Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 17 de marzo de 2017

Eskola eta erlijinoaz... buelta bat Europatik


Begitun agertu zan Eritxi artikulua dala-eta, (Eskola laikoaren alde) polemikan sartu barik, gure eritxia be konpartitu gura dogu. Ondoko ohar hau bialdu gura dogu Begitura, hurrengo alean, Eritxi sailean atara dagien. Arratiako 25 guraso. 




Erlijinoaren irakaskuntza eskolan baloratzeko orduan, ikuspegia osotzeko baliagarri suertatu leiteke Europara begiratu bat emotea, sarritan hemen erlijinoaren presentzia geure historia hurbil eta gorabeheratsuagaz lotzen dogu-ta. 

Europan erlijino irakasgaia presente dago ia herrialde guztietan (Finlandian, Suedian eta Holandan esaterako, nazio honeetan hezkuntza maila bikaintzat hartzea galarazoten ez dauala). Irakasgai hau ikasketa-planetan presente ez dagoan kasu bakarra Frantzia da (eta ez Frantzia osoan, eskualde batzuetan onartzen da-ta). Nazio batzuetan irakasgaia derrigorrezkoa da (Alemania, Finlandia…) eta beste batzuetan aukerakoa (Espainia, Belgika,…). Azken honeetan erlijino irakasgaia aukeratzen ez dauanari beste irakasgai bat eskaintzen jako. Badagoz nazio batzuk non erlijinoaren ikaskuntza eskolan egotearen lege-oinarria konfesino erlijiosoakaz sinatutako akordioak eta hitzarmenak diran (Espainia, Lituania, Kroazia…); beste herrialde batzuetan, ostera, zuzenean konstituzino berbera da oinarria (Dinamarka, Luxenburgo, Holanda…); eta beste batzuetan hezkuntza legeen mailan onartuta dago.

Aitatu herrialdeetan erlijinoaren presentzia konfesionalak ez dau talka egiten hezkuntza-sistemagaz, asmoa ez dalako dotrina edo katekesia irakastea, baizik eta fedea eta kultura alkarrizketan jartzea. Gizarteak, gure seme-alaben heziketarako eskolari aitortzen deutsogun garrantzi erabatekoa kontutan hartuta, familia askorentzat hezkuntza osoa benetan osoa izateko dimentsio erlijiosoa barnean hartu behar dau; horrek ez dau behartzen beste inoren aukerea. Legeak babesten dauan pluraltasun horretan oinarrituta, balio komunak (errespetua, tolerantzia, alkartasuna…) danongan sendotu daiguzan eta gura dauanarentzat balio erlijiosoei (traszendentziaren zentzua, baldintza bako barkamena…) leihoak irekitzeko aukerea emon deiogun; holan jokatzea alkarbizitzarako onuragarria dalakoan gagoz.

Arratiako 25 guraso

No hay comentarios: