Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 6 de abril de 2023

Alkarregaz jatea Jainkoaren Erregetza da: Eguen Santurako gogoeta

 


Ostegun Santuaren erdigunea dugu  “Jaunaren Afaria, “Elizaren beraren sakramentua” (Karl Rahner), “gainontzeko sakramentuekin bat eginda eta ordenatuta dagoena”, “Elizaren ondasun espiritual guztia gordetzen duena”, “Berri Onaren iragarpenaren iturria eta goreneko maila” (PO5); “kristau elkartearen sustraia eta gunea” (PO6). Paulok 56 urtean aitatzen du “tradizio” hau, “Jaunarengandik datorrena, berak jaso eta transmititu duena”. Siriako Antiokian erabiliko zen 40. hamarkadan. Jesusengandik hurbilen dagoena da, Lk 22,14-20 pasartearekin batera.

Paulok gogora ekartzen du afariaren instituzioa, ospatzeko modu  insolidarioa kritikatzean:

Zeuen elkarte-otorduetarako biltzen zaretenean, egiten duzuena ez da Jaunaren afaria.” (22)

Badirudi eukaristia baino lehen  anaitasunezko otordua egiten zutela. Baina otordu hori ez da anaitasunezkoa: ez zioten elkarri itxaroten elkarbanatzeko; behartsuenak heltzen zirenerako ez zegoen eurentzako janaririk eta gosetuta geratzen ziren. Nahikoa dute gogoratzea zer den Jaunaren Afaria konturatzeko zer nolako kontraesana dagoen bizi dutenaren eta ospatzen dutenaren artean.

- “Egizue hau nire oroigarri”, esaten da ogiari eta ardoari dagokienez. “Bere oroigarri”, “bere maitasunean” ospatzen denean baino ez dago ondo ospatzea. “Bere maitasunean” egin ezean, “ez du gogora ekartzen Jauna”. Aldez aurretiko otorduak “ez zuen gogora ekartzen Jauna”, elkarbanatzen ez dutelako maitasunez: ez diote elkarri itxaroten elkarrekin jateko, jatekorik ez dutenei gosea pasarazten diete, beste batzuk ase eta hordi dauden bitartean …

“Mahai partekaturik” barik ez dago “Jaunaren oroitzapena”

Gaurko eleiz-egiturak eta indarrean dagoen liturgia-araudiak ia ezinezko egiten dute “Jaunaren oroitzapena”. Hauxe da kristau herriak bizi duen mendeetako  bazterketa eukaristiaren prestaketari eta Elizaren bilakaerari dagokienez.

- Jainkoaren maitasunaren ezaugarri izan daiteke hizkuntza ezezaguna, aldarea urruti eta ministroa bizkarra emanda, antzerkirako egokiagoa den janzkera, jauntxokeriazko itxura hori, aurpegiera zurrun hori; elkarrizketa askerik gabe,  berdintasunezko, apaltasunezko, maitasunezko, egiazko inolako keinurik gabe?

- Gure zoritxarrerako, hona hemen gaur egun zer ikusten dugun: gizonezko zelibeen esku dagoen botere eta agintea; pertsonen artean egiten den bereizketa –eta ez beren zerbitzuagatik, dituzten janzkeragatik eta maila politiko eta sozialagatik baizik-; erritu eta keinuen adierazkortasunik eza, apaizek baino ez izatea hitz egiteko aukera; zuzena eta anaikorra izateko exijentziarik ez;  ohikeria, berezkotasunik eta bizitasunik eza…

- Eukaristia debozio erlijioso modura edo legeak agintzen duelako baino ospatzen ez duen elkartea; ugazaba den Aita baten aurrean makurtzen dena, bizitzan lagundu diezaion.

- “Espirituz behartsu ez den ”komunitatea, behartsuek bere sentitzen ez dutena, beharrezkoak ez diren luxu eta ezberdintasunen erakuskeria egiten duena; non gizonezko zelibeek baino erabaki eta ministerioak betetzen ez dituzten, Barri Onarekin zerikusirik ez dituzten aginduak ezarriz eta elizako esparru batzuk baztertuz …

- Jesusen Espirituaren inguruan “biltzen, elkartzen,  elkar entzuten eztabaidatzen, otoitz egiten eta erabakitzen” ez dakien kristau elkartea

Eukaristia Elizak ospatzen du eta Eliza egiten du.

Lan egin behar da egon dadin  “Jesusen Espirituaren inguruan biltzen, elkartzen,  elkar entzuten, eztabaidatzen, otoitz egiten eta erabakitzen” duten komunitateak. Komunitate hauek esanguratsuago egingo dute “Jaunaren Afaria”. Anai-arreben mahaian partekatzen diren ogi-ardotan dago Jesus berpiztua.  Jateak eta edateak esan nahi du onartu egiten dela Jesusek bere burua eskaintzen duela  guztion alde “bera itzuli arte”. Paulok, duintasunik gabeko giro batean ospatzen den Afariaren berri ematen digunean, bide batez gogoratzen digu zer nolako Afaria nahi duen Jesusek: maitasunean eta elkarrenganako zerbitzuan ospatutakoa, “Elizaren beraren sakramentutzat” har daitekeena (Karl Rahner), Jesusen komunitatea zein den erakusten diguna.

“Honetan ezagutuko dute nire ikasleak zaretela: elkar maite baduzue”  (Jn. 14, 35). Benetako elkarte batek benetako eukaristia egiten du eta honek “elkarteago” egiten du.

 

OTOITZA

Eukaristiako Jesus:

Esango liguke gaur Paulok, arrazoi osoz:

Zeuen elkarte-otorduetarako biltzen zaretenean, egiten duzuena ez da Jaunaren afaria.”?

Korintoarrek galdu egin zuten zure Afaria:

Ez zuten errespetatzen zure maitasuna, ahulenekikoa bereziki;

“nor bere afaria jateko aurreratzen zen”;

Ez zioten elkarri itxaroten, ez zituzten ondasunak elkarbanatzen;

Behartsuak gose dira eta aberatsek gehiegi jaten eta edaten dute;

Batzuk gose dira eta beste batzuk mozkortu egiten dira;

Mespretxu egiten zioten Jainkoaren Elizari eta lotsarazi egiten zituzten ezer ez zutenak.

Egoera honen aurrean, Paulok gogora ekartzen digu zeure burua eskaini zenuela:

Horixe da kristautu ondoren “jaso zuen” katekesia;

Zure bizitza agertzen zaigu ogia eta ardoa anai-arreben modura jan eta edaten dugunean;

Bedeinkatutako ogi eta ardo horietan dago zure bizitza berpiztua:

Jaten eta edaten dugun bakoitzean “iragartzen dugu zure heriotza”

-         “zure heriotza”, Erreinuaren aldeko zure bizitzaren laburpena.

-         “zure heriotza” bortitza, zuzengabea, Erreinua nahi ez zutenek eragindakoa

-         “zure heriotza”, bakarrik uzten ez duen eta aintzaz betetzen duen Aitaren maitasuna erakusten diguna.

Gaur, Ostegun Santuz, zure ikasleekin egin zenuen “azken afaria” ospatzen dugu;

Dena gertatu zen anai-arreben arteko giroan;

Bakoitzaren aurrean makurtu zinen, oinak garbitu zenizkien;

Zure maitasuna isuri zenien: “maita ezazue elkar nik maite zaituztedan bezala”;

Afari berria sortu zenuen, zure heriotza eta berpizkundea gauzatzen zituena;

Jainkoaren Erreinuaren oroitzapen konprometitua izango da;

Partekatutako ogi-ardoak dira guztiokin partekatzen duzuen zure bizitza.

Gure bizitza ere, “zuregan egon nahi badu”, zurearen moduan, partekatua izan behar da.

Hona hemen gure eukaristien “tragedia”:

Anaitasunetik eta behartsuekiko konpromisotik at ospatzen ditugu,

Gaur egun ere egia da “batzuk gose direla eta beste batzuk mozkortuta daudela”;

Zure Afaria zeremonia alienatzailea bihurtu dugu

-         Ezer adierazten ez duen zurruntasunez zamatu dugu.

-         Ulertzen ez diren keinu eta hitz hutsalez beterik.

-         Gizonezko ezkongabeak protagonista direla, dotore-dotore apainduta.

-         Komunitateak apenas parte hartzen duen.

-         Ez dago anaitasunik, baina berdin dio.

-         Kontua da “kunplitzea”, bertan egotea, entzutea.

-         Uste dugu horrela Jainkoak entzun eta sarituko gaituela…

Hala eta guztiz ere, doako  maitasuna zaren Jesus hori, beste era askotara agertzen zatzaizkigu:

-         “Bi lagun edo gehiago zure izenean elkartzen direnean, hantxe zaude zu euren erdian” (Mt 18, 20).

-         Elkar hartzen eta entzuten dugunean, anaia-arreba modura elkar onartzen dugunean.

-         Zure hitzak entzuten eta zure bizitza gogoratzen dugunean.

-         Mundu hobe baten alde lan egiten dugunean.

-         Berdintasuna, askatasuna, anaitasuna eta lana sustatzen ditugunean.

-         Zure bizitza eskainia gogoratzen dugunean.

-         Ausartzen garenean:

-         Aita-Ama deitzera bizitzaren misterio mugagabeari.

-         Guztiei bakea eta barkamena eskatzen eta ematera.

-         Zure bizitza eskainiaren ezaugarri diren ogia eta ardoa jatera eta edatera.

Lagun iezaguzu, Ostegun Santurko Jesus horrek, kristau elkartea baloratzen

Zure Gorputzeko atal bizi modura sentitzen, zure Espirituak bultzatuta

Anai-arreba modura eta duintasun berarekin elkarrekin topo egitera.

Zure presentzia ezkutatzen duen guztia baztertzen;

Elkarteko ministerio guztiak  errespetatzen eta sustatzen;

Poza, askatasuna, parte-hartzea eta apaltasuna jartzen

 


No hay comentarios: