Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 16 de mayo de 2014

San Isidro eta gure herri txikiak

Zeanuriko umeak San Isidrotan
Txapela eta makila, etxeko ogia, umeek eurek egindako magdalenak, sagarrak eta ortuariak... eroan eutsezan Zeanuriko umeak santuari bere bedeinkapena jasoteko jai egunean. Herri otoitzak be egin ebezen bere argitasuna eskatuz.



Gogoetak

Beti egon dira krisi sasoiak. Bibliako lehen liburuan, Hasierako liburuan, Faraoia (gaur egun Obama edo) eta Jose amets baten gainean dabiz berbetan. 7 behi argalek 7 behi lodi jaten ebezan amets haretan. Inork ezin asmatu ametsaren esangurea eta azkenean Jose da azalpena emoten dauena. Behi bakoitza urte bat zan. Lodiak ugaritasuna eta aurrerapena, argalak gosea eta eskasia, urte ederrak ahaztutera be eroango ebezenak, jango ebezenak.

         Krisi bakoitzak bere eragina izan dau gure herrietan. Lehen, oinez edo tranbian, fabriketara, herriak hutsituz. Orain, kontrako joera be badago. Batzuk guregana datoz lasaitasun bila, beste batzuk etxeak merkeagoak zirelako.

         Gure herrian be igarri dira aldakuntzak. 

         Herriko bizimoduak baditu bere bentajak. Auzotarren bizimodua, izateko eta bizitzeko modua. Agur esateko ohitura. Bentana bat luzaro itxita badago arduratu, erosketak eroateko lagundu, auzokoari lagundu soloan edo ortuan, gaixoa bisitatu.

         Umeak ere gurean libreago dabiz kalean eta naturagaz hartuemonetan. Olgetako beste era bat.

         Ardurak ere badira.

         Erdera zelan nagusitzen dan gure plazan, gure umeengan.

         Betiko bide zabal batzuk orain itxita ikusten ditugu.

         Ondareari begira, pintadak ermitetan edo frakingaren arriskua gure inguruan.

         Nekazari eta labradoreen zahartzea, ordezkapen naturala egiteko arazoak. Zeanurin, 12 bat baserritar dagoz abeltzaintzatik edo nekazaritzatik bizi diranak, Bizkaia Irratiaren arabera.

         Bizkaiko Eleizeak be Bilboren aldeko apustua ez dakit ez badau egin, herri txikiak bigarren mailan itxita, bide barriak zabaltzeko bildurrez.

         Emakumeen zeregina, baloratzekoa dana, kontuan hartzekoa, eskertzekoa, herrian eta parrokian.

         Beharra eta otoitza, fedea eta bizitza

         Jarri daigun ba gure bizimodu guzti hau, bere gauzak onak Jainkoa bedeinkatu dagizan, eta gure ardurak, Jainkoak argitu gaizan.

         San Isidro dogu lagun Jainkoaren ondoan. Berak argitu gaizala gure beharragaz batera gure otoitzak ez dagian izan etenik. Beharra eta fedea uztartu daiguzan.
        




No hay comentarios: