Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 25 de octubre de 2014

Areatza 1968: Paulo Iztueta

Paulo Iztueta. Euskonews argazkia
Erroman filosofi ikasketak egin eta Arratia bailarako Areatzako sakramentinoen ikastetxe nagusira itzuli nintzenean, 1967-68 ikasturtean Filosofiako irakasle-lanak egitearekin batera Zeanuriko Ipiñaburu auzoko parroki ardura eramatea tokatu zitzaidan, idazten dau Iztuetak DEIAn.


 Azken izendapen hori ez zen guztiz nire gustukoa izan, Erromatik filosofi ikasketekin jarraitzeko asmoa nekarrelako eta parrokiarenak nik nahi baino denbora gehiago jango zidala iruditzen zitzaidalako. Hasierako nire erreparo horien kontra,ordea, ez hainbeste filosofiaren argiak baizik pastoralgintzaren praxiak jarri ninduen inguruko gizarte-errealitatearekin harreman zuzenean. Begi bat liburuetan eta beste bat herritarren eguneroko bizimoduan jarrita, ohartu 
nintzen Arratian gauzak asko aldatu zirela ni handik aldendu nintzenetik eta urrats berriak emateko unea zela. 

Aldaketaren sintomak? Bat baino gehiago. Askatasun demokratikorik ez zen garai hartan herri-mugimenduak ziren indartsuenak. Baserritarrek beren kooperatiba sortua zuten Igorren eta leku berean industrigunea zabaltzen hasia zen. Zeanuriko Lanbide-Eskolak bailarako gazteak lan-mundurako prestatzen zituen. Isilpeko mugimendu politiko-sindikalak indartuz zihoazen lantegietan eta lan-gatazkak eguneroko ogia ziren.ETA-ren aktibismoak ez ohiko jauzia eman zuen Melitón Manzanas-en hilketarekin eta gobernuaren zapalkuntza sistematikoa izugarri gogortu zen, kartzelak betez eta torturak praktikatuz. 

Euskal Gizartean aldaketa-zeinuak bakarrik gizarte zibilean, Vatikanoko II. kontzilioaren ondoko euskal elizan ere nabarmentzen hasiak zeuden. Eliz mugimenduetan Herri Gazteriak azpiegitura sendoa zeukan eta gizarte-arazoetan parte aktiboa hartzen zuen. Era berean, belaunaldi berriko apaiz gazteek eliz hierarkiak erregimen frankistarekin zeukan lotura salatzen zuten, horretarako pulpituak, agiriak, gose-grebak eta ekintza kolektiboak antolatuz. Horietako bat izan zen Gogor taldekoek 1968ko azaroan Derioko seminario handian egindako itxialdia, Pablo Gurpide gotzainak suspensio a divinis zigorraz saritu gintuena. Ekintza hartan sumatu nuen lehen aldiz kausa zuzen baten aldeko ekintza solidario baten indarra.

Kanta Berriaren aireak Maite Idirinen bidez  iritsi ziren Arratiara, besteak beste, Yupankiren poema sakonak herriratuz. Ipiñaburuko  festetan, Santiagotan, aurrean Gorbeia zuela, beste kantu batzuen artean, torturari buruzko nire poema musikatu bat kantatu zuen, eta ni hura entzutean zeharo hunkituta geratu nintzen. Herri-giroa ez ezik, parajea ere halakoxea zen. Errepide-bazterrean aparkatutako autoen ilara ia Undurragaraino iritsi zen egun hartan. 

Aktibismo politikoa ere indarrean zegoen eta, orokorrean, batez ere gazteen artean, nolabaiteko mirespena zitzaion ETA-ri. Bila joan gabe, hurbileko gertaerek ETA kide batzuk ezagutzera eraman ninduten, tartean oso hurbileko senitarteko bat neukalako. Gazte haien mistika iraultzailea, egokia izan ala ez, zuzena ala ez, mirestekoa iruditzen zitzaidan. Dena zeukaten emateko: bizia ere bai. Sinismen hark eraman ninduen erbestera, sorbaldan 28 urteko eskarmentua neramala. Damaskoko nire konbertsioa orduan eman zen, Areatza eta Ipiñabururen artean. Oraindik ere bihotz-erdia han daukat.

No hay comentarios: