Gora Zu gure Jauna gora!

viernes, 17 de mayo de 2013

Alejandro Turanzas eta Sergio del Campo dabiz Arteako organoa konpontzen



Alejandro Turanzas organogilea da eta Arteako eleizako organoa konpontzen dabil. Lanbide zahar baten testigo gaurkotua. Clara Luja Azpiriren erreportaje bat Begitu aldizkarian.


Lanbide honetan lan egiteko bidea ez da ohikoa. Ez dago eskolarik, ez titulurik, ezta ikasketa ofizialik. Beraz, nonor ezagutu behar da ofizioa ikasteko. Turanzasek dino lan minoritario honeetan bokazinoa garrantzi handikoa dala. "Eleiza baten sartu eta organoa entzun neban lehen aldian gustukoa izan neban. Gero musikea ikasten hasi nintzan, eleizako organista bihurtu eta ebatzi neban horretara dedikau gura nebala. Persona batzukaz kontaktau, eta azkenean lantegi batera joan eta bertan maisu organogile batek irakatsi eustan lanbidea".

Turanzasek bizitza osoa daroa organoak konponduten, nahiz eta enpresea 2006an jarri Sergio del Campo lagunagaz, Otxandion. Baina ez zan erreza izan, organogile lanbidea ez dago-eta erregulauta Espainian. "Legearentzat, gure lanbidea ez da existitzen hemen, eta ezin dogu ogasunean alta emon organogile moduan. Gu, egurraren hitzarmenean gagoz, instrumentu barriztatzaile lez, eta holan organogile guztiak".

Lanaren gorabeherak

Organogileak lan konplikauak ditue. Instrumentua diseinau, eregi eta konpondu behar dau, barriztatu eta garbitzeaz aparte. "Arkitektura ezagupenak, fisikakoak, diseinukoak eta musikakoak behar dira ofizio honetan. Nik musika ikasi neban gaztetan eta elektrizista ikasketak be egin nituan, batzuetan organoak elektrikoak izaten diralako eta funtzionamentua ezagutu behar dalako".

Turanzasek dino bere lanean gatxena diseinetea dala. "Fisika, matematika eta mekanika kalkuluak jakin behar dira, eta gainera instrumentu bakotxa desbardina da eta behar desbardinak ditu. Parte desbardinak, behar diran dispositiboak eta daukazun espazioak asko baldintzatzen zaitue diseinetako orduan". 

Instrumentua aurrean dagoanean gauzak errezagoak dirala dino organogileak, ez dalako hainbeste pentsau behar. "Batzuetan, instrumentua martxan ipini baino ez da egin behar, edo barrukoa garbitu. Organoak eskatzen dauana hartu behar da kontuan, burua apurtu barik".

Bezerorik bai krisialdian?


Turanzasek, baina, bere lanbidean krisiaren ondorioz lan gitxiago dagoala dino. "Nabaritu egin da lan gitxiago dagoala. Baina ez da lan galera lineala izan, gorabeherak dagoz". Organogileen bezeroak konserbatorioak edo auditorioak izan ahal dirala dino, baina batez be eleizak eta parrokoak sensibilidade musikala izan behar dauala organogile bateri deitzeako. "Eleizak dirua gasteteari bildur handiagoa deutsala ikusten da. Krisiarena apur bat exajerau egin da, eta orain jenteak pentsetan dau organoa konpondu ezkero, beste zerbaiteri dirua kentzean deutsala". Dana dala, gaur be beharra badagoala onartzen dau. "Lan gitxiago dagoanez erlajatuago gagoz, liberatuago. Baina ez nago inoz geldi lana noz ailegauko etxoten".

Etorkizuneko erronkak

Eskolarik ez egoteak eta lan minoritarioak izateak lanbide honen etorkizuna zalantzan ipinten dau. Alejandro Turanzas maisu organogileak dino etorkizuna ez dala segurua instrumentuen etorkizuna bera be kolokan dagoalako eta lanbidea instrumentuai lotuta dagoalako. "Gaur egun, bost edo sei persona gabilz Espainia osoan lan honetan, oso minoritarioa da eta jente askok Frantziara edo Alemaniara jo behar izaten dau zerbait egin behar dauanean". Beraz, etorkizuna zalantzan dago lanbide zahar honentzat nahiz eta Turanzasek dinoan maisu izan barik "teknikari nahikorik badago, konponketak eta egiteko".

No hay comentarios: