Goazen 2024 Jarri bidean

domingo, 10 de mayo de 2020

Eskerrik asko, Mila



Mila joan jaku, Mila Lejarza, eta faltan botako dogu herrian. Eta herriko bihotza eleizea dala abesten dogunok, faltan botako dogu herriko eleizan, domekako eukaristian eta osterantzeko ospakizun guztietan, Josebagaz eta Uribeko lagunakaz batera. Ze Mila herrian zein eleizan taldean, lagunartean eta alkartean parte hartu eta ibiltekoa izan da. Jesusen proiektua ulertu eta bereganatzeko benetako ahalegina egin eban.

Zeanuriko eleiz alkartearen giltzarria, bere parte hartzeko modua eredugarria izan da gazteago garanontzat: baiezko jarreran, apaltasunez, eraikitzeko gurariagaz, beti aurrera egiten, etorkizuneko eleizeari begira eta, egunotan hainbeste bidar esan eta entzun dogun horma bako eleizea egiten, benetako eleizea, alkartea dana. Liturgia taldeko partaidea, ospatzailea, pastoral batzordean zein garbikuzian, Sanmigelak edo Sanlontzoak prestetan, auzoko jaietan. San Miguelen, San Lontzon, Zeanuriko parrokian eta Arratiako Eleizan parte hartu dau, gaur egun esaten dogun moduan, erantzukidetasunez. 

Mila inplikatuta eta bidea egiten sentiduten dogu. Esango neunke, Milarentzako eleizea herria egiteko proiektuagaz lotuta egoala; eleiz alkartea herriaren zerbitzura eta personearen zerbitzura, eleizea eta herria batera. Halan ulertu ebalakoan nago, eta ondoan ibili garanok bere egiteko modu apal eta zintzotik asko ikasi dogu.

Azkenaldian, gaixoa dala eta, eleizako ardurak itxi zituan apurka-apurka, baina inguruan euki dogu, Josebagaz eta Uribeko lagunakaz, irribarre apal eta samurragaz. Egoera honetan ezin dogu agurtu gurako geunken moduan. Eskerrik asko, Mila, gure eleiz alkartean itxi deuskuzun guztiagatik.


No hay comentarios: