Gabon zorion, zorion gabon!

domingo, 27 de octubre de 2019

Non dago Jesus? Zeanuriko KT famili ospakizunean gotzain eta guztiz

Domekan, urriak 27,  hainbat lagun batu gara Zeanuriko parrokian, asko KTko familiak. Parrokia erre zanaren 100 urteak gogoratu doguz. Eta itaun bat euki dogu gure buruan: Non dago Jesus? Hori erantzuten ahalegindu gara otoitz eta kantuz, eta etxetik ekarri doguzan dadoakaz! Ez dira izan argazkian agertzen dadoaren neurrikoak, baina gureak bai. Orain gotzain jaunaren homilia eta guztiz.


Ondo etorri guztioi famili ospakizunera!

Eta bide batez, danok, guraso eta ume, Pobreziaren Egunean kantatuko dogun abestia ensaietako aprobetxatu dogu.


Joseba Segura Etxezarraga gotzain laguntzaileka lagundu deusku meza honetan: eskerrik asko!

Hurrengoa ospakizuna azaroan 10ean. Erdu!

Klikatu barruan bideoa ikusteko.

Kurtso honetako lehen famili ospakizuna izan da Zeanurin.

Etxetik dadoak eginda ekarri doguz, Jesus non dagoan ondo ikasi daigun!


Pobreziaren eguna dala-eta, Igorren kantatu beharko odgun kanta be probatu dogu mezatan. Bagoaz astiro astiro hori be ikasten!
 


XXX OT 19-10-27
Zeanuriko Mezea


Ia inoiz istorio hau entzun dozuen:

Bazan behin baserritar edadetu bat, urte luzez soloan / lan asko eta asko egin ebana. Egun batean, zaldiak hanka egin eutsan. Auzokoak, barria jakiteaz batera, baserrira joan jakozan, esanez: “Kukuak makur jo dau!” Baina berak / honan erantzun eutsen: “Auskalo!!!”.
Biharamunean, zaldia bueltatu zan, beste hiru zaldi basatigaz bueltatu be. “Kukuak ondo jo dau!”, esan eben auzokoek.
Baina baserritar edadetuak esan eban: “Auskalo!!!”.
Biharamunean, zaldi basatietako bat hezi guran ebilen semeetako batek / lurrera jausi / eta hanka apurtu eban. Auzokoek, nahigabetuta, esan eutsen: “Kukuak makur jo dau!”, baina agureak erantzun eutsen: “ kalo!”.
Biharamunean, militarrak heldu ziran herrixkara / eta gazte guztiak gerrara eroan ebezan. Gazte batek / hanka apurtuta ebala ikusita, ez eben eroan eta herrian itzi eben. Auzotarrek aita zoriondu eben, baina honek… “auskalo!”, esan eban.
Azkenik, Zeanurin, orain dala urte asko, eleiza eder bat / erre egin zan. Auzokoek, nahigabez beteta, “kukuak makur jo dau”, iñoen. Baina, “auskalo!”, gaur batu garan eleiza eder hau / itxuraz zoritxarra izan zan gertaera haren emaitza be / bada-eta.

Zeozer ona ala txarra dan jakiteko, denporeak pasau egin behar dau, gauzen esangura argitu dakigun. Ume berezi bat, itxaroten zana ez bezalakoa, jaioten danean, zoritxar lez bizi daiteke hasieran, ezustean harrapatzean. Eta, halanda be, askotan ikusi dogunez, persona desbardin horren presentzia / poz-iturri eta alkartze-eragile bihurtzen da familian. Senide edo lagun kutunaren galera / oso gogorra izan daiteke / eta, hala ere, arlo espiritualean hazteko eta sendotzeko bultzada bihurtu. Kristau alkartearen makaltasuna tristuraz bizi daiteke. Badakigu gaur gatxa dala / gure senide ta adizkideakaz fedea bizitzea ta kompartitzea.. Baina jakinekoa da, baita be, errezagoa dala Barri Ona, harrotasun baino, pobretasunean bizitzea.

Zeanuriko erretako eleiza ha, berreraiki egin zan, makina bat lagunen / ahalegin eta ekarpenagaz. Gaur, beste Eleiza batek, harri eta teilaturik ez daukanak, ezinbestekoa dau berregitea. Guk bizi dogunaren antzeko egoera batean, Ageo profetak hauxe inoan: "zer ba, etxe dotoreetan bizitzeko garaia ote da ba, nire etxe hau / lur jota dagoen bitartean? ... Ba, nire etxea lur jota dagoelako, zuek denok / zeuen etxeekin saiatzen zareten bitartean. (Ageo 1,4-9). Eleizeak / ez dau bere buruari begira / bizi behar. Barri Onaren poztasuna eta indarra zabaltzeko balio ez badau, ez dau ezertarako balio. Makaltasunak makaltasun, egun batean bere bitartez / jaso genduan Barri ona. Zeanurin egon ziran abadeak, hobeago ala kaskarragoak, ez ziran eraginik garrantzitsuena izan / gure fede bizitzan. Geure gurasoek, geure amama eta aititek eta euren gurasoek eta euren gurasoen gurasoek… lagundu eben eleiza hau eraikitzen, baina ez baliabide ekonomikoekin bakarrik, euren bizitza zintzo, eskuzabal eta santuagaz baino eta batez be. Pentsatu eizue zuon familietan, bakotxak berean, eta gogora ekarri senide maite horreen izenetako batzuk, gizon ta emakume kutunak, aldatzen ari dan eta dagoeneko ia existitzen ez dan munduko bizilagunak.

Gaur, sasoi bateko eleizak / handi geratzen jakuz. Beharbada, gaur eraiki behar dogun Eleizak / ez dau parrokia Eleiza izan behar, ermita baino; hau da, San Frantziskok, harriz harri, bere eskuz, jaso eban haren antzekoa, Jaunaren etxe txikia, apala baina abegitsua. XII. gizaldian be /  baegoan eleiza handi eta ederrik, baina Kristoren etxe txikia konpondu barik egoan.

Zeanurik, parrokia eleiza eder eta handia dauka. Jaunak lagundu deigula tenplu handi honen jatorrian dagoan / fede alkarte zintzo eta alaia berregiten. Lehengo sasoiak / ez dira itzuliko. Baina etorkizunean be, izango dira, gitxi-asko, gizon eta emakumeak, fedearen suari eutsiko deutsenak. Eta su horrek, suntsitu ez ezik, itxaropen eta poza eragingo dau askorentzat.

Joseba Segura Etxezarraga, Bilboko gotzain laguntzailea



No hay comentarios: