Goazen 2024 Jarri bidean

domingo, 22 de noviembre de 2015

Fundamentalismoa 02 Rufino Iraola

Aurreko artikuluan ukitu bat eman genion ‘Hemen’ aldizkariaren 47. aleari. Orain, hel diezaiogun orduan utzitakoari. Oroituko garenez, ‘fundamentalismoa’ zen gaia. Eta ohartuko gara, fundamentalismoa, bizitzako eremu guztietan izan daitekeela. 

Joxe Arregiren esanetan, munduan dena zalantzakor eta zalantzagarri bihurtzen denean, liburua da ziurtasun eta segurtasunaren euskarri. Erlijioak pisu soziala eta garrantzi kulturala galtzen dituenean, erakundeak autoritaterik gabe sentitzen direnean, arrazoimenak dogmak irentsi ezin dituenean, sineskizun zaharrek indarra galtzen dutenean (…), orduan josten ditu fundamentalismoak, begiak zorrotz eta tinko liburu sakratuetan. Heldu da hitzez hitzezko irakurketaren garaia.

Fundamentalistarik fundamentalistena izanda ere ez dago, ordea, idatzi guztiak literalki irakurriko dituenik, interpretaziorik gabe onartuko dituenik. Zeren hala balitz, gauza absurduekin egingo luke topo: masaileko bat hartzen duzunean bestea eskaini, enborra eta lasto izpiarena, eta abar eta abar (propio ipini ditut bi adibide esajeratu). Idatzi guztien portzentaje handia hizkera sinboliko eta metaforikoa da, parabolak dira. Esanahi sakon eta jakinduriaz beteak. Horrela irakurrita bakarrik dute zentzua, horrela irakurrita bakarrik konekta dezakegu mezuarekin, bestela absurdo hutsak dira.

Maria Jose Aranak, bere aldetik, ‘emakumea eta fundamentalismoa’ lantzen ditu. Mendebaldeko gizartean feminismoak egin duen aurrerakadaren ondoren, uste omen dugu emakumezkoei eraso egiten dien fundamentalismoa, soilik, islamikoa dela. Egia omen haiek gogorrago hartzen dituela beste batzuekin alderatuta, baina erlijioak, oro har, ez dira inoiz eraman ondo emakumezkoarekin: beti galtzaile izan dira, eta “ate” asko legoke, sartu eta gai honekin loturik dauden gauza ugari aztertzeko. Denek otzan eta mendetasunean eutsi nahi omen diete, Eskrituren irakurketa partziala, eta, sarritan, manipulatzailea eginik, maisu inspiratzaileen portaera liberatzaileak, garai hartako gizartearekiko, ahaztuta. Oso gauza jakingarriak esaten ditu emakumezkoak lehen komunitatean izan zuen rol eta eginkizunei buruz ere (propio ahaztuak). Gomendatzen dizuet.

Azkenik, Ramon Miguel Viguriren artikula dator: “Zientifismoa fundamentalismo bezala eta fedearekiko eztabaida”. Hau, besteekin alderatuta, teoriko eta filosofikoagoa da. Orixek esango zukeen moduan, “legortxoa” eta “buruzkotxoa”. Baina saiatzea merezi duena.

No hay comentarios: