Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 10 de marzo de 2017

Bakea eta damua

Aspalditik sentitzen nuen deia, eta esan nionean bakearen eta damuaren gainean eta gorrotoa eta barkamenari buruz eskribitu behar nuela, «eorri’re ez ao pakezale, moteil; zertan sartze aiz saltsa oitan?», esan zidan gertuko batek. Ni horrelakoxea izaki! Eta izaerak hilobian akabera! Behin, apaiz biri, biak ere oso ezagunak, hauxe bota nien: «Zuek duzuen izen eta karismarekin, zerbait esan beharko zenukete biolentziaren aurka eta bake-prozesuaren alde». 

Nire iritzirako, gai horretan isilegiak ziren, nahiz eta badakidan indarkeriaren kontrario amorratuak zirela. Dena den, niri, sarritan, kontzientziak eskatzen dit mintzatzeko, eta gehienetan obeditu egiten diot, nahiz eta bestelako gomendioak maiz jasotzen ditudan.

Badira, dezente gainera, diotenak bakea lortua dagoela azkeneko tiroa entzun zenetik (ia-ia zazpi urte). Orain ez omen da ezer egin behar; bakar-bakarrik: “argitzeko dauden kasuak argitu, armak entregatu, egindako kalteagatik barkamena eskatu eta tribunalek ezarritako kondenak bete”.

Hortaz, biolentzia mota hori gelditu denetik ez da ezer aldatu. Baina mundu osoak daki ez dela horrela. Askoz hobeto, lasaiago, bizi gara tiroak isildu zirenetik; eta hori biktima potentzialak beste batzuk zirelarik. Baina, sufritu, asko sufritu dugu, beste batzuei gertatzen zitzaiena ikusirik, biktimekiko enpatia minimuma, edo gehixeago, ez baitzaigu sekula falta izan. Bestalde, ahaztu gabe, esan dezadan hau ere: giza eskubide guztiak hartzen ditugu aintzat eta gogoan.

Gu lasaiago bagaude, zer esan eskoltarekin ibili behar izan dutenei buruz? Bakarren batek kontatu du bere esperientzia; oker ez banago, egunkari honetan bertan. Horregatik ni, behintzat, harritu egiten naiz gobernuak erabaki politikoren bat edo beste hartu ez izanaz; besterik ezean, hurbilketak-edo…

Orain gorrotoaz eta barkamenaz hitz egin behar dugu. Nik dakidala, gorrotoa sentimendua da, eta batzuentzat saihestezina, jakin arren horrek gorrotatuari baino kalte handiagoa egiten diola gorrotatzaileari. Harritzen nauena da, hiritar moduan, zentzu komunaren harira, ‘gorroto-delitua’ kode penalean nola sar litekeen. Gorrotoa bera, sentimendu hori, delitua al da? Delitua izateko ez al du beti tartean norbaiten kontrako ekintzaren batek egon behar?
Barkamena eskatzea ere antzekoa. Kalte egin izanaren sentimenduaren ondorioa da barkamena eskatzea. Ordea esplizitatu beharrekoa al da? Armak utzi badituzte, horrek berak erakusten du damurik aski; batzuena ‘atriziozkoa’ izango da, baina zergatik ez ‘kontriziozkoren’ batzuk ere?

No hay comentarios: