Goazen 2024 Jarri bidean

viernes, 24 de mayo de 2013

"Zeanuriko kurutzeak" hitzaldia Ander Manterolagaz



Maiatzaren 8an Ander Manterolaren berbaldia egon zan Zeanurin.
Kurutzerik handiena eta zaharrena Zeanurin dagoz.



Lehenengoa, handiena, Gorbeiakoa: 1900. urtean, Leon XIII. Aita Santuak esan eban mendi tontorretan kurutzeak jartzea komeni zala, fedearen ezaugarri moduan. Anderrek esan ebanez, Zeanuriko herriak borondate handia euki eban kurutzea ipinteko Gorbeian. 33 m eta 33 cm-koa izan zan altxau eben lehenengo kurutzea. Eta irailaren 14an bedeinkatu eben, nahi-ta guztiz amaituta ez egon. Haize handia egon zanez, beheratxoago egin eben inaugurazio ospakizuna.

Handik hilabetera, kurutzea jausi egin zan, eta material bardinegaz 23 m-ko kurutze barri bat egin eben. Eta orain dagoana hirugarren kurutzea da, 17 m-koa. Gerotxoago Begoñako amaren irudia jarri zan erdian; eta baita buzoi bat eta mapa bat, nahi-ta orain estropeatuta egon. Anderrek esan eban moduan, komeniko zan mapa hori konpondu eta zaintzea.

Gorbeiako kurutzea Euskal Herri osoan sano inportantea izan da eta kantak eta bertsoak hainbat egin jakoz.
Bigarrena, zaharrena, Santa Lutzikoa da: Orain dala 23 urte, lurpean aurkitu zan, auzokoak konponketa lanetan ebizela.
Anderrek esan eban, antza danez, ermitak zaharragoak direla elizak baino; eta kofradiak zaharragoak direla herria baino.

Zeanurin hilobi asko aurkitu dira ermitetan. Hortik dakigu gaur egun ermitak diranak lehenago parrokia izango zirala, eta horren seinalea da hilobiak dituela. Anderrek adierazo ebanez, seguraski, Santa Lutzi be antxina parrokia izango zan. Arduradun bat eukan, bateatu egiten zan eta hiletak be egiten ziran, antza danez. Informazino hau barik, ezin lei ulertu Santa Lutziko kurutze hau.
 

Santa Lutzi XIV. mendekoa da. Baina arkeologoek dinoe aurreragoko beste ermita baten ganean egin zala. Horren ezaugarria da altarapeko harritxoa, martirien erlikiak gordetekoa. Kurutzeaz aparte, altarearen ostean ezpata bi aurkitu ebezan, baina desagertu egin ziran. Anderrek azpimarratu eban ze garrantzitsua dan aurkikuntza honeek ondo zaintzea, balio handikoak diralako antxinako gauzak ezagutzeko.

Kurutzearen ezaugarriak: kurutzeak bastago txiki bat dauka behealdean, eta horrek esan gura dau prozesinoak egiteko erabilten zala; 17 cm ditu; beso bi daukaz, goikoa laburragoa behekoa baino; brontzezkoa da; Jesusek daukan koroia ez da arantzazkoa, errege koroia da; eta eskuek eta oinak proportzinoz handiak dira; besoen amaieran liz lorearen ezaugarriak ditu. Horregaitik guztiagaitik esan geinke XI. mendetik XIII. menderartekoa (1230 edo 1240 ingurukoa) izan daitekela, ezaugarri gotikoak eta erromanikoak ditualako. Anderrek esan ebanez, horrek erakusten dau gure fedea ez dala oraingoa, antxinakoa dala, gure fedea zaharrek euken fede bera dala.

Kurutzea bera zaharra da, baina herriarentzat barria. Bizkaiko kurutzerik eta zaharrena da, Bolibarrekoa eta Etxebarriakoagaz batera.

Maiatzaren 12an Zeanuriko Parrokian izan gendun, herritar guztiok ikusteko moduan.

Miren, Batirtze, Maite eta Olatz


 


No hay comentarios: