Goazen 2024 Jarri bidean

martes, 10 de diciembre de 2019

Jaiotzaren esanahiaz eta balioaz Frantzisko aita santuaren idazkia


Boliviako Jaiotza


IDAZKI APOSTOLIKOA
Admirabile signum
FRANTZISKO
AITA SANTUARENA
JAIOTZAREN ESANAHIAZ ETA BALIOAZ
Texto en castellano clic aquí
 
1.     Jaiotzaren zeinu ederrak, kristau herriak hain gogokoak, harridura eta miresmena sorrarazten ditu beti. Jesusen jaiotzaren gertaera irudikatzea Jainkoaren Semea gizaki egitearen misterioa era xume eta alaiz hots egitea da. Jaiotza, izan ere, Ebanjelio bizia bezalakoa da, Liburu Santuko orrialdeetatik sortzen dena. Eguberriko gertaerari begira, espirituz bidea egiten hasteko gonbitea nabaritzen dugu, gizon-emakume bakoitza bilatzeko gizaki egin den Haren apaltasunak erakarrita. Eta konturatzen gara Hark nola maite gaituen, gurekin bat egiteraino maite ere, gu ere Berarekin bat egin ahal gaitezen.

Idazki honen bidez gure etxeetako ohitura ederra suspertu nahi nuke, non Eguberri aurreko egunetan jaiotza prestatzen duten, eta berdin lantokietan, eskoletan, ospitaletan, espetxeetan, enparantzetan…  jartzeko ohitura ere. Sormen eta fantasia ariketa da, bai horixe, maisu-lan txikiak eta eder askoak sortzen dira gai ugariak erabiliz. Umetan ikasten da: aita-amek, aitona-amonekin, tradizio alai hau transmititzen dutenean, barruan espiritualtasun herritar aberatsa duena. Espero dut jaiotza jartzea ez dela inoiz motelduko; are gehiago, ea berriro deskubritzen eta biziberritzen duten, galdu izango zen lekuetan.


2.     Jaiotzaren jatorria Jesusen Belengo jaiotzaren xehetasun ebanjeliko batzuetan oinarritzen da batez ere. Lukas ebanjelariak hitz soil batzuk esaten ditu: «lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik» (2, 7). Jesus aska batean ipini zuten, gaztelaniaz pesebre esaten zaio jaiotzari eta italieraz presepe, latinezko praesepium hitzetik datozenak.

Jainkoaren Semeak, mundu honetara etortzean, abereek jaten duten lekuan aurkituko du tokia. Lastoa da «zerutik jaitsitako ogi» (Jn 6, 41) bezala agertuko denaren lehenbiziko ohea. San Agustinek, beste Aita batzuek bezala, igarri zion sinbolismo honi, honako hau idatzi zuenerako: «Azpilean jarria, guretzat janari egin zen» (Serm. 189, 4). Egiaz, Jesusen bizitzako hainbat misterio dauzka jaiotzak eta gure eguneroko bizitzatik gertu nabaritu arazten dizkigu.

Baina itzul gaitezen berriro jaiotzaren jatorrira guk ulertzen dugunaren arabera. Gogoaren bidez Grecciora joango gara, Reatinoko bailarara; ziurrena han gelditu zen san Frantzisko Erromatik zetorrela, 1223ko azaroaren 23an bere Erregelaren onespena harturik Honorio III.a Aita Santuagandik. Lur Santuan egon ondoren, arpe haiek bereziki Belengo parajeak gogorarazten zizkioten. Eta litekeena da Poverelloari zirrara eragin izana Erroman, Santa Maria Maiorreko basilikan Jesusen jaiotza irudikatzen duten mosaikoek, askako oholak aurkitzen diren tokiaren ondo-ondoan daudenak, aspaldiko tradizio batek dioenez. 

USAko Jaiotza


Iturri Frantziskotarrek xehetasunez kontatzen dute Greccion gertatu zena. Eguberrirako hamabost egun falta zirela, Frantziskok bertako gizon bat hartu zuen, Joan izenekoa, eta desio bat betetzen laguntzeko eskatu zion: «Belenen jaio zen Haurraren oroitzapena egin nahi dut eta neure begiz nolabait begira egon nola sufritu zuen umetako ezereztasunean, nola etzan zuten azpilean eta ipini zuten lasto gainean idi eta astoaren artean» [1]. Entzun zuen orduko, azkar abiatu zen gizon on eta leial hau eta santuak esandakoa prestatu zuen agindutako lekuan. Abenduaren 25ean, bazter askotako fraide ugari heldu zen Grecciora, baita inguru hartako baserri askotako gizon-emakumeak, loreak eta gau santu hura argitzeko zuziak eramanez. Frantzisko iritsi zenean, lastoarekin, astoarekin eta idiarekin aurkitu zuen jaiotza. Iritsi ziren pertsonek esan ezineko poza agertu zuten Eguberriko eszenaren aurrean, ordura arte inoiz bizitu ez zuten bezalakoa. Ondoren, apaizak, Jaiotzaren aurrean, Eukaristia ospatu zuen, Jainkoaren Semea gizaki egitea eta Eukaristia lotuta daudela erakutsiz. Aldi hartan, Greccion, ez zegoen irudirik: bertan zeuden guztiek bizitu eta egin zuten jaiotza. [2]

Horrela jaio da gure tradizioa: guztiak estalpe inguruan, pozak zoratzen, batere distantziarik ez dago jazotzen ari den gertaeraren eta misterioan parte hartzen ari direnen artean.

San Frantziskoren lehen biografoak, Celanoko Tomasek, gogoratzen du eszena xume eta hunkigarri hari ikuskari zoragarri baten dohaina gehitu zitzaiola gau hartan: bertan zen batek Jesus Haurra bera ikusi zuen askan etzanda. 1223ko Eguberriko jaiotza hartatik, «pozez beteta itzuli ziren guztiak etxera» [3].

3.     San Frantziskok ebanjelizatze lan handia egin zuen ezaugarri soil harekin. Bere irakaspena kristauen bihotzetan sartu da eta egundaino dirau, gure fedea era xumean adierazteko modu jatortzat dugularik. Bestetik, lehen jaiotza irudikatua izan zen leku harexek sentimendu hauek adierazten eta berritzen ditu. Isiltasunaren barruan estalpea bilatuz harkaitzean ezkutatzen den arimarentzako aterpe bihurtu da Greccio.

Jaiotzak zergatik eragiten du halako harridura eta hunkitzen gaitu? Lehenik, Jainkoaren xamurtasuna adierazten duelako. Bera, unibertsoaren Sortzailea, gure txikitasunera jaisten da. Biziaren dohainak, guretzat beti misteriotsuak, are gehiago harrapatzen gaitu ikusiz Mariagandik jaio zen Hura bizitza bakoitzaren iturburua eta babesa dela. Noraezean eta iparra galduta gabiltzanean gure bila datorren anaia eman digu Aitak Jesusengan; guregandik beti gertu dagoen lagun leiala; barkatzen digun eta bekatutik jasotzen gaituen bere Semea eman digu.

Etxean jaiotza prestatzeak Belenen gertatutakoa biziberritzen laguntzen digu. Jakina, ebanjelioak ditugu beti gertaera hura ezagutu eta hausnartu ahal izateko iturria; nolanahi ere, jaiotza irudikatzeak eszenak imajinatzen laguntzen digu, maitasuna pizten du, salbamen historiarekin zerikusia dugula sentiarazten digu, hainbat eta hainbat testuinguru historiko eta kulturaletan bizia eta egunekoa egiten den gertakariaren garaikideak garela.

Jaiotza, frantziskotar jatorritik, Jainkoaren Semeak gizaki egin zenean beretzat aukeratu zuen pobretasuna “sentitzeko” eta “ukitzeko” gonbidapena dugu batez ere. Eta honenbestez, inplizituki esaten zaigu apaltasun-bidean, pobretasun-bidean, biluztasun-bidean jarraitzeko Jesusi, Belengo estalpetik Gurutzeraino daraman bidean. Dei bat da Jesus senide behartsuenengan aurkitu eta errukiz zerbitzatu dezagun (cf. Mt 25, 31-46).

Ecuadorreko Jaiotza


4.     Orain jaiotzaren ezaugarri batzuk errepasatu nahi ditut zer esan nahi duten ulertzeko. Lehenik, zeru izartua irudikatzen dugu gaueko iluntasunean eta isiltasunean. Horrela egiten dugu, ez soilik ebanjelioetan hala kontatzen delako, baizik eta daukaten esanahiagatik ere bai. Pentsa dezagun zenbat aldiz estaltzen dituen gauak gure bizitzak. Bada, une horietan ere, Jainkoak ez gaitu bakarrik uzten, alderantziz, presente egiten da gure bizitzaren zentzuari buruzko galdera erabakigarriak erantzuteko: Nor naiz ni? Nondik nator? Zergatik jaio nintzen une honetan? Zergatik maite dut? Zergatik sufritzen dut? Zergatik hilko naiz? Jainkoa gizaki egin zen, galdera hauei erantzuteko. Bere hurbiltasunak argia dakar iluntasuna dagoen lekura eta argitu egiten ditu sufrimenduaren goibeltasuna zeharkatzen duten guztiak (cf. Lk 1, 79).

Aipamenen bat merezi dute jaiotza osatzen duten paisaiek, maiz antzinako etxe- eta jauregi-hondakinen irudi direnek, batzuetan Belengo estalpearen ordez ipintzen eta Famili Santuaren egoitza bilakatzen direnak. Hondakin hauek badirudi Jacopo da Varazze (XIII. mendea) dominikoaren Urrezko Legendatik datozela, non sinespen pagano bat kontatzen den, esanez Erromako Bakearen tenplua erori egingo zela Birjina batek haurra erdi zezanean. Hondakin horiek batez ere hondoratutako gizadiaren zeinu dira, hondatuta, alferrik galduta eta lur jota dagoen guztiaren seinale. Eszenategi honek adierazten du Jesus dela berritasuna mundu zaharraren erdian, eta sendatzera eta osatzera etorri dela, gure bizitzari eta munduari jatorrizko distira itzultzera.

5.     Ze zirrara sentitu behar genukeen jaiotzan mendiak, errekastoak, ardiak eta artzainak ipintzean! Horrela gogoratzen dugu, profetek iragarri zuten bezala, kreazio guztia festa betean dagoela Mesiasen etorrera ospatzen. Aingeruak eta izarra abiatzeko seinalea ditugu guk ere, estalpera heltzeko eta Jauna gurtzeko.

«Goazen Belenera, Jaunak adierazi digun gertakari hori ikustera» (Lk 2, 15), hala diote artzainek aingeruen iragarpena eta gero. Oso irakaspen ederra da eta kontaeraren soiltasunean antzematen da. Makina bat jende dago hamaika gauza egingo lukeelakoan, baina, horiek ez bezala, artzainak bihurtzen dira funtsezkoaren lehen lekuko, alegia, eskaintzen zaien salbamenaren lekuko. Apalenak eta pobreenak dira inkarnazioaren gertaera hartzen dakitenak. Jesus Haurragan gure artera datorren Jainkoari, bidean jarriz erantzuten diote eta han abiatzen dira Beregana joateko, maitasunezko eta harridura gozoko enkontru bat bizitzeko. Jesusi esker, Jainkoaren eta bere seme-alaben arteko enkontru honexek bizitzen du gure erlijioa eta hori du bere edertasun berezia, eta berealdiko argia egiten du jaiotzan.

6.     Ohitura dugu gure jaiotzetan irudi sinboliko asko jartzeko, batik bat, eskaleenak eta bihotzarena beste ugaritasunik ezagutzen ez duen jendearen imajinak. Jesus Haurrarengandik gertu daude horiek ere berez dagokien eskubidez, eta inork ezin ditu hortik bota edo hain bat-batean egindako sehaskatik aldendu, izan ere txiroak ez baitaude inolaz ere lekuz kanpo aska inguruan. Egiazki, pobreak dira misterio honetako pribilegiatuak eta, sarritan, Jainkoa gure artean dela antzemateko gaitasun handiena dutenak.

Behartsuek eta apalek Jaiotzan oroitarazten dute Jainkoa, bere maitasun beharra gehien sentitzen eta bere hurbiltasuna eskatzen dutenentzat egiten dela gizaki. Jesus, «gozoa eta bihotz-apala» (Mt 11, 29), pobre jaio zen, apal bizi izan zen funtsezkoa ulertzen eta horren arabera bizitzen erakusteko guri. Belengo estalpetik jaiotzen den mezuak argi dio ezin dugula erori aberastasunen eta hainbeste zorion-eskaintza iheskorren engainuan. Atze aldean Herodesen jauregia dago, itxita, gortuta, pozaren iragarpena entzuten ez duela. Jainkoak berak hasten du, aska batean jaioz, behartsu eta baztertuei itxaropena eta duintasuna ematen dien egiazko iraultza bakarra: maitasunaren iraultza, xamurtasunaren iraultza. Jaiotzatik, indar bigunez, Jesus hoska ari zaigu azkenekoak bidelagun ditugula mundu humanoago eta senidetsuago baterantz jotzeko, non inor ez dadin ez kanporatua izan ez baztertua.

Sarritan umeek –baina baita helduek ere!– txoratzen eransten dituzte beste irudi batzuk jaiotzan kontaera ebanjelikoekin zerikusirik gabekoak, antza. Eta, hala ere, irudimen bidez adierazi nahi da Jesusek hasitako mundu berrian tokia dagoela giza mailakoa den guztiarentzat eta sorkari ororentzat. Artzainak eta  perratzaileak, okinak eta musikariak, jolasean ari diren haurrei pitxerrak urez beteta daramazkieten emakumeak…, horrek denak egunerokoaren santutasuna irudikatzen du, eguneroko gauzak modu berezian egitearen poza, Jesusek bere jainkozko bizia gurekin partekatzen duenean.

7.     Pixkanaka-pixkanaka, jaiotzak estalpera garamatza, han ikusiko ditugu Mariaren eta Joseren irudiak. Maria semeari begira dagoen ama bat da eta hura ikustera datozen guztiei erakusten diena. Jainkoak Mariaren bihotz garbiko atea jo duenean emakume gazte hau bildu duen misterio handian pentsarazten du haren irudiak. Aingeruaren iragarpenari, Jainkoaren ama izateko eskatzen ziolarik, Mariak osotoro obedituz erantzun zion. Haren hitzak: «Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala» (Lk 1, 38), norberaren burua fedez Jainkoaren borondatearen eskuetan uztearen lekukotasuna dira gu guztiontzat. “Bai” haren bidez, Jainkoaren Semearen ama bihurtzen zen Maria bere birjintasuna galdu gabe, alderantziz, birjintasuna sagaratuz Berari esker. Mariagan Jainkoaren Ama ikusten dugu, ez dauka bere Semea beretzat bakarrik, baizik eta guztiei eskatzen die haren esana egin dezaten (cf Jn 2, 5).

Mariaren ondoan, Haurra eta ama zaintzen, san Jose aurkitzen da. Eskuarki, makila eskuan duela irudikatzen da eta, noiz behinka, argi bati eusten ere bai. San Josek oso zeregin garrantzitsua du Jesusen eta Mariaren bizitzan. Bera da bere familia babesten inoiz ere nekatzen ez den zaintzailea. Jainkoak esan zionen kontuz ibiltzeko Herodesen mehatxuarekin, ez zuen zalantzarik izan bidean jarri eta Egiptora ihes egiteko (cf Mt 2, 13-15). Eta arriskua igaro zenean, Nazaretera itzuli zen bere sendiarekin, eta han Jesus umearen eta nerabearen lehen hezitzailea izan zen. Josek bere bihotzean zeraman Jesus eta bere emazte Maria biltzen zituen misterio handia, eta gizon zuzena izanik konfiantza izan zuen beti Jainkoaren nahian eta bete egin zuen.

8.     Jaiotzaren bihotza taupadaka hasten da, Eguberrian, Jesus Haurtxoaren irudia ipintzen dugunean. Jainkoa horrela agertzen da, haur batengan, besoetan har dezagun. Ahultasunean eta hauskortasunean gordetzen du guztia sortzen eta eraldatzen duen bere boterea. Ezinezkoa dirudi, baina hala da: Jesusengan, Jainkoa umetxo bat izan da eta ume izanik azaldu nahi izan du bere maitasunaren handitasuna, irribarre eginez eta guztioi eskutxoak luzatuz agertzen dena.

Haur baten jaiotzak poza eta harridura eragiten ditu, biziaren misterio handiaren aurrean jartzen gaituelako. Beren seme jaio berriaren aurrean senar-emazte gazteen begiak dirdirka ikusiz ulertzen ditugu Mariaren eta Joseren sentimenduak, Jesus haurrari so, beren bizitzetan Jainkoaren presentzia antzematen baitzuten.

«Biziaren hitza geure begiz ikusi genuen» (1Jn 1,2); Joan apostoluak inkarnazioaren misterioa laburbiltzen du horrela. Historiaren bidea aldatu duen gertaera bakan eta ezohiko hau ikusarazten eta ukiarazten digu jaiotzak, zeinaren arabera antolatuko den urteen hurrenkera, Kristo jaio aurretik eta ondoren.

Ia zur eta lur uzten du Jainkoaren jokaerak, ezinezkoa baitirudi Berak bere aintzari uko egitea gizaki egiteko, gu bezala. A ze ustekabea ikusiz Jainkoak geure jokaerak bere egiten dituela: lo egiten du, amaren esnea hartzen du, negar egiten du eta jolas, haur guztiek bezala. Beti bezala, Jainkoa harrigarria da, antzeman ezina, gure asmoak baino harago joaten da behin eta berriz. Beraz ba, jaiotzak, Jainkoa mundura etorri den bezala erakusten digun bitartean, gure bizitza Jainkoagan txertatuta ikustera gonbidatzen gaitu; bere ikasleak izatera gonbidatzen gaitu biziaren azken zentzua  erdietsi nahi badugu.

9.     Epifaniaren festaburua gerturatzen denean, Errege Magoen hiru irudiak jartzen dira Jaiotzan. Izarra begiratuz, Ekialdeko jaun jakintsu eta aberats haiek Belengo bideari ekin zioten Jesus ezagutzeko eta opariak eskaintzeko: urrea, intsentsua eta mirra. Erregali hauek ere esanahi alegorikoa dute: urreak ohore egiten dio Jesusen erregetzari; intsentsuak, bere jainkotasunari; mirrak, bere gizatasun santuari, heriotza eta hilobia ezagutuko dituelarik.
Jaiotzan eszena honi begira gaudela, dei bat egiten zaigu kristau bakoitzaren ebanjelizatzaile zereginaz hausnartzera. Gutako bakoitza Berri Onaren eramaile bihurtzen da bizitzan topo egiten dituenekin, errukizko ekintza zehatzen bidez Jesus eta bere maitasuna aurkitu izanaren lekuko.
Magoek erakusten dute oso urrutitik has daitekeela Kristogana iristeko. Gizon aberatsak dira, jakintsu atzerritarrak, infinituaren egarri, bidaia luze eta arriskutsu bat hasi eta Belenera helduko dira (cf Mt 2, 1-12). Berebiziko poza hartuko dute Haur Erregearen aurrean. Ez dira lotsatuko inguruko pobretasunaz; ez dira zalantzan ibiliko belaunikatu eta gurtzeko. Bere aurrean ulertzen dute Jainkoak, izarren bidea jakinduria osoz arautzen duen bezala, historiaren ibilbidea zuzentzen duela, ahaltsuak behera botaz eta ezerezak  gora jasoz. Eta egiazki, herrira itzulitakoan, Mesiasekin izandako enkontru harrigarri hau kontatu izango dute, jende artean Ebanjelioaren bidaia estreinatuz.
10. Jaiotzaren aurrean, oroimena hegan doa haurtzarora eta jaiotza noiz jartzen hasiko nola urduritzen ginen gogoratzen gara. Oroitzapen hauen bidez, berriro jabetzen gara fedea transmitituz eman zaigun dohain handiaz; eta aldi berean, seme-alabei eta bilobei esperientzia bera transmititzeko erantzukizuna eta poza sentitzen dugu. Ez da garrantzitsua jaiotza nola prestatzen den, beti berdina izan daiteke edo urtero aldatu; garrantzitsua zera da: jaiotzak gure bizitzari hitz egitea. Edonon eta edonola, Jainkoaren maitasunaz mintzo da jaiotza, eta esaten digu Jainkoa haur egin dela gizaki ororengandik zein hurbil dagoen adierazteko, zernahi delarik gizon-emakumeen egoera.
Anai-arreba maiteak: fedearen transmisioko prozesu gozo eta arduratsuari lotua dago jaiotza. Haurtzarotik hasiz eta gero bizitzako aldi bakoitzean, Jesusi begiratzen erakusten digu, Jainkoak digun maitasuna sentitzen, Jainkoa gurekin dagoela nabaritzen eta sinesten eta gu Berarekin gaudela, guztiok seme-alaba eta anai-arreba Jainkoaren Seme Haur hari eta Maria Birjinari esker. Eta honetan zoriona dagoela sentitzen erakusten digu. San Frantziskoren eskolan zabal dezagula bihotza grazia xume honetara, utz dezagun harriduratik otoitz apal bat jaiotzen: “eskerrik asko” Jainkoari, guztia gurekin partekatu nahi izan duelako gu sekula bakarrik ez uzteko.
Greccion emana, Jaiotzaren santutegian, 2019ko abenduaren 1ean.
Frantzisko


[1] Celanoko Tomas, Lehen Bizitza, 84: Iturri Frantziskotarrak (FF), 468. zk.
[2] Cf. Ibid., 85: FF, 469. zk.
[3] Ibid., 86: FF, 470. zk. 

No hay comentarios: