Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 28 de marzo de 2024

Ordu Santua 2024 Eskerrik asko gugaz geratu zarelako


 

Monitoreak: Senide maiteok, gabon. Jesusi une larri honetan lagun egiteko alkartu gara. Heriotza hain gertu ikusteak danok ikaratzen gaitu. Jesus ere halan egoan atxilotu aurreko une haietan. Une batez isilune bat egin eta giroan sartuko gara.

Kanta: Izan bake.

 (Kandela bat biztuko dogu, Jesusegaz gagozala eta beragaz batera gagozala beila egiten adierazteko. Ixilik)

Zugaz egon gura dogu gau latz honetan, alkartasun gau honetan, zuri begiratu, hil aurretik. Itxi eiguzu zure isiltasunak gure arimak barrura begira jarri daizan, gure aurpegi ilun eta ikaratuok biztu daitezan. Gau honen sagaratutasuna errespetatu gura dogu, isilik otoitz eginez. Mundu osoan zehar lorik egingo ez daben milioika lagunen alde otoitz egin nahi dogu, zoritxarrez, pertsona horreen azken gaua izango dalako: familia osoak izango dira, kasu askotan, Gazan, Yemenen, Sudanen, Ukrainan eta beste toki askotan.

 

Zuretzat, maite izatea dana emotea da; Zure maitasuna ez da ezkutukoa, barneratu ezina. Zeure burua maitasunez emoten dozu gizateria osoaren alde, ezin zara ezkutuan bizi, kanpora urteten dozu, harrapatzeko arriskuan egon arren. Burura jatorkuz agurra emoteko berbak, biguntasun larriz beteak, ordu latza izan arren. Oinak garbitzeko egin dozun keinuan pentsatzen gagoz: “Zuen esanetara jartzen naz, maitasunez”. Zuk ondo asko zenkian Zure gorputza saldu eta zauritu egingo ebela. Gorputz horretatik hartzea dana jasotzea da.

 

“Munduan ziren beretarrak maite izanik, bete-betean maitatu zituan”. (Jn 13)

Kanta

Zeure adiskideekin pasatu zenduzan azken ordu intimo horreetan, Zure maitasunaren azken proba emon gura izan zeuntsen. Maitatzeko ahalmena ia agorturik, gizateriari eskaini zeuntsazan Zure gorputz-odolak elikagaia izan egiezan. Azken afarian, Zure karitatezko testamentua itxi zeuskun, Maiatasunaren Sakramentuagaz batera: testamentu bizi eta argia, Zure umiltasunaren eta errukiaren adibidea, adiskideei oinak garbitu zeuntsezanean. Hori amaitutakoan, halan esan zeuntsen: “Ulertu dozue zer egin deutsuedan?”

(Ixilik)

Kanta: Ubi caritas et amor.

Jesusen arabera, maitasuna geure burua guztiz emotea da. Guri asko kostatzen jaku, bildur gara lehenengo mundu honetako segurtasuna eta bizimodu ona galduko ete ditugun. Bestalde, Jesusen maitasuna ez da ezkutuan geratzen, inorengana heldu barik. Jesusek maitasunez emoten dau bere burua gizateriaren alde, ezin dau ezkutuan bizi, kanpora urten eta besteen aurrean agertzen da, nahiz eta harrapatzeko arriskuan egon. Goi mailako juduek atzamarraz seinalatzen dabe. Gaur egun ere, badira senideen alde euren burua emoten dabenak, pertsona ahulen eskubideen alde hots egiten dabenak, laguntzeko, faltsukeriaz eta guzurretan bizi direnak salatzeko. Pertsona horreek ez dira komunikabideetan agertzen, baina hortxe dagoz, dauken guztia emoten. Eta nik, zer egiten dot? Dana emoten dot ezer ez daukenen alde? Bardintasunaren eta alkartasunaren alde lan egiten dot?

(Ixilik)

 

Zelan egin ete eutsen agur, azken orduko biguntasun larri horretan? Oinak garbitzean, halako zerbait esango eutsen: “Ni neu naz eta zuen esku izten dot neure burua, zuei deutsuedan maitasunagatik”. Bazenkian zure gorputza saldu eta zauritu egingo ebela. Gorputz horretatik hartzea dana jasotzea zan.

 

 “Eta, apur bat aurreratuta, lurrean ahuspeztu zan eta, ahal bazan, ordu ha aldendu eitean egin eban otoitz: ‘Aita! Dana dago zure esku, ahal badozu aldendu egizu kaliz hau nigandik. Baina egin bedi Zeure borondatea, ez nirea’. Itzuli zan eta apostoluak lotan aurkituta, esan eutson Pedrori: ‘Simon, lotan zagoz? Ezin izan dozu beilan egon ordubete ere?’” (Mt 26, 35-42) Jesusek Getsemanin sentitu eban bildurra geuk ere egunero sentitzen dogu: bildur bete-betean bizitzeko, guk geure buruari jartzen deutsaguzan arauei loturik, nahiz eta arauokin ados ez egon beti; sarritan alde egin gura izaten dogu. Jesusek horretarako badauka tresna bat: otoitza. Dana jartzen dau Aitaren eskuetan, zintzo jokatzen dau Haregaz.

 

Kanta: Zure kalizak bat gaitu egin.

Jauna, eskerrik asko gugaz geratu zaralako. Oraindino ez dogu guztiz ulertu zer egin zenduan gau hartan, baina Zugan sinesten dogu. Argia, indarra, maitasuna zara. Gaua izan arren, argi egiten deuskuzu. Gau santu honetan, ahul sentitzen dozu gorputza. Hala eta guztiz ere, indarra emoten deuskuzu, alkar maitatzeko esaten deuskuzu, baina zeuk maite izan gaituzu lehenengo eta behin. Ez daukagu ahaztuta asko dirala gaur eta egun guztietan bakarrik sentitzen diranak: gaixoak, sufritzen dabenak, justizia dala eta jazarriak, seme-alabei jaten emon ezin deutsenak, boteretsuen gerra sufritzen dabenak… Horreek guztiok euren “Getsemania” bizi dabe. Ondo dakizu Zuk, bakoitzaren bizitzan eta ondoan zagozalako. Horregaitik, geuk ere eurekaz bat egin gura dogu.

 

(Ixilik)

 Kanta: Gurekin egon.

Barriro ere aldendu eta otoitz egiten eban eta berba bardinak errepikatu. Itzuli eta lozorroan aurkitu zituan, begiak handituta. Ez ekien zer erantzun. Eta hau esan eutsen: ‘Egin lo eta hartu atseden. Nahikoa da! Heldu da nire ordua. Gizonaren Semea pekatarien eskuetan itxiko dabe. Jagi zaiteze, goazen! Hurbil dago salduko nauana’” (Mt 26, 43-46). Zenbat persona itxi doguz bertan behera, salduta, miserian, saminean, irainduta?

 

(Ixilik)

 Kanta: Bihotz garbia gugan sortu

Heldu da zirt edo zart egiteko unea, geratu edo ihes egitekoa. Gizakiok egingo ez geunkeana egin dau Jainko gizon eginak: geratu eta atxilotzen itxi. Bihotzetik darion maitasuna da, ausardia eta itxaropen bihurtua, baina ez dau etsi. Jesusek onartu egin dau Aitaren nahia eta konfiantzaz egin deutso aurre. Zer egin behar dogu guk halako konfiantza izateko, bihotzetik bihotzerako lotura hori lortzeko eta Jaunaren asmoak ulertzeko, ihesik ez egiteko zentzua eta indarra izateko, aurrera jarraitzeko, jakinik gure babesik handiena gugaz dogula?

 

(Ixilik)

Kanta: Eskerrik asko, Jauna.

Euskeraz: Agurtzane Mallona Legarreta

No hay comentarios: