Espiritu Santua Mendekoste Jaia

domingo, 20 de octubre de 2019

Erlijio gaia EAEko hezkuntza publikoan: HEMEN aldizkaria 63




Joxin Iturriotz

            Laikotasunaren definizioak luze joko luke. Nire iritziz, laikotasunak, pentsaera guztien babesle den heinean, bere barnean behar du erlijioaren errealitatea, erlijio zehatz bati nagusitasuna eman gabe. Laikotasunak ez du ateismoa bakarrik bereganatu behar. Azken batean, ateismoa oinarrizko galderei emandako erantzun bat gehiago da. Erlijio guztiekin batera, beste erantzun bat gehiago. Laikotasunak guztiak berdintasunean jaso behar dituelakoan nago.


            Erlijio irakaslea naiz. Ez naiz irakasle finkoetakoa. Ordezkaketak egiten dihardut hezkuntza publikoan. Nire esperientziaren araberako ondorioak eta etorkizuna plazaratu nahiko nituzke.

            Hasteko, erlijio gaia ez dagoela modan nabarmena dela badakigu. Ikastetxe gehienetan aurkituko ditugu erlijioaren gaia ezabatu nahi duten irakasle eta zuzendaritzako kideak. Bi dira horren arrazoiak. Lehenengoa ikastetxe bertako antolaketa sisteman eragozpen handiak sortzen dituela. Erlijio gaia hautazkoa izanik, taldeak, ordutegiak, banaketak egiteko asko konplikatzen da egoera. Esan dezakegu antolaketa bera dela konplikatua, baina egia da erlijioaren aldagaiak antolaketan asko eragiten duela erabakiak hartzeko orduan.

            Bestea, konfesionaltasuna da. Hau da, guk, ofizialki, ez dugu erlijio gaia ematen, erlijio "katolikoa" baizik. Eta horrek eztabaida luzeetarako ematen du: "Publikoa den aldetik, hezkuntzak ez luke konfesionaltasuna barneratu behar. Hezkuntza publikoak laikoa behar du".

            Hezkuntza publikoaren laikotasuna defendatzen dutenak bi multzotan banatuko nituzke, zatitzeko marra lausoa baldin bada ere. Hau da, laikotasunaren definizioa modu ezberdin askotan egin daiteke, baina ni bi arlotara mugatuko naiz, artikulu hau ez baita laikotasunari buruz. Multzo bat litzateke erlijio gaia, edozein dela formatua, modua, presentzia..., oso-osorik hezkuntza publikoaren sistematik baztertzearen aldekoek osatzen dutena. Praktikan, laikotasuna ateismoaren defentsarekin lotzea litzateke orokorki. Nire ustez, gaizki ulertutako laikotasuna litzateke. Laikotasunak, besteak beste, guztion aukera berdintasuna esan nahi du, inori lehentasuna eman gabe, baita erlijio arloan ere.

            Bigarren taldea erlijioaren presentzia onartuko luketenek osatzen dute, erlijioa orokorrean, noski, ez kristautasuna, islama, eta horrelakorik. Kultura erlijiosoa, besterik gabe, nolabait esateko. Konfesionaltasuna kenduz gero, nolabaiteko erlijio gaia ematea onartuko lukete. Badira defendatzen dutenak artearen gaian, filosofian, historian, etab., erlijioa dagoeneko sartuta dagoela. Baina guzti hauen arazoa ez da erlijioaren gaia, konfesionaltasuna baizik.

            Laikotasunaren definizioak luze joko luke. Nire iritziz, laikotasunak, pentsaera guztien babesle den heinean, bere barnean behar du erlijioaren errealitatea, erlijio zehatz bati nagusitasuna eman gabe. Laikotasunak ez du ateismoa bakarrik bereganatu behar. Azken batean, ateismoa oinarrizko galderei emandako erantzun bat gehiago da. Erlijio guztiekin batera, beste erantzun bat gehiago. Laikotasunak guztiak berdintasunean jaso behar dituelakoan nago.

            Antolaketa dela eta, esan beharra daukat hezkuntza publikoan martxan dagoen ordezkaketa sistemak ez duela balio erlijio gairako. Hautazkoa izanik, irakasle berri batek ezin du erlijio gaira mugatu. Bizi behar badu, bestelako hautua egin beharra dauka. Erlijio gaiak ezin dio ziurtatu urteroko lanik, are gutxiago ihardunaldi osoko lanik. Egoera, baina, hori baino gordinagoa dela deritzat. Gaur egun dauden irakasle gehienak finkoak dira, eta ihardunaldi osoa ziurtatuta daukate, transferentziaren akordioan jaso zenez. Baina irakasle horiek utzi ahala (jubilazioak, uzteak, bajak...), ordezkatu behar dutenek ez dute izango ez finkotasunik, ez ihardunaldi osorik (ez esateagatik erlijio gaiaren oposaketarik inoiz ez dela izango, gaia hautazkoa den neurrian). Eta baldintza horietan ez da irakaslerik izango. Hau da, urte batzuk barru, arazo nagusia ez da izango erlijio gaiaren aurkako jarrera, dauden taldeentzako irakaslerik eza baizik. Gaur egungo antolaketak gero eta zailtasun gehiago izango ditu erlijio irakasleak bilatzeko. Berriro diot, erlijio gaiaren arazoa ez da izango ikasleek hautu hori egin nahi ez izatea, hautu hori egin dutenentzako irakaslerik eza baizik.

            Egoera zail honetan, irtenbideak ere ezin dira errazak izan. Laikotasunaren aldekoei arrazoia eman beharra dagoela deritzat, hezkuntza publikoan konfesionaltasuna ez dela egokia diotenean. Baina hori esanda, aitortu behar da edozein hezkuntza sisteman erlijioaren gaiak presente izan behar duela, ezinbestean. Ez da posible pertsonaren alderdi garrantzitsuenetakorik gabeko hezkuntza sistema bat. Pertsonaren oinarrizko galderek, eta emandako erantzunek (ateismoa barne) pertsonaren heziketan ezinbestekoak behar lukete. Pertsona bat bizitzarako analfabetoa litzateke berak ere badituen kezka eta galderei emandako erantzunik ezagutu ere ez balitu egingo. Edozein heziketa prozesuk ziurtatu beharko luke gutxiengo ezagutza bat arlo horretan ere.

            Frantzian, François Mitterrand aginteburu zenean, ikerketa agindu zitzaion Régis Debray filosofo eta idazle marxistari. Bertan, Frantziako gobernuak eskolan erlijio gaia ematearen egokitasunari buruz txostena egin zezan eskatu zion[1]. Debray-ren ondorioa izan zen erlijio gairik gabeko eskola hankamotz gelditzen dela. Hau da, heziketaren arlo handi bat osatu gabe gelditzen dela erlijio gairik gabe. Gaur eguneko gizartea ezin da ulertu erlijioek, orokorrean esanda, eta beraien erakundeek egin dutena eta izan duten eragina ezagutu gabe. Beraz, erlijioa gaia ezinbestekoa dela hezkuntza publikoan. Zoritxarrez, informe horretan dakarrena ez du indarrean jarri Frantziako gobernuak.

            Baina irtenbideak bide horretatik etorri behar duela uste dut. Erlijio gaia ezabatzea ez da irtenbidea, hutsune ugari lituzkeeelako. Esango nuke egun dagoen erlijio eta balore etikoen hautazko sistema ere ez dela egokiena. Ikaslearen, eta pertsona ororen, garapenerako ezinbestekoa da oinarrizko galderei emandako erantzunak ezagutzea[2]. Irtenbidea derrigorrezko erlijio gaia ematea da. Erlijioa, orokorrean, ez erlijio katolikoa, edo beste erlijio konfesionalak.

            Horretarako, konfesionaltasuna baztertu beharrekoa da. Eta ez bakarrik erlijioaren gaiak jarrai dezan hezkuntza publikoan, gizarte laikoan bizi garelako baizik. Eta horrek berdintasuna esan nahi du guztiontzako. Baina ez dirudi gotzaiek prest daudenik horretarako. 1979ko konkordatoak eman zien botere maila horri eutsi nahi diotela dirudi, nola edo hala. Elizak ere egokitu beharra dauka, bere lana ondo egingo badu. Hortan ere sakondu beharko genuke.

            Eta erlijio gaia derrigorrezkoa da gazteek, eta orokorrean, pertsona guztiek, heziketa osoa jaso dezaten, edozein dela ere egiten duten bizitzako aukera. Kultura erlijiosoaren antzeko zerbait esango lukete laikotasunaren aldekoek. Nik nahiago dut erlijioaren fenomenologia proposatu. Alde batetik erlijio bakoitza nolakoa den ikusi eta ikasi, eta bestetik erlijio guztiek dituzten antzekotasunak eta sinbolo komunak aztertu. Baina eztabaida horretara iristeko gehiegi falta zaigu oraindik.
Joxin Iturriotz


[1]          Régis Debray, L’Enseignement du fait religieux dans l’école laïque. Rapport au ministre de l’Éducation nationale. (Préface de Jack Lang), Paris, Odile Jacob, Franche-Comté, SCEREN, 2002ko apirila, 60 orrialde. Gaztelaniaz: La enseñanza del hecho religioso en la escuela laica. Religión y Escuela aldizkaria, 2002 urtea, 163 zenbakia, 18-19 eta 27-32 orrialdeak.

[2]          "... es necesario que la historia de las religiones sea enseñada de manera aconfesional y crítica; ... como interrogación y búsqueda sin fin, como llamada al respeto y la bondad, como invitación a la paz y la tolerancia", in Joxe Arregi: Laicidad. Haran 11. Erein, Donostia, 2014. 32. orr.

Artikulu hau HEMEN erlijio gogoetarako aldizkarian argitaratu da, 63. zenbakian. Egilearen baimenaz ataratzen dogu hemen. Eskerrik asko Joxin!

No hay comentarios: