Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 9 de octubre de 2014

La reconciliación: Juan Mari Uriarte



Bere haragitik bertatik, bizi izandakotik idatzi du Jaun Marik,  gaurkotasun eta etorkizun handiko gai baten inguruko liburu  hau. Izan ere, euskal herritarra den aldetik, baina batez ere, gure elizbarrutietan gotzain modura egindako lanarekin lotura zuzen-zuzena du liburu honek. Ez dira, horregatik, alferrik eta azaletik aipatuak liburuan zehar Euskal Herriko gotzainek bakearen, indarkeriaren eta berradiskidetzearen inguruan idatzitako testuak, pastoralak, asko eta asko bera egile edo ko-egile izan dutenak. Horregatik, badaki ezin dela erabat objektiboa eta inpartziala izan …; baina, hala ere, aurre egin nahi izan dio erronkari.

Bere haragitik … eta baita nolabaiteko errespetuz, beldurrez idatzi du Bilboko eta Donostiako gotzain izandakoak, liburuaren sarreran aitortzen duen moduan;  beharbada batzuentzat oraindik berradiskidetzeari buruz idazteko goiztxo izango delakoan, beste batzuentzat konnotazio erlijioso handiegiko kontzeptua izango delakoan …; baina, hala ere, berak uste du badela garaia gure herriaren orainarentzat eta, bereziki, etorkizunarentzat hain garrantzitsua den kontu honen inguruan idazteko, argi utzita pentsamendu sozial kristauaren ikuspegitik, Elizak eskaini behar duen zerbitzu baten partaide, baina apal-apalik, erretiroa hartuta duen gotzain bat dela gogoan izanik. 

Eta Juan Mari bere idazkietako estiloari zintzo jarraitzen dio liburu honetan ere. Alde batetik, ongi egituratutako testua dugu. Liburu osoaren egitura aztertzen badugu, guztiz orekatua eta ordenatua dugu: Lehenengo bi kapituluek ukitu antropologikodunak: kontzeptua bera ondo definitzen eta oinarri etiko baten gainean eraikitzen. Hurrengo biak fedearen ikuspegitik: berradiskidetzearen kontzeptu kristaua, Jesusen eta Paulo Deunaren arabera; eta, bestetik,  Elizaren betebehar berradiskidetzailea. Eta azken biak berriro gizartera itzuliz, ondo zehaztuz gure herriko eragileek zein leku duten berradiskidetzearen esparruan; eta, bereziki, hezkuntzarekin lotutako eragile eta erakundeek. Honekin batera, kapitulu bakoitzaren garapenak ere egitura argi eta zorrotza jarraitzen du, atal eta azpiatal ezberdinak bata bestearekin ongi josita.

Argitasuna batetik, eta hizkera argia, iradokitzailea, samurra, sugerentea, bere idazkera ohikoa den moduan. Sarri azaltzen zaizkigu bizitzatik bertatik ateratako irudiak, ulermenaren argitasunerako eta irakurketaren gozamenerako: “El diálogo como avenida que nos conduce a la plaza mayor de la paz”  (85. Orr.)

Edukiari berari bagagozkio, zaila da laburtzea, berradiskidetzearen inguruan hizketan ari dela “euskal gatazkarekin” zerikusi duten ia arlo guztiak ukitzen baititu, arlorik korapilatsuenak barne: Euskal Elizaren rola urteetan zehar, euskal gizarte osoaren jarrera ezberdinak eta, bereziki, biktimen aurrekoak; elkarrizketa, barkamena, presoak, alderdi politikoak, Estatuaren organoak, ETAren desarmea … Ez dio ezeri ihes egiten eta zintzotasunez “bustitzen” da kontu guztietan. Lerro hauek sinatzen dituenak bereziki azpimarratu nahi ditu bosgarren atalean egiten duen euskal gizartearen azterketa, alderdi politikoak eta Eliza barne. Zaila da argiago laburtzea azken urteetan euskal gizarteko sektore ezberdinek (herritarrak orokorrean, abertzaleak zein ez abertzaleak, kolore eta joera ezberdinetako alderdi politikoak, Eliza bera) gure herriak bizi izan duen gatazkan mantendu duten jarreraren deskribapena eta balorazioa. Hala ere, bada kontu bat, nire uste apalean, oso argi utzi ez duena, tonu ilun eta kontraesankor samarra erabilita; biktimen identitateaz ari naiz: denak ote diren biktimak (bai ETAk bai Estatuak eragindakoak), denek merezi ote duten aitortza bera edo zaku berean sartu ote daitezkeen. Bi muturretatik (esklusioa eta denak zaku berean sartzea) ihes egin nahian, erdibide ilun samar batean geratzen dela uste dut. Baina iritzi pertsonala da.

Edonola ere, gaurkotasun  (eta etorkizun) handiko liburua dugu, inor indiferente utziko ez duena, eta bakarka baino taldean irakurrita probetxu handiagoa aterako zaiona.


Juan Mari Uriarte, Sal Terrae (Presencia Teológica), 2013, 148 orr.
  

No hay comentarios: