Goazen 2024 Jarri bidean

jueves, 2 de mayo de 2013

Jaia Santikurutz ermitean Zeanuri eta Areatza bitartean

Santikurutz ermitea
Tradizioari jarraituz, Maiatzaren 3an da Kurutze Santuaren aurkikuntzaren jaia. Aurten maiatzaren 4ean,zapatuz ospatuko da. Goizeko hamabietan izango da mezea, hamaiketakoa eta trikia.

Jai honetarako liturgia lagungarriak eta irakurgaiak.
Iazko kronikatxoa.


Maiatzak 3: KURUTZE SANTUAREN AURKIKUNTZA

Hasierako agurra

              Senideok: Kurutze Santuaren aurkikuntzaren eguna ospatzen dogu gaur, Jesukristoren Kurutze Santuaren Goralpen-jaia. Gure kristau-fedearen ezaugarri nagusi den Kurutzera begira jartzen gaitu egun honek. Hor ezarri dau-eta Jainkoak gizon eta emakume guztion salbamena; hor, betiko bizira daroan biztueraren lehen oinarria.
              Elkarteko ospakizun honetan baturik, eskerrak emongo deutsaguz, gu bizi gaitezen bere bizia emon dauen Jaunari, eta bizi horren fruituak oparo jaso dagiguzala eskatuko deutsagu Berari.

Damu-otoitza

Senideok: Kurutzean salbamena
irabazi deuskun Jesukristo Jaunarengan
gure uste osoa jarririk,
ospakizunaren hasieran
eskatu deiogun Jaunari bere errukia
eta gure pekatu guztien barkamena. (Isilunea)

-       Jesus Jauna, Kurutzean josita, / salbamen-ezaugarri zaituguna: Erruki, Jauna.
-       Jesus Jauna, Kurutzean josita, / neurrigabeko maitasuna adierazten deuskuzuna: Kristo, erruki.
-       Jesus Jauna, Kurutzean josita, / betiko bizia eskeintzen deuskuzuna: Erruki, Jauna.

              Erruki dakigula...

Otoitza

Jainko Jauna,
Gizon-emakume guztiak zure Semearen bizitzak, maitasunak eta kurutzeko heriotzeak salbatzea nahi izan dozu:
egizu, misterio hori mundu honetan ezagutu dogunok
salbamenaren frutua lortu dagigula, orain munduan eta gero zeruan.
Zure Seme Jesukristo.


Lehen irakurgaia

Zenbakiak liburutik (Zen 21, 4-9)

Egun hareetan, Hor menditik Itsaso Gorrirako bidea hartu eben israeldarrek, Edomgo lurraldea inguratzeko asmoz. Baina herria, bideaz gogaituta, txarto esaka hasi zan Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atara ginduzuzan Egiptotik? Basamortuan hilteko? Ez dogu ogirik, ez urik, eta asperturik gagoz mana dalako janari kaskar honegaz».
Jaunak suge pozoitsuak bialdu eutsazan herriari, eta hareen ziztadaz israeldar asko hil zan. Orduan, Moisesegana joan eta esan eutsoen: «Pekatu egin dogu, Jaunaren eta zure kontra txarto esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak gugandik urruntzeko».
Erregutu eban Moisesek herriaren alde, eta Jaunak esan eutsan: «Egizu brontzezko suge bat eta ipini haga baten muturrean. Sugeek zizta egindako guztiak, brontzezko sugeari begiratzean, osatu egingo dira».
Egin eban Moisesek brontzezko sugea eta hagearen muturrean ipini eban. Eta sugeren batek norbaiti zizta egiten eutsanean, brontzezkoari begiratzean osatu egiten zan.


Salmoa

Sal 77, 1-2. 34-35. 36-37. 38

R/. Ez ahaztu Jainkoak eginak

Entzun, ene herri, nire irakaspena,
makurtu belarria nire esanetara.
Ipuinetan berba egingo dot,
antzinako ezkutukiak azalduko ditut. R/.



Ebanjelioa

Jesukristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Joan 3, 14-21)

Aldi haretan, Jesusek esan eutson Nikodemori:
- «Moisesek basamortuan sugea jaso eban lez, holantxe jaso-beharra da Gizonaren Semea; sinisten deutsan guztiak betiko bizia izan dagian.

Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua: bere Seme bakarra emon deutso, Honi sinisten deutsonik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino.

Jaungoikoak ez dau bere Semea mundua galtzeko bialdu, Haren bitartez mundua salbau daiten baino. Hari sinisten deutsonak ez dau auzirik izango; sinisten ez deutsonarentzat, barriz, erabagita dago auzia, Jaungoikoaren Seme bakarraren izenean sinistu ez daualako.

Honetan dago auzia: etorri da argia lurrera, eta gizonak maiteago izan dabe iluna, argia baino; okerrak ziralako euren egiteak. Izan ere, txarto egiten dauanak gorroto deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak salatuko daben dildurrez. Egia beteten dauna, barriz, argitara dator, bere egiteak agertu daitezan, Jaungoikoak nahi dauan lez eginak dira-ta».

Gogoeta




Jainko-herriaren otoitza

              Senideok: Kurutzean jasoa izan dan bere Semearengan salbamena eta betiko bizia eskeintzen deuskun Jainko gure Aitari egingo deutsagu orain otoitz, mundu osoaren eta gizaki guztien alde eskatuz.

-       Jesusen Kurutzearen bidez, gorde dagiala Eleizea sinesmenean sendo, itxaropenean zintzo eta maitasunean iraunkor, eskatu daiogun Jaunari.
-       Jesusen Kurutzearen bidez, emon deitsiela herri guztiei alkarren arteko adiskideta­suna eta bakea, gizaki guztiak euren nortasun eta askatasunaren jabe izan daitezen, eskatu daiogun Jaunari.
-       Jesusen Kurutzearen bidez, emon deitsiela gaixoei osasuna eta eroapena, zapaldu eta katibuei askatasuna, eta sufritzen dagozen guztiei barru-laguntasunaren berotasuna, eskatu daiogun Jaunari.
-       Jesusen Kurutzearen bidez, emon deiskula hemen batuta gagozen guztioi egunero geure Kurutzea hartu eta Berari jarraitzeko indarra, batez ere behartsu eta baztertuen zerbitzuan, eskatu daiogun Jaunari.

              Hau da, Jaungoiko gure Aita, Zuk onartuko dozun ustetan, egun honetan egiten deutsugun otoitza. Egizu, zure Seme Jesukristorekin batera geure Kurutzea eroanez, heldu gaitezela Berarekin biztuerara. Errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Oparigaien otoitza

Opari honek garbitu gaizala, Jauna,
pekatu guztietatik;
beronek kendu eban kurutzeko altaran mundu guztiko pekatua.
Jesukristo.

Prefazioa


Jauna zuekin.
Eta zure espirituarekin.

Gora bihotzak.
Jaunagan daukaguz.

Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari.
Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, eta zuzen
non-nahi eta beti Zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz Santu,
Jaungoiko ahalguztidun betiko Horri.

Kurutzeko zugatzean ezarri dozu
gizon-emakume guztien salbamena:
heriotzea sortu zan toki beretik sortu zedin bizia,
eta zugatzean izan zedin garaitua,
zugatzean garaile izandako arerioa,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Beronen bitartez, aingeruak zure handitasuna goresten dabe,
espiritu dohatsuak zure ospea adoratzen,
goiko indarrak Zuri ahuspez agur egiten,
poztasun berak ditu zerutar guztiak alkartzen.
Onartu egizu, Jauna,
euren gorespenekin bat egin daiguzala geuk ere
gure kantu hotsak:

Santu, Santu, Santua…

Jaunartze osteko otoitza

Jesukristo gure Jauna,
zure eskutik hartu dogun janariak indar-barriturik,
Zeuri otoitzez gagoz;
Kurutzeko zugatzaren bidez bizi-barritu gaituzunok
eroan gagizuz biztueraren zorionera.
Errege bizi zara-ta.


Jaia Santikurutz ermitean Zeanuri eta Areatza bitartean 2011. urteko kornika laburra



Tradizioari jarraituz, Kurutzearen aurkitzearen (maiatzak 3.a) jai osteko hurrengo zapatuan 60 bat lagun alkartu gara Zeanuriko enklabe honetan, Santikurutz jaia ospatzeko. Aurten belu hasi da mezea, etortzeko ziran abade biak, Aita Juan Jose eta Jose Mari, atzeratuta etorri diralako karrera ziklista batek bidea ebagita euki dau-eta.

Hasieran landak, ortuak eta jendeak eskuan zituan adarraz egindako kurutzeak bedeinkatu dira ur eta gatzaz, bertaratuak "Bedeinkatua Zu!" kantetan eben bitartean.

Mezatan, aurtengo maiordomo dan Marianok, ermita honen ohiturak eta historia kontatu ditu, jendeak arreta handiz jarraituz azalpenok. Kanpoan haize gogorrak eta euriak joten eben bitartean, barruan fedearen beroak eta kanten alaitasunak batu ditu partaideak.

Amaitzeko, bertaratu guztien indarrak barritzeko, hamabitako ugaria bezain gozoa eskeini da. Tamalez ermitara heltzeko azken metroak txarto baino txarto dagoz. Dei egiten deutsiegu Areatza eta Zeanuriko udalei, alkar lanean, bitarte hori atontzeko, ahal izan ezkeroz.

Mariano maiordomoa


Informazio gehiago, hona hemen Areatzako KT aldizkaria.