Berrogei egun

martes, 10 de noviembre de 2015

Arratia hobeto ezagutzeko joko bat sustatu dute

Antzarraren jokoan zein tribialean oinarrituta dago eta 300 galdera daude ‘Arratiako Altxorra’ jokoan, irakurten dogu gaurko DEIAn.

Bailararen inguruko ezagutza sustatzeko asmoz eta adin guztie zuzenduta, Arratiako Altxorra jokoak eskualdeko etxeetara heltzea du erronka. Antzarraren jokoarekin zein tribialarekin zerikusia dauka, baina bailara barru-barrutik ezagutzeko diseinatuta dago. Lehen edizioan 600 ale egin dira eta bihartik aurrera hasiko dira banatzen.

Arratiako parrokien ekimenez sortu den proiektu hau, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Lemoa eta Zeanuriko udalen eta Mankomunitatearen laguntzari esker izan da posible. Gazteenek, antzarraren jokoaren moduan jokatu ahal izango dute, dadoak botatakoan fitxak bailararen antza daukan taulan zehar mugituz, tranbiatik tranbiara edo zubitik zubira.

Gainontzekoek, tribial baten moduan erabili ahal izango dute jokoa, 300 galdera-erantzun baino gehiago prestatu baitira joko honetarako. Jokalariek Arratiako 12 txartelak eskuratu behar dituzte jokoa irabazteko, beren ezagutza aztertuz. “Adin guztietako pertsonentzako dago pentsatuta. Familian jokatu ahal da eta, ondo pasatuz, Arratiaren inguruan ikasi”, azaldu du Jose Mari Kortazar parrokoak.

Proiektu honen egileak asko izan dira, tartean, Zeanuriko gazte talde bat edo Manu Etxebarria zeberiotarra. Javier Lacalle Laka zornotzarra izan da jokoaren diseinuaz arduratu dena. Bihar Arratiako Altxorraren aurkezpena izango da Zeanurin, arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Ekitaldi ireki bat izango da eta, proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, bertsolariak zein txistulariak izango dira.

Jokoa erakunde laguntzaileen bitartez eta Arratiako parrokietan zabalduko da, baita herrietako denden bidez ere. -

Ander Goyoaga

No hay comentarios: