Gabon zorion, zorion gabon!

miércoles, 9 de octubre de 2019

Aita Santuaren hitzaldia Sinodoan Amazoniaz



Aita Santuaren hitzaldia 2019-10-07
Sinodoan Amazoniaz

Arreba eta anaiak, egunon!
Ongi etorri guztiok eta eskerrik asko prestaketan egin duzuen lanagatik: guztiek egiten dute hainbesteko lana, Puerto Maldonadoko une hartatik gaur arte. Mila esker.


Sinodoa… gaztelaniaz hitz egingo dut, hobeto.

Amazoniari dagokion Sinodoak, esan dezakegu, lau maila dituela: maila pastorala, maila kulturala, maila soziala eta maila ekologikoa. Lehena, maila pastorala, dugu funtsezkoa: dena du hartzen bere baitan. Kristau-bihotzaz hurbildu behar dugu Amazoniaren errealitatea eta ikasleen begiez ikusi behar dugu, ikasleen begiez ulertu eta interpretatzeko; izan ere, ez baita hermeneutika neutrorik, hermeneutika aseptikorik, beti gertatu ohi dira aldez aurreko aukera batek baldintzaturik; gure aldez aurreko aukerak ikasleena izan behar du. Eta misiolariena ere ezagutzen dut; izan ere, Espiritu Santuak gugan ezarri zuen maitasunak Jesu Kristo hots egitera eragiten digu: hots egite hau ─denok dakigunez─ ez dugu nahasi behar proselitismoarekin; aitzitik, Amazoniako errealitateaz gogoeta egitera hurbiltzean, bihotz pastoral honekin jo behar dugu, ikasleen eta misiolarien begiekin, Jauna hots egin beharrak estu eragiten digulako. Era berean, errespetu handiaz hurbildu behar dugu Amazoniako herrietara, beraien historia, beraien  kulturak, beraien biziera begirunez hartuz, hitzaren zentzu etimologikoan, eta ez zentzu sozialean, batzuetan egin ohi dugunez; izan ere, herriek beren entitate propioa dute, herri guztiek, jakinduria propioa dute, kontzientzia propioa beren buruaz, herriek sentiera bat dute, ikuskera propioa errealitatea ikusteko, historia ikusteko, beren hermeneutika dute, eta beren historiaren protagonista izateko joera dute gauza hauekin, koalitate hauekin. Eta haietara hurbiltzean, alde batera utzi behar ditugu herrien idiosinkrasia suntsitzen edo murrizten duten kolonizazio ideologikoak. Gaur egun hain gauza orokorra baita kolonizazio ideologikoen arazo hau. Eta Amazoniako herriak «hezteko edo diziplinatzeko», beraien historia, beraien kultura moldatzeko, egitarau aurre-moldatuak egiteko enpresario-antsiarik gabe hurbildu behar dugu; horrelakorik ez, jatorrizko herriak hezteko antsiari ez. Eliza puntu honetaz ahaztu zenean, herri batera nola hurbildu behar zuen ahaztu zenean, ez zuen inkultuzatu [euskaratzaileak: ez zuen txertatu ebanjelioa kultura batean]; are gehiago, herri batzuk mespretxatzera iritsi zen. Eta gaur egun zenbat eta zenbat porrot ditugun deitoratzeko! Gogora ditzagun De Nobile bat Indian, Ricci bat Txinan eta beste hainbat eta hainbat. Zentralismo «homogeneizante» eta homogeneizatzaileak» ez zion utzi hazten herrien benetako kulturari. 

Ideologiak arma arriskutsu dira, beti jo ohi dugu ideologia batera herri bat interpretatzeko. Ideologiak murriztaile dira, eta adimenez ulertzeko gure asmoa puztera eraman ohi gaituzte, baina errealitatea onartu gabe, miretsi gabe, ulertu eta baitaratu gabe; orduan errealitatea kategoriatan banatzen da, eta kategoria komunenak «ismo» direlakoak izaten dira. Hartara, herri baten errealitatera hurbildu nahi izaten dugunean, indigenismoaz mintzo ohi gara, eta, halako herriri hobeto bizitzeko irtenbide-pista eman nahi izaten diogunean, ez diogu berari galderarik egiten, desarrollismoaz mintzatu ohi gara. «Ismo» direlako hauek laborategi ilustratu eta iluministatik birformulatzen dute bizitza. Erroak botatzen ari diren ikurritz dira eta jatorrizko herrietara hurbiltzeko era programatzen dute. Gure lurraldean, ikurritz bat: «zibilizazio eta basakeria (barbarie)» delako hura jendea banatzeko erabili zuten, jende bat desegiteko, eta gailurrera iritsi zen 80ko hamarkadaren azken aldera, jatorrizko herri gehienak desegitera, alegia; beste haiek «basakeria» omen zirelako eta «zibilizazioa» beste alde batetik omen zetorrelako. Bestetik, herrien mespretxua da, eta ─neure lurraldeko esperientziara noa─ horrek, «zibilizazioa eta basakeria» delakoak, herriak desegiteko balio izan zuenak, indarrean jarraitzen du oraino nire aberrian, hitz iraingarriz, eta, hartara, bigarren mailako zibilizazioaz hitz egiten da, basakeriatik datozenen zibilizazioaz; eta gaur egun «bolitas [bolibiarrak], paraguayos, paraguas [paraguaiarrak], cabecitas negras» dira; beti herri baten errealitatetik urruntzea, kalifikatuz eta aldeak ezarriz. Horra nire lurraldeko esperientzia. Eta hurrena mespretxua. Atzo berean pena handia eman zidan hemen barnean entzun nuen irri-iruzkinak, buruan lumak zituela eskaintzak eraman zituen jaun otoizti haren bizkar eginak; esadazue: Zer alde dago buruan lumak ematearen eta gure dikasterio batzuetako ofizial batzuek jantzi ohi duten «trikornioaren» artean? Horrela jokaturik, arriskua izaten dugu egitarau soilki pragmatikoak proposatzeko; aitzitik, eskatzen zaiguna herri baten kontenplazioa da, eskatzen zaiguna herri bat miresteko gaitasuna da, pentsaera paradigmatiko bat moldatu ahal izateko [paradigmatiko: etsenplu edo eredu izan daitekeena]. Norbait asmo pragmatikoekin baldin badator, otoiztu beza «Ni bekataria», bihotz berritu eta ireki diezaiola bihotza herrien errealitateari darion ikuspegi paradigmatikoari.

Ez gara elkartu hemen garapen sozial baten egitarauak asmatzeko, ezta kulturen gordegi batzuk, museo-tankerakoak, eratzeko ere,  ezta era ez-kontenplaziozko ekintza pastoralak bultzatzeko ere; era ez-kontenplaziozkoak kontrako bidea du sortzen: oihan-desegintza, uniformizazioa, ustiaketa. Bide horretakoek ere beren egitarauak egiten dituzte, errespetatzen ez dituztenak, ez poesia ─zilegi bekit termino hau─, ez burujabe den herrien errealitatea. Zaindu beharra dugu geure burua mundukeriatik, bai ikuspuntuak, bai antolaketaren aldaketak eskatzen moduan. Mundukeriak beti sartzen du muturra eta urrundu arazi egiten gaitu herrien poesiatik. Herriak kontenplatzera, ulertzera, herriei zerbitzatzera etorri gara, eta sinodo-bidea eginez gauzatuko dugu hori, sinodoan egingo dugu, eta ez mahi inguru batean, ez hitzaldietan edo ondorengo eztabaidetan; sinodoan egingo dugu; izan ere, sinodo bat ez da parlamentu, ez da solastegi, ez da komunikabideen gain indarrik handiena zeinek duen azaltzea, ez da sarean zeinek duen botererik handiena ideia bat edo plan bat ezartzeko azaltzea. Horrelako jokabideak eliza kongregazionalista bat eratuko luke, baldin eta inkesten bidez gehiengoa zeinek duen bilatzera joko bagenu. Edota eliza sentsazionalista bat,  hain urruna, hain urrutikoa «gure Ama Eliza Santu hierarkikotik». Sinodoa, elkarrekin bide egitea da, Espiritu Santuaren inspirazio eta gidaritzapean. Espiritu Santua da Sinodoaren egile nagusia. Mesedez, ez dezagun kanporatu geure aretotik. Kontsultak egin ziren, eztabaidatu ziren Gotzain Batzarretan, Sinodo aurreko Kontseiluan, landu zen Instrumentum laboris delakoa, dakizuenez, martiri den testu hori, suntsitua izatekoa den hori, abiapuntu hutsa baita Espiritu Santuak gugan egingo duen honetarako eta, orain, guri dagokigu bide egitea Espiritu Santuaren gidaritzapean. Orain Espiritu Santuari utzi behar diogu Batzarrean hitz egin dezan, gure artean hitz egin dezan, gu bitarteko garela, eta hitz egin dezan «gu tarteko» izan arren, gure erresistentziak tarteko izan arren, normala baita halakoak izatea, horrelakoa baita kristauaren bizitza.

Hortaz, zer edo zein izango da gure lana hemen Espiritu Santuaren presentzia hau emankor izango bada? Lehenik eta behin, otoitza. Anai-arrebok: Arren eskatzen dizuet: egin dezagun otoitz, asko. Hausnartu, elkarrizketa, apal entzun, jakinik ez dakidala nik guztia. Eta hitz egin dezagun adorez, parresiaz [egiati eta era konbentzigarrian hitz egin], lotsa bizi beharko baduzu ere, sentitzen duzuna esan, bereizi eta, hau guztia, anai-arreba artekotasuna zainduz, egin, ezinbestekoa da hori hemen barruan. Beharrekoa, era berean, hausnartzea, otoitz egitea, bereizmen lantzea, apal entzutea eta adorez hitz egitea: guztia giro hau faboratzeko. Lau mintzaldiren ondoren lau minutuko isilaldia egingo dugu. Norbaitek esan zuen: «Arriskutsua da hori, Aita, loak hartuko ditu». Gazteen inguruan egindako Sinodoan, gauza bera egin genuen eta iritzi horren kontrakoa gertatu zen: mintzaldikoan, batzuetan behintzat, erdi lo egon ohi zirenak esnatu egiten ziren isilaldian. Azkenik, Sinodoan egotea prozesu batean sartzera animatzea da. Ez da aretoan leku bat betetzea. Prozesu batean sartzea. Eta eliztar prozesuek premia bat izaten dute. Zaindu beharra izaten dute, jagon beharra, hasiera batean lagun baten beharra duen haurño batek bezala. Zaintza xumeaz ari naiz. Elkarteko berotasuna behar dute prozesu horiek, Ama Elizaren berotasuna. Eliztar prozesu bat horrela hazten da. Horra zergatik den beharrezkoa errespetu-jarrera, anai-arreba arteko  giroa, garrantzizkoa da barnetasun-airea. Eta arazoa da, ez aireratzea dena, datorren bezala, kanpoan. Eta arazoa ez da zeini eman sekretuaren berri; egokiagoa izango litzateke hori logia batean  eliz elkartean baino; arazoa samur eta zuhur jokatzea da kanpoan emango dugun albistean. Eta kanpoan berri eman behar honetan, jakin nahi duen hainbat eta hainbat jenderi, hainbat eta hainbat geure anai-arrebari, kazetariei, bokaziotzat jakitera ematea duten horiei, eta honetan laguntzeko, aurreikusirik daude prentsa-zerbitzuak, briefings edo laburpenak, etab.

Baina sinodo batena bezalako prozesu bat lur joarazi daiteke hein batean, nik aretotik irtetean pentsatzen dudana esaten badut, neurea esaten badut, eta orduan gertatzen da sinodo batzuetan gertatu izan dena: sinodoz barrukoa eta sinodoz kanpokoa. Sinodoz barrukoa, Ama Elizaren bide bati jarraitzen diona, prozesuen zaintzarena,  eta sinodoz kanpokoa, arin emandako informazio batengatik, zuhurtasunik gabe emandako batengatik, lanbidez informatzaile direnak gauzak oker hartzera daramatzana. Eskerrak egiten ari zareten honengatik, eskerrak batak bestearengatik otoitz egiteagatik, eta aupa. Eta, mesedez, ez dezagun gal umore-zentzua.

Euskaraz, DIONISIOA AMUNDARAINEK

No hay comentarios: