Talatik

martes, 1 de septiembre de 2026

Urte berdeak

 



Urte berdeak etorri jakuz
zahartzaro atarian,
ametsak eta handi usteak
apurtzen diran zorian.
Zer aukeratu jakin behar da
egoera urdurian,
urte berdeak zer diran bada
itxiko dot agirian.

 

Gure Elizak ospatzekotan

nagusi dauz lau kolore,

jarrerak eta jarraibideak

erakusteko dotore.

Gorria, zuri, more, berdea

sorta bereko lau lore,

bizitza eta urtaroari

emonaz argi, adore.

 

Martiritzaren kolore gorri

irudikatuz odola,

sufrimendua eta nekea

gizakiaren eskola.

Zalantzak, dudak, nora ezeak

izerdia dariola,

aldi berean bizitza dakar,

handi bihurtzeko ola.

 

Gorriak pasa nebazan iaz

ebatzia hartu behar,

lo egin barik ordu luzeak

gaua laster amaitzear.

Esanekoa bete ezkeroz

Gernikan onik balekar,

errespetua, elkarrizketa

ez al dira eginbehar?

 

Aintza, garaipen ederragotzen

kolore zuri txukuna,

argi guztien iturri dana

apala eta bakuna.

Jai handietan, zeru kolore,

otoitzean jakituna,

garbitasuna, zintzotasuna

azaltzen argi kutuna.

 

Zuri zuritan igaro dodaz

aurten hileak hamabi,

nire herria, nire famili

atseden gozo ta kabi.

Parrokietan zorrak larregi

eta ateak ugari,

astiro baina aurrea goaz

itsasoan arraunlari.

 

Morea dogu penitentzia

deia bihotz barritzeko,

abendualdi, prestatze aldi

gabona datorreneko,

garizuman be sasoi egoki

aste santua atzeko,

etorriko dan poztasunaren

eginaz horren eskeko.

 

Datorrenaren itxarotean

emoten dogu denpora,

datorren hori ederra bada

egoten gara gustora,

datorren hori txarra izanik

iges egin, baina nora?

Jesusen hitza, ta elkartea

horreekaz edonora.

 

Kendu gorria, borra zuria,

morea be ezabatu,

geratzen jaku urte osoan

berde apal bedeinkatu.

Egunak eta asteak gero

urteak ere zenbatu,

guztiak dira, bere kolorez,

Jaungoikoaren ostatu.

 

Berdetasuna azalduko dot

bertso sorta argibide,

nire bizitzan lau zutabetan

adierazo leikide,

lehen lehena, orain ta gero,

lagunduz edozein bide,

epaitu barik, beti laguntzen

famili eta senide.

 

Bigarrena da ordu askotan

izan dodan lantokia,

batzutan emon, sarritan hartu,

hartuemon egokia,

ume, guraso, edadetuak,

familia jainkotia,

ameriketan, euskal herrian

izandako parrokia.

 

 

Galdakaotik Palenqueraino,

itzuli gero gurera,

Garai, Durango, ta Arratia

handixek Gernikaldera.

Orain Bermeo, gero nork daki

batera eta bestera,

inon ta inoiz ahaztu barik

euskal herri ta euskera.  

 

Arrakasta ez dozu topako

sakonduz Jesusen Hitza,

horra begira iruditen jat

elizan buruzagitza.

Zenbakiekin liluratuta,

erdaldundurik bizitza,

euskaldun apal herri honegaz

leial izango balitza!

 

 

 

 


No hay comentarios: