Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 25 de agosto de 2012

Artea: Leon eta Maurizia gogoan

Frantzisko Bernaola. Berria argazkia
Giro lasaiak zipriztintzen du Arratiako Arteaga herria (Bizkaia) abuztuko goizetan, ume bat eta aitona pilotan ari dira plaza ondoko frontoian, emakume pare bat kalean gora doaz bertotik metro eskasetara dagoen urbanizazio berri baterako bidean. Plaza ondoan, eskultura baten albotik pasatu dira; ez diete, ordea, arretarik jarri ahoan alboka duen Leon Bilbaori (Arteaga, 1916-1990) eta panderoa esku artean duen Maurizia Aldeiturriagari (Zeberio, 1904-Arteaga, 1988).


Berria egunkaritik hartu dogu artikulu hau. Bertan Arteaga dator guk Artea deitzen doguna, eta holan errespetatu dogu. N. Ares Amaya-ren artikulu bat.

Musikarien irudia 1996tik plaza inguruan gertatutako aldaketen lekukoa izan dira. Indar berezia dario pandero jotzailearen aurpegiari, Maurizia Aldeiturriagak bizitzan izandako indarraren arrasto txikia, herrian utzitako arrastoetako bat. Zeberion sortua, Arteagara ezkondu zen 1927ko azaroan. Geroztik, bertoko Elexabeiti auzoko baserrian bizi izan zen, Benantzio Bernaola Karakol senarrarekin batera, hura ere musikaria, soinu jotzailea.
San Migel Eleixabeitiko ermitea. Artea

Azken egunetako beroaren arrastoak sumatu daitezkeen arren, tenperatura goxoa dago, eguzkiak atsedena eman du, eta eguna lainoturik itzarri da. Plazatik ipar-mendebalderantz abiatuta, Zeberiorako bidean dago Elexabeiti. Errepidearen alboetan etxe berriak eta zaharrak ikus daitezke. Herria asko hazi da azken urteetan, baina kale eta errepide berriek ez dute ostentzen Arteagaren iragana.

Bidearen ezkerretara ikus daiteke auzoa, San Migel baselizaren inguruan hazitakoa. Denborak ez du askorik aldatu. Baserri auzoa da Elexabeiti, lasaia udan zein neguan. «Txikitatik horrela gogoratzen dut», azaldu du Miren Bernaolak, Maurizia Aldeiturriagaren bilobak. Baina denborak aurrera egin du Elexabeitin ere, eta, itxuraz asko aldatu ez den arren, auzoa auzokideekin nagusitu da. Aspaldi desagertu zen ganadua bertotik, eta ortuak ere ez dira jadanik Mauriziak ezagutu zituenak bezalakoak. Gazte gutxi bizi da berton, eta han bizi diren gehienek ez dute baserrian lan egiten, kanpoan baizik, Miren Bernaolak dioenez.

Langile nekaezina

Xarma berezia du lekuak. Asfaltoak garai bateko hartxintxarreko bidea ordezkatu du. Egun, loreek apaintzen dituzte etxeetako sarrerak. Maurizia Aldeiturriaga eta Benantzio Bernaolarena izandako etxe ondotik desagertu egin da garai batean egondako mahatsarea. Auzoko labe zaharra ere aspaldi ordezkatu zuen labe berriak. Zapatu goizetan ogia egiten zuen berton Mauriziak. «Lau ogi egiten zituen amak zapatu goizetan, orea ostiralean egin eta gero jagiten uzten zuen zapaturako», gogoratu du Frantzisko Bernaola Aldeiturriagak, Maurizia eta Benantzioren semeak. «Garai hartan, garia etxera igo behar zen, eskailera zaharretatik, eta ebaki egin behar zen, bigundu, eta han goian jo».

Arteako San Migel. Indalecio Ojanguren argazkia
Frantzisko Bernaolak ondo gogoratzen du ama. Langile fina eta zorrotza zela dio, bizitasunez betea. Ezkonberritan, baserriko lan guztia bere gain hartu zuen, Benantziok Basauriko (Bizkaia) Vasconia fabrikan gidari egiten baitzuen lan. «Amak egiten zuen baserrian lan guztia; aita gidaria zen, eta berak egin behar zuen dena. Ortuan ibiltzen zen, eta ganaduarekin ere bai».

Musikak zipriztintzen zituen etxeko txoko guztiak. Ama etxean eta erromerietan koplatan gogoratzen du semeak, San Migel baselizako arkupeak inguratzen dituen horman eserita, gurasoen etxea izandakoa aurrez aurre: «Ama beti kantatzen ibiltzen zen, bertsolarien moduan ateratzen zituen kopla asko, eta oso pandero jotzaile ona zen. Aitak ere soinua jotzen zuen, hura ere ez zen nolanahikoa, benetan ona zen, orduak eta orduak egiten zituen jotzen, denetarik jotzen zekien eta ez zuen sekula piezarik errepikatzen».

Bizitzan bikote izateaz gain, plazetan ere batera ibiltzen ziren Maurizia eta Karakol. Plazan elkar ezagutu zutenetik osasunak Bernaolari eragotzi zion arte batera jo zuten biek. Gerora Maurizia Leon Bilbao albokariarekin, Bonifazio Arandia Fasio soinu jotzailearekin eta Basilio Undagoitia Basilio Txiki soinu eta pandero jotzailearekin batera ibili zen plazaz plaza. Baina hori askoz ere geroago izan zen.

Zornotzako karmenak, Urkiolako sanantonioak, Durangoko sanfaustoak, Dimako sanpedroak… plaza horietan guztietan aritu ziren Maurizia eta Benantzio ezkondu aurretik nahiz ezkondu eta gero. Baina plazara joan aurretik, baserriko lana egiten zuen Mauriziak. «Izan da nekaezina», gogoratzen du Frantzisko Bernaolak. Indar handiko emakumea zen, plazan beste indar zuen bizitzan eta lanean.

Etxetik alde egin beharra

Espainiako 1936ko gerrak familia etxetik alde egitera behartu zuen. 1936an gerrako frontea Arteagara gerturatzen hasia zen, eta Maurizia, Frantzisko eta Benantzio zaharra, aitaginarreba, animaliak eta beharrezko gauzak hartuta, Zeberiora joan ziren lehenengo eta behin, Egia baserrira, Mauriziaren gurasoen etxera. Nazionalak gero eta gertuago zeuden, eta Zeberiotik Basurtura abiatu behar izan zuten gero, eta handik Somorrostrora, osaba Kalixtoren etxera. Handik ere alde egin behar izan zuten, eta Santander aldera (Espainia) jo. Bitartean, Benantzio intendentzia lanak egiten geratu zen Arteagan.
Arteako parrokia 1949 Indalecio Ojanguren argazkia

Beste askori bezala, gerrak zoritxar larria ekarri zion familia hari ere. Frantziara ihes egiten zihoala, itsasontziaren motorra martxan ezin jarri, eta Benantziok egin zituen konponketa lanak. Itsasontzia martxan jartzea lortu zuenean makal sentitu zen eta lurrera erori zen. Nazionalek egun berean hartu zuten preso eta Santoñako espetxera (Kantabria, Espainia) eraman zuten.

Agurtzane Intxaurragak Bidegileak bildumako Maurizia Aldeiturriagari buruzko liburuan azaldu bezala, ez zen urte erdia pasatu Mauriziak etxera bueltatzeko erabakia hartu zuenean. Semearekin eta aitaginarrebarekin Arteagara abiatu zen, baina Elexabeitira heldutakoan etxeko atea iltzatuta topatu zuen, eta berton geratzeko debekua. Halabeharrez bueltatu behar izan zuten Zeberiora, gurasoenera. Baina Intxaurragak liburuan argitzen duen legez: «Ez zuten onik izango, ordea, Arratiako euren etxera itzuli artean».

Tranbia hartuta abiatu zen Benantzio, Mauriziaren aitaginarreba, Arteagara. Zenbait aste eman zituen bertoko ostatuan, Elexabeitiko etxea zabaltzeko baimena eskuratzea lortu arte. Hilabetera berekin ziren Maurizia eta Frantzisko, Elexabeitiko etxean.

Garai gogorrak izan ziren ordukoak. Espainiako hainbat kartzelatan preso egon zen Benantzio, gerra amaitu bitartean. Behin gerra bukatuta, etxera bueltatu zen. Hiru urte horietan Mauriziak ez zuen panderorik jo; senarra etxera bueltatu arte gordeta eduki zituen biak: bere panderoa eta senarraren eskusoinua. Baina senarrarekin musika eta bizipoza bueltatu ziren San Migel ermita aurreko baserrira.

Orduz geroztik bikoteak berriro ekin zion jotzeari, herriko plazan eta inguruko herrietan, aurretik ere ibilitako era bertsuan, grinatsu eta profesional. Gerora, Leon Bilbao albokariarekin osatu zuten hirukotea, 1964an, bihotzeko gaixotasunak jota Benantziok jotzeari utzi behar izan zion arte.


 



Behin batean Santiagon

Maurizia Aldeiturriagaren ahotsak eta panderoak erromeria ugari alaitu zituzten Elexabeiti auzoko Santiago baselizaren inguruan.

N. Ares Amaya Arteaga

Santiago ermitea. Artea
Maurizia Aldeiturriaga eta Benantzio Bernaolarena izandako etxetik metro gutxira dago Santiagoko baseliza. Sanmigeletan bertoko erromeriak oroitzen ditu haien seme Frantziskok. «Lurra lehorturik egoten zen ordurako, eta busti egin behar izaten genuen, hautsik ez harrotzeko». Horretarako, errekara joaten zen Frantzisko gaztetan, beste hainbat gizonekin batera, eta ura ekartzen zuten upeletan. Hala ere, gauerako denak zikin-zikin egoten ziren.

Jendea Arteagatik bertotik eta inguruko herrietatik joaten zen hara. Askok bizikletaz egiten zuten bidea; besteek, oinez edo egun jadanik existitzen ez den Arratiako tranbian. 1964an kendu zuten azken zatia, Zeanuri eta Lemoaren artekoa.

«Erromeria, orduan, lau edo bostetan egiten zen, eta ilundu arte. Gero udala etortzen zen, etortzen zen palu batekin eta paratzeko esaten zuen. Eta hemendik joaten ginen plazara, eta plazan jarraitzen genuen udalak paratzeko esan arte», azaldu du Bernaolak.

Baselizaren inguruko zuhaitzek ermita aurreko plazatxoa gordetzen dute. Egun harrizko zenbait mahai eta eserleku daude, baita harrizko barbekua ere. Udak bertoko belarra horitu du, hosto lehor ugari ere ikus daiteke lurrean sakabanaturik. Bertotik paseoan, Bernaolak amaren kopletako bat gogora ekarri du: «Begire nago, begire / kamino-zubi barrire / Noz etorriko ete dan / nere maitia herrire».

Leku lasaia da Santiago, Elexabeiti auzoko beste txokoak bezala; agian lasaiagoa. Lasaiak dira berton izaten diren erromeriak ere; izan ere, egun jada ez da garai bateko erromerien modukorik egiten, Bernaolaren hitzetan: «Orain trikitia eta panderoa jotzen etortzen dira, baina ez da orduko festa bezalakorik egiten».

No hay comentarios: