San Isidro, maiatzak 15
Liturgia lagungarriak
MAIATZAREN 15 SAN ISIDRO
Senideok: Isidro
santuaren jaia ospatzen dogu gaur, pozik eta alaitasun handiz ospatu ere, Eliza
osoarekin bat eginik. Berau dogu-ta geure Zaindaria, kristau-elkarte honen
eredu eta laguntzailea. Gizon honek zintzo egin eban Ebanjelioko bidea, eta
Jainkoarekin bizi da betiko zorionean.
Santuek argi egiten deuskue bizitzako bideetan eta laguntzaile ditugu
eguneroko arazoetan. Ospatu daigun, bada, fede handiz eta esker onez Isidro
santuaren oroipen pozgarria.
Damu-otoitza
Ospakizun honen hasieratik
jarri gaitezen, senideok, Jaunaren aurrean.
Berak deitu gaitu gaur elkartean jai hau ospatzera,
eta batzarraren erdian dogu Bera geurekin.
Biziaren Hitza eta Ogia emongo dauskuz,
eguneroko bidean argi eta indar izan dagiguzan.
Eskatu deiogun lehen lehenik geure pekatuen parkamena. (Isilunea).
- Jesus Jauna, Zugan sinesten
dabenen indar zaituguna: Erruki,
Jauna.
- Jesus Jauna, zure
jarraitzaileen itxaropen zarena:
Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, Zugan bizi
diranei betiko bizia emoten deutsezuna:
Erruki, Jauna. Erruki dakigula...
Otoitza
Jainko Jauna,
Isidro nekazari santuaren umiltasunean
Kristogaz bate gindako bizitza isilaren eredua
emon deuskuzu;
egizu, gure eguneroko lanak
geroago ta gizakoiago bihurtu dagiala gure mundua,
eta, aldi berean, gorespena emon deiola zure izenari.
Zure Seme Jesukristo.
Lehenengo irakurgaia Santiagoren Epistolatik
(Santiago 5,7-8.11.16-17)
Beraz, senideok, izan pazientzia Jauna
etorri arte. Begira nekazariari: lurraren fruitu ederraren zain egoten da eta
pazientziaz itxaroten ditu sasoian sasoiko euriak. Izan pazientzia zuek ere,
eta bete zaiteze adorez, laster etorriko da-eta Jauna.
Zoriontsu
aitortzen ditugu horrelako eroapena izan ebenak. Ezaguna dozue Joben eroapena,
eta badakizue zelako azkena emon eutson Jaunak; Jauna, izan ere, bihozbera
eta errukiorra da-eta.
Aitortu batak besteari zeuen pekatuak, eta egin otoitz
alkarren alde, sendatu zaitezen. Indar handia dau zintzoaren otoitz sutsuak. Gu
bezalako gizakia zen Elias ere, baina sutsu egin eban otoitz euririk egin ez egian,
eta hiru urtez eta sei hilabetez ez eban lurraren gainera euririk egin.
Ebanjelioa
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen
liburutik (Jn 15, 1-8)
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Neu naz egiazko mahatsondoa, eta
nire Aita da nekazaria. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena inausi egiten dau
Aitak, eta frutua emoten dauana garbitu eta muskildu, frutu gehiago emon
dagian. Zuek garbi zagoze dagoaneko, Nik adierazo deutsuedan berbeari esker.
Zagoze Nigan, Ni zuekan lez. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik
emon ezin dauan lez, ezta zuek ere, Nigan ez bazagoze.
Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni haregan lez,
horrek frutu asko emoten dau; Ni barik ezin dozue-eta ezer egin. Nigan ez
dagoana kanpora botaten dabe, ebagi eta ihartzen dan aihena lez; gero, batu,
sutara bota eta erre egiten dabe.
Nigan bazagoze eta nire berbak zuekan badagoz, eskatu gura dozuena eta izango
dozue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu
asko emotean».
Jainko-herriaren otoitza
Senideok: Eskatu eta
emongo jakula esan deusku Jesusek. Aurkeztu deioguzan, bada, geure eskariak
Jainko Aitari, Isidro santua otoitzean lagun dogula.
- Eliza osoarentzat: Santuen
oroipenak sinesmenean zintzo irauten eta maitasunean gogotsu bizitzen lagun
deiskun, eskatu daiogun Jaunari.
- ….ko gure herriaren alde eta
bertan bizi garan guztion alde: gazte eta heldu, haur eta gurasoentzat;
familientzat; herri-agintari, elkarte eta gizarte-erakunde guztientzat, eska
daiogun Jaunari.
- Gure herriko kristau
elkartearen alde: gure fedea pozik bizi daigun eta familietan nahiz eskola eta
beste azalpen guztietan fede hori haur eta gazteei egoki adierazten jakin
daigun, eskatu daiogun Jaunari.
- Gure artean nahiz edonon
sufritzen eta oinazetan dagozanen alde; gaixorik eta larrialdian aurkitzen
diranen alde, eskatu daiogun Jaunari.
- Ospakizun honetan batuta
gagozenon alde: Isidro santuaren jai honek batasunean eta elkar maitasunean
aurrera eragin gaizan, eskatu daiogun Jaunari.
Onartu, Jainko Aita,
zeure herriaren eskariak: isuri egizu guregan eta mundu osoarengan zure
maitasun Espiritua. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.
Oparigaien gaineko otoitza
Hona hemen, Jauna, ogi eta ardao honeek:
Isidro nekazari santuak lez,
gizon emakumeak bere izerdiz emonazo deutsoz lurrari;
onartu egizuz eta santu egin.
Jesukristo.
Jaunartze ondorengo otoitza
Iguzu, Jauna,
hartu dogun sakramentu hau
maitasun handi baten hazia izan dedila gugan;
eta, gaur gogoratzen dogun Isidro santuaren antzera,
gure eguneroko ogia
geure anai-arrebakin banatzen jakin dagigula. Jesukristo.
Beti egon dira krisi sasoiak. Bibliako lehen liburuan, Hasierako liburuan,
Faroia (gaur egun Trumo edo) eta Jose amets baten gainean dabiz berbetan. 7
behi argalek 7 behi lodi jaten ebezan amets haretan. Inork ezin asmatu
ametsaren esangurea eta azkenean Jose da azalpena emoten dauena. Behi bakoitza
urte bat zan. Lodiak ugaritasuna eta aurrerapena, argalak gosea eta eskasia,
urte ederrak ahaztutera be eroango ebezenak, jango ebezenak.
Krisi bakoitzak bere eragina izan dau gure herrietan. Lehen,
oinez edo tranbian, fabriketara, herriak hutsituz. Orain, kontrako joera be
badago. Batzuk guregana datoz lasaitasun bila, beste batzuk etxeak merkeagoak
direlako.
Gure herrian be igarri dira aldakuntzak.
Herriko bizimoduak baditu bere bentajak. Auzotarren
bizimodua, izateko eta bizitzeko modua. Bentana bat luzaro itxita badago
arduratu, erosketak eroateko lagundu, auzokoari lagundu soloan edo ortuan,
gaixoa bisitatu.
Umeak ere gurean libreago dabiz kalean eta naturagaz
hartuemonetan. Olgetako beste era bat.
Ardurak ere badira.
Erdera zelan nagusitzen dan gure plazan, gure umeengan.
Betiko bide zabal batzuk orain itxita ikusten ditugu.
Ondareari begira, pintadak ermitetan edo gure inguruan.
Nekazari eta labradoreen zahartzea, ordezkapen naturala
egiteko arazoak.
Emakumeen zeregina, baloratzekoa dana, kontuan hartzekoa,
eskertzekoa, herrian eta parrokian.
Jarri daigun ba gure bizimodu guzti hau, bere gauzak onak
Jainkoa bedeinkatu dagizan, eta gure ardurak, Jainkoak argitu gaizan.
San Isidro dogu lagun Jainkoaren ondoan. Berak argitu
gaizala gure beharragaz batera gure otoitzak ez dagian izan etenik. Beharra eta
fedea uztartu daiguzan.
SAN ISIDRO nekazaria
Egia esan, San Isidro hau apala izan
da, ezer gitxi dakigu bere bizitzatik. Baserriko landa ertzeko lore apal baizen usaintsua dirudi. Gehienetan bere
bizitza zehatza baino gehiago, gainetik ezarri jakozan ipingiak agertzen dira.
Hona hemen dakigun apurra.
XII. gizaldian Madril aldeko
labrantza baten eguzki galdatan lan egiten eban nekazari ezezagun bat. Maria Toribiagaz ezkondua zan. Gaur egun Santa Maria de la Cabeza izenez
ospatzen da. Mirariz edo lortu eben semetxo bat.
Beste baten menpeko langile zaildua
dogu Isidro. Izerdiz ondo bustitako ogia jan eban. Lana eta otoitza etenbakoak izan ziran
Isidroren esku-bihotzetan. Txikiak
gora jaso eta handikiak apalduten dituan Jainkoak jaso eban hain gora
Manzanares ibai ertzeko nekazari apal hau.
Bere sasoiko Alfontso VIa erregea gaur ahaztuta dagoan artean, Madril osoak eta inguruko guztiok goratzen
eta ospatzen dogu San Isidroren jaieguna. Maisu eta idazle ospetsuak nok
baino nok handiagoak dinoez San Isidrori buruz. Eta bere antzeko nekazari zintzoak eleizbira eta kalejira ederrak
eskeintzen deutsoez. 1170. urte aldera hil zan.
1622. urtea gomutagarria da guretzat: Gregorio XV. Aita Santuak era batera
ezarri ebazan aldaretan Loiolako Inazio, Xabierko Prantzisko, Avilako Teresa
eta Isidro.
GAUR GURE TXANDA
Noiz edo behin agertzen jakuz santuen artean baserritar abarkadunak, idi
buztarri eta guzti. Bizikera apala
daroenen artean uste baino santu-santa gehiago dago. Santutasuna ez dago
bizikereaz bat eginda, han zein hemen zuzen eta zintzo bizi izanaz baino. Jaungoikoak Berak bakarrik daki nekazari
zintzo apalen artean zeinbat santu eta santa izan dan!
Espiritu Santuak ahal dau frutu
ederrik atera holango kristauengandik. Bateoak ezarri deuskun goi bizitzaren mentu barria, gu mentu barri
horri dagokiozan frutu gozoak emoten ahalegindu gaitezan.
GAUZA TXIKIAK
Baso bete ur doan,
minutu bi kalea zeharkatzen laguntzeko,
bazkalondo batzuk talde baztertuekin,
ordu batzuk egoera latzak entzuteko,
erosketa batzuk gitxiago...
Holako gauza txikitxoak
ez dabe desegingo pobretasuna,
ez dabe ateratzen azpigarapenetik,
ez dabez banatzen aberastasunak,
ez dabez gizarteratzen ekoizpen-baliabideak,
ez dabez husten Alí Babá-ren kobak,
ez dabe iraultzen ordena,
ez dabez aldatzen legeak...
Baina egitearen poza sortzen dabe
eta bizirik eusten zure nahiaren
eta gure eginbeharraren su-garrari.
Azken batean,
errealitatearen gain jardutea,
eta aldatzea apurtxo bat bada ere,
errealitatea aldagarria dala agertzeko
modu bakarra da.
Historiaren eta biziaren Jauna,
ez nadila ni izan eguneroko gauza txikiak
mesprezatzen eta egin barik
izten dabenetarikoa.
(Ulibarri, Fl.)
Maiatzaren hamabost aurten be badator
Nekazal herrietan jaiak han eta hor
Udal aurrekontuak ugari, emankor
Urtero ospatzeko Isidro Labrador.
Maiatzaren
hamabost parrokian jaia
Lagun artean dogu ospatze alaia
Egun hau igarota atxurra ta laia
Eliza barritzeko datorku garaia.
San Isidro
Labrador da gure laguna
Kristau
jarraibidean eredu doguna
Otoitza eta lanaz ospatu eguna
Artean, auzo, plazan jaso
batasuna!
Doinua: Nire
sentimendua nahi det deklaratu