zen, sinesmena delako tenplu bakarra,
eta ez lapurzulo bilakatu zutelako.

* * *

Alde hemendik!
Denok!
Utz nazazue bakarrik berarekin.
Utz nazazue bakarrik,
estalperik gabe,
berarekin.

Ez azaldu, mesedez, ezer.
Alde hemendik
Eta utz nazazue bakarrik.

Misterioaren aurrean bakarrik egon nahi dut,
egon adoratzen.

Eta jarraitu, zuri, beti, beti,
zure beroz, berotan, aurrera…



Tortura (Ostiral Santua)


Itsumustuka noa, Jauna, itsumustuka,
hormari helduz,
harriekin estropezu eginez,
torturen berri dudan bakoitzean.

Itsumustuka noa orduan,
orduantxe bakarrik noalakoan itsumustuka.

Eklipsea dator,
oso-osokoa,
argi-indarrik ez,
lainoa beheraino
eta ez dut ezer ez inor ikusten,
berton egon arren.
Ostiral Santua da munduan.

Ez dago argirik,
ez dago ez gizon ez emakumerik,
ez dago inor, inortxo ere ez.
Ez da etxerik gabeko mundua,
baizik eta hutsaren amildegia,
harren mundua,
jenderik gabea.

Eta aurrera egin nahi dut
sinesten,
maitatzen…
Nor baina?
Maitatzen aurrera egin nahi dut
norbait izateko.

Gorpuak maitatzen,
gorputz triskatuak,
hamaikatxo orratzez zulatuak,
mamu itxurakoak.

Eta torturatzaileak
eta hauen lagunak ere
mamuak besterik ez dira,
egiazkoak ez dira, ezin dira izan!

Norbait! Norbait ikusi nahi dut,
hitz egin,
maitatu,
ezer ikusten ez dudanean,
norbait badagoela sinetsi arren,
Norbait!
Jaun Gurutziltzatua, harra…

    Patxi Loidi


Kalbarioko Kristoari


Arratsalde honetan, Kalbarioko Kristo hori,
eskean natorkizu, nire haragi gaixoaren alde;
baina Zu ikustean, lotsaz dabiltza nire begiak
batetik bestera, zure gorputzetik nirera.

Nola erakutsi nire oin nekatuak,
zureak birrinduta daudela?
Nola erakutsi nire esku hutsak,
zureak zauriz beteta ikusirik?
Nola azaldu nire bakardadea,
gurutzean eskegita eta bakarrik zaudela?
Nola aitortu nire maitasunik eza,
dagoela zure bihotza zulaturik?

Jadanik ez dut ezer gogoratzen,
alde egin dute nire minak.
Nire lehenengo eskearen kemena
ito egin zait nire aho eskalean.
Eta Zuri ezer ez eskatzea eskatzen dut,
hemen zure irudi hilaren ondoan egon ahal izatea
eta ikastea mina dela
zure ate santuaren giltza santua.

                                               Gabriela Mistral


 

No hay comentarios: