Goazen 2024 Jarri bidean

lunes, 13 de mayo de 2013

Gurutzea bere etxera itzuliko da


Bizkaiko Hitza: Ermitetan gauza gutxi agertzen dira, baina noiz edo noiz bitxikeriak ere topatzen dituzte", dio Labayru ikastegiko Ander Manterolak. Zeanuriko Santa Lutzi ermitan 1990ean egin zituzten indusketak, eta, harako behar haietan, Bizkaian egun ezagutzen diren gurutzeetatik zaharrenetakoa aurkitu zuten.


Ordutik, Bilboko Eleiz Museoan egon da. Domekan, baina, Zeanurira itzuliko da. Ibilaldia egin ostean, prozesioan eroango dute, mezatara. Aurretik, eguaztenean, Manterolak Zeanuriko gurutzeei buruzko berbaldia egin zuen udaletxeko osoko bilkuren aretoan: Zeanuriko kurutzeak: fedea, artea eta historia.
Manterolak honako azalpen hau eman dio gurutzea herria itzultzeari: "Pasa den barikuan Gurutzearen Eguna izan zen. Bizkaiko hainbat lekutan egin dira erromeriak: Bizkargin, Zeberion, Areatzan... Jesus gurutziltzatua egon zen benetako gurutzea aurkitu zenekoa gogoratzen du Elizak. Zeanuriko parrokoak gurutze hau herrira ekarrita ospatzea pentsatu du. Erdi Aroko gurutze bat baduela gogoratuko dugu. Ez da meritu txikia, gero". Manterolaren esanetan, Euskal Herria herri pobrea izan da, eta "halako altxorrak harrotasunez gorde behar dira".

Herrian jende gutxik ezagutzen duela aitortu du. Ez daki jatorriz gurutzea bertakoa den, baina, gutxienez, bertan egon izan da ezkutatuta. "Bizkaiko zaharrena ez bada, zaharrenetakoa izango da. Badira garai hartako beste batzuk ere. Etxebarriko gurutzea, adibidez. Antzekoa da, eta sasoi bertsukoa".

Manterolaren esanetan, prozesioetarako erabiltzen zen, aurretik bidea irekitzen joateko. "Sakramentuak ospatzen diren eliza batek daukan elementu normal bat da. Ez dut uste elizak aparteko garrantzirik izango zuenik". Baselizari buruz dakitena Gurutze Arregik egindako ikerketei esker ezagutu dute. "Azterlan bat egin zuen, eta 1987an argitaratu zuen Labayruk haren emaitza: Ermitas de Vizcaya. Lan hartan azaltzen zen Santa Lutzi ermita hau Gortazar izeneko jauregiarena zela; eurek erabiltzen zutela. Hau da, Gortazar izeneko noble familia batena zen. Gero, jauregia desegin egin zen, eta bertakoak Bilbora joan ziren bizitzera. Ostean, Madrilera", azaldu du baselizaren jatorria.

"Indusketak egin zirenean, lehenengo hilobi batzuk aurkitu zituzten. Gero, behearen gaina altxatu zuten. Beste gauza batzuen artean, brontzezko gurutze hau agertu zen". Metalezkoa zenez, egoera onean aurkitu zela dio, nahiz eta lohituta egon.

Estilo nahasketa

Gurutzea Erromaniko eta Gotiko aroen arteko trantsizio sasoikoa da. Tamainaz ez da oso handia. "Zehatz ez dakit zenbatekoa den, baina 30 zentimetro baino askoz gehiago ez ditu izango". Jesukristoren irudia koroatuta agertzen dela azaldu du. "Baina ez arantzazko koroagaz, geroago Gotikoan eta Barrokoan egin izan den legez. Errege koroa dauka, Erromanikoan bezala. Horrek adierazten du zer sinesmen zuten ordukoek: gurutzean hildakoa munduko erregea dela, zeru eta lurretakoa". Eta, gainera, jantzita ageri da, Gotikoan legez. "Belaunetara arteko jantzia dauka, gona moduko bat". Normalean hiru iltzegaz zulatuak agertu ohi dira Jesusen irudiak. Honek, ordea, lau ditu. Hau da, bi oinak iltze banarekin, Erromanikoan egiten zen legez. Estilo horretakoak ditu beste ezaugarri batzuk ere: besoen horizontaltasuna eta minik adierazten ez duen aurpegia. Gotikoan hasi ziren burua alde batera makurtuta irudikatzen, eta Zeanuriko honek ere hala dauka.

Kobrea gerora urreztatu egin zuten, eta esmaltea ere eman zioten. "Irudi landua da, liturgiak eskatzen duelako. Harribitxiren bat ere badauka. Baina ez pentsatu goi mailako apaindurarik duenik". Idazkiak ere baditu. Aurrealdean, XRS eta IHS agertzen dira. Hau da, Kristoren izena grekoz eta latinez. Atzeko aldean, berriz, alfa eta omega letra grekoak ditu irudikatuak. "Apokalipsi liburuaren arabera, hasiera eta bukaera adierazten dituzte". Domekan ikusteko aukerarik ez duenak astelehenetik aurrera Eleiz Museoan izango du ikusgai.

No hay comentarios: