Goazen 2024 Jarri bidean

sábado, 30 de octubre de 2021

Bizitzaren atea dukegu heriotza: Joxan Artze

Ume aroa gogoratu dut poemak irakurtzerakoan. Asko poema labur trinkoak, sendo bezain esanguratsuak. Umetan, ez dakit nondik ikasita, saldan holako behi okelaz edo haragiz egindako pasta bat urtzen ziguten, gustua eta alimentua zeukala-eta. Bovril zeukan izena. Ezin ha beste barik jan. Lehendabizi saldan urtu. Bere gustuak jatekoa aberastu egiten zuen. Artzeren poema asko holako pasta sendoaz egindakoak egin zaizkit. 


Irakurri hemen lehen atala:

heriotzaren ataria dugu bizitza: Joxan Artze



Bizitzaren saldan urtu eta gustua astiro, bizitza guztian zabaltzeko modukoak. Poeta begetariano batek ez du gustuko izango irudi hau baina irakurleari baliogarri bazaio… Ez jan poemak koilarakadaz, ez bete ahoa letraz. Hartu apur bat, bizitzan urtu, bizitzari bere argia eta gustua eta kolorea eta grazia ematen laga. Izan ahoan, bihotzean, luzaro eta prisa barik poema hura, hurrengoari ahokada egin aurretik.
Artzeren estiloan ohikoa denez, poema batzuk garatzen doaz orrialdeak pausatu ahala. Bigarren irakurketak lehenari beste argitasun bat gehitzen dio, beste pausu bat aurrera ematen laguntzen digu. Adibide ditugu: Begiak argi (11, 31 eta 55); Lurrak irrintzi (13 eta 25); Ereilearena (90 eta 158) eta Iturri zaharretik klasiko zoragarriaren bost bertsio mailakatuak (II 118-119).
Poema asko datatuta ematen dizkigu. Poema batzuk bost urteko ibilbidea egin dutela dakusagu. Beste askotan jatorria ere argitzen digu bere oharrak: eguneko santuari dagokiona (30), ebanjelio txatala (176; II, 147) edo Orduen Liturgiari dagokion aipamena (154). Bere lehenagoko libururen baten aipua, herri bertso bat, toki bat… horreek ere sarri dira. Lanak argi egin nahi dio bizitzari. Lur eta bizitza zehatza dira iturri eta erronka.
Ale biotan hainbat poema anaiaren heriotzari eskeiniak dira (97, 108, 110-114 eta II 83, 84, 154, 185). Heriotzak izen propioa dauka. Maite dugunaren izena. Maite gaituanaren izena. Bizitza eta maitasuna, poetaren fede aitorpena, bilakaera, otoitza.
Jainkoaren isiltasunari buruzko gogoeta sugerikorrak ere aurki ditzakegu orrialdeton (II 48, 52, 88, 151, 218).
Aipatzekoa egin zait behar dugunaren eta nahi dugunaren artean dagoen ezberdintasun horretatik poetak ateratzen dituen ondorioak, asko umeen heziketari dagokiozan arloan, baina helduen bizimoduari ere on dagiguna kontsumoaren hatzaparretatik libre ibili gaitezen ( 130-134, 141, II 126).
Era kritiko profetiko honetan, ezin utzi aipatu gabe bederen, diruaren erabileraren aurkako salaketak (129, 210; II 189-190, 193, 196, 202, 210); apaltasunari egindako laudorioak eta harrokeriari emandako egurra (74-76, 167, 69, 74, 125, 167, 202); edota elizgizonei egindako salakuntza euskararekiko dugun ez axolakeriaz (147). Gogorrak dira, baita ere, autismoari, gaurko gizon moderno “autistari” egindako ziri zorrotzak (119-120, 189).
Hainbat gai gehiago ere badago holako liburu bikoitz aberats honetan. Baina iñurritxo honek egin ditu hainbat buelta eta hona eskeintzen dizun irakurketa posible bat. Olerkariaren zereginaz ere badabil poeta. Otoitzaz ere bai. Liburuotan ageri diren poema batzuk erabiliak izan dira otoitzaldi eta elizkizunetan. Liburuok astiro hausnartuz gehiago izango direlakoan nago. Horra liburuon beste irakurketa posible bat.
Horregaitik, eskerrik asko eta zorionak Joxan Artze.


Jose Mari Kortazar, hemen 41 (2014) 80-83



No hay comentarios: