Gabon zorion, zorion gabon!

domingo, 1 de junio de 2014

Ander Manterola gazteekaz berbetan



Ander Manterola, zeanistarra, euskerea eta euskal kulturaren alde behar asko egin dauan gizona da. Ander fededuna da, abadea, eta bere herria maite dau: herriko tradizinoak, euskal kulturea eta euskerea. Gazteen artean euskal zaletasuna bultzatzen ahalegindu da beti, eta abade moduan Zeanurin ikusten dogu: batzutan Andra Mari parrokian; beste batzutan, Ipiñako parrokian; sarritan, ermitetan, eta, astegunetan, San Isidron. Horrez ganera, Labayrura joaten jarraitzen dau.
Alkarrizketa bat prestau gendun berari egiteko eta hementxe aurkezten dogu solasaldi horretan kontau euskuna.








Ander Manterolagaz
berbaz


G: Askotan ikusi zaitugu Errotabarrin. Zer da Errotabarri zuretzat. Zeanuriko baztartxo hori garrantzitsua da zure bizitzan? Zergatik?

Ander: Errotabarri da nire ama jaio zan etxea. Ni, jaio, plazan jaio nintzan, baina gerra denporan joan ginan errotara, aitita eta amamagaz biziten. Han egon nintzan hiru urte, lehenengo jaunartzea egin arte. Horregatik ezagutzen dot ondo errotea zer dan. Nire osabak ziran errotariak.
Nik ikusi egiten neban garia eioten, eralgiten…, inoiz, lagundu be bai. Ni orduan txikia nintzen, baina lagundu be egiten neutsan osabeari. Errotabarrin ni ez naz bizi izan asko han, umetako denboran baino. Handixik hasi nintzan joaten eskolara. Horregaitik nik maite dot Errotabarri.



Gazte talde honek egindako beste alkarrizketa batzuk gure blogean:

Maribel Egiluz igorreztarragaz berbetan

Pello Zabalagaz Bitoriano Gandiagari buruz

 



G: Zer gogoratzen dozu zure gurasoakandik? Zelangoak ziran? 

Ander: Nire aita zan dendaria eta zapataria; ama zan etxekoandrea. Baina fededun handiak ziran; egunero etorten ziran goizeko mezara. Ama etorten zan 7retako mezara; aita etorten zan 8retan. Guk egunero errezetan gendun jatorduetan; errosarioa be errezetan gendun etxean. Amak erakutsi eustazan nik ikasi nebazan lehenengo otoitzak, eta oindo be gogoratzen dodaz. Ointxe be esaten dodaz horreek otoitzak. Oso ondo konpontzen ginan. Hiru anai ginan lehenengo eta, gero, gerra ostean jaio zan gazteena.
Aita eta ama asko gogoratzen dodaz, oso-oso maitekorrak ziran.

G: Zure familiak zelan eragin dau zu fededuna eta abadea izateko? Zergaitik egin zinan abade?

Ander: Fedea hartu dot gurasoakandik, nahiz eta fedea emon, eleizeak emoten dauan. Ni sei urtegaz monagillo sartu nintzen, mezea lagunduten. Ez nintzen helduten altarara, eta ikasi neban mezea erasoten (esanazoten). Ezin eikean abadeak berak bakarrik emon mezea, behar eban laguntzailea, akolitoa, monagilloa. Beste batzuk be izaten ziran monagillo; esaterako, Iñaki goiko eleizan, eta ni hemen behekoan. Lehenengo ikasi egin behar izaten gendun mezea erasoten. Monagilloak be latin ikasten gendun. Esaterako, 42. salmoa esaten gendun mezearen hasieran, eta oraindik be gogoratzen dot. Gerora aitu dot esanahia. Horrexegaitik salmo hori dot nik sano gogoko.
Aita eta ama pozik egozan ni monagillo nintzelako. 6 urtetik 11 urterarte egon nintzan monagillo. Horrek asko eragin dau nigan.
Ni ume okerra nintzen. Zigor asko hartu ditut, bai eskolan eta bai etxean. Baina niri umetarik asko gustetan jatazan eleizako gauzak: santuak, organoaren doinua –orduan Ibargutxi zan organistea‑, kantuak, jantziak, argiak… Beti izan naz eleizarakoa. Ni 11 urtegaz joan nintzen seminariora, neuk gura nebalako abade izan. 

G: Zure bizitzako norabidean eta fededun izatean eragina izan daben pertsonak nortzuk izan dira?

Ander: Baegoan hemen abade bat oso majoa, don Jesus Gonzalez, Zorrontzakoa, eta harek lagun lez hartu ninduan eta beragaz asko egoten nintzan. Baten, Karmen egunean, bere etxera eroan ginduzan monagillo guztiak, Zorrontzara; beste baten, bizikletan eroan ninduan beragaz Azazetara, bizikleta zahar bategaz, 10 urte inguru eukiko nebazan. Ba, don Jesus Gonzalezek eragina euki eban nigan.
Gero, seminarioan bertan euki dodaz nik aita espiritualak, eta eurakaz konfesetan nintzen; esate baterako, don Jose Mari  Iruretagoienaz. Horrek be eragin handia euki eban nigan. Eta beste batek be bai: don Joakin Goikoetxeandiak. Horreek asko lagundu eustien aurrera egiten. Ze bokazinoa Jangoikoak emoten dau, baina norberak lagundu egin behar dau: jarraitu egin behar dozu, laguntasunak topau behar dozuz. Ze seminarioko bizitzea ez zan erreza. Gu hasi ginan seminarioan, Artean, 45 inguru eta handik abade egitera ez ginan helduko 8 baino gehiago.
G Zu askotan ikusten zaitugu ermitetako jaietan. Zer dira ermitak zuretzako?
Ander: Ermitak dira niretzako gauzarik gozoena, ederrena, politena. (Ermitei buruz itaundu eta gustora berba egin euskun)
Gure zaharrak hor euki dabe euren fedea; gainera, batzuk batzarlekua be baziran, auzoko guztiak hortxe batuten ziran erabagiak hartzeko, eleizpean. (…)
Gura badogu ikasi zer dan Zeanuriko eleizearen historia, jakin behar da zer esan gura daben ermitak, zein izan dan ermiten bizitzea eta hori aztertuta dago liburu baten: "Origen y significación de las ermitas de Bizkaia"


G: Zure bizitzari buruz irakurrita ikusi dogu euskerearen alde eta Euskal Herriko ohiturak jaso eta zaintzeko lan handia egin dozula. Teologia ikasi dozu, baina antropologia be bai. Zergatik ikasi dozu antropologia?

Ander: Nik ikasi neban Teologia seminarioan. Gero joan nintzen Belgikara. Han egon nintzen Teologia ikasten. Han nengoala, deitu eustien seminariotik, seminarioa larrialdi handian egoalako, eta eroan ninduen seminariora seminarista nagusiari lagunduten: arduradun jarri ninduen. Eta konturatu nintzan seminarioan euskerea ez zala ondo erakusten, edo indartu egin behar zala. Karmelo Etxenagusiak, obispo izan zanak, lantzen eban zeozer euskerea. Baina ez zan nahikoa emoten nire ustez. Eta ez bakarrik euskerea, gaiak be bai, euskal kulturako gaiak. Eta hori da etnologia, hau da, ohiturak; eta euskal izakerea, hau da, antropologia. Eta horretarako zer egin gendun? Ba lehenengo egin genduana da Udako Euskal Ikastaroak sortu 1970ean. 15 egun alkartuten ginan trinkotasunean danok euskerea ikasten. Lehenengotan seminaristak egoten ginan, eta abadeak be bai; gero zabaldu egin zan, eta irakasleak eta beste ikasle batzuk egoten ziran. Baina horregaz batera hasi nintzen, lehenengo seminaristekaz eta gero kanpoko unibertsitarioakaz, antropologia edo etnografia lantzen. Eta horretarako ekarri neban maisu handi bat: don Jose Migel Barandiaran. Nik ekarten neban hilean behin seminariora, zapatu goizetan, eta goiz guztia eta zapatu arratsalde erdirarte egoten zan ikasketak emoten antropologiari buruz edo etnografiari buruz. Eta holan hasi zan Etniker. Atera doguz zazpi liburu milla orrikoak.
Horretan nengoala, don Jose Migelek berak esan eustan eta, neu be konturatu nintzan, komeni jatala niri ikasketak egitea antropologiari buruz, eta horretarako don Jose Migel Barandiaranek idatzi eutsan karta bat lagun bateri, eta joan nintzen Parisera, Sorbona deritxon unibertsitatera, eta han egon nintzen urtebete maisu bategaz antropologia ikasten. Eta handik etorri nintzanean jarraitu neban seminarioan eta Etnikerren.

G: Zer da Labayru ikastegia zure bizitzan?

Ander: Labayru eleiza barruan sortu genduan erakunde bat da. 1977an sortu zan. Aurretiaz be ikastaroak baegozan; antropologi arloa lantzen zan, eta Labayru erakundeak ikastaroak, etnografia arloa eta euskal liburutegia alkartu egin ebazan, eta erakunde hori sortu zan, don Antonio Añoveros obispoaren baietzagaz. Eta ni egin ninduen Labayruko zuzendari.
Labayruren zereginak dira euskera irakatsi, klaseak emon, beste erakunde batzukaz hartu-emonean egon, itzulpenak egin. Dana euskerearen alde. Uste gendun beharrezkoa zala euskerea landutea. Orduan ez egoan Jaurlaritzarik eta holangorik.

G:  Zelan lotu geinkez herri-ondarea eta fededun izatea? Badago loturarik bi arlo horreen artean zure bizitzan?

Ander: Bai, fededun izateak esan gura dau Jangoikoak egin dauana maitatu egin behar dogula. Jangoikoaren seme-alaba gara, eta Jangoikoak egin gaitu alkar maite izateko, eta alkarregaz bizi izateko. Baina Jangoikoak ez gaitu egin animaliak lez, egin gaitu persona lez, eta personak hizkuntzak daukaguz, gure ondarea sortu eta jagon behar dogu alkarregaz biziteko. Hizkuntzak, gure euskerea be, Jangoikoaren eraginez sortuta dagoz, eta guk geurea jagon egin behar dogu. 

G: Zuk gazteen artean euskal kultura eta euskararenganako zaletasuna bultzatzeko lan egin dozu. Zelan ikusten dozu gaur egun arlo hori: gazteria eta euskal ondarea jagoteko ardurea?

Ander: Gazteen artean euskal zaletasun gehiago dago nire denporan baino. Orain, erabilerea ez dakit... Zeanurin be nire edadekoak batzutan erderaz egiten dabe. Nork goratuko dau Jangoikoa euskeraz geuk ez badogu egiten.

G: Pozik zagoz egindakoagaz? 

Ander: Ez, uste dot askoz gehiago egin behar nebala eta hobeto egin behar nebala. Leunago be bai, suabeago berba egin be bai; Jangoikoak esango dau. Zerbait egin dot, baina egin dodana ez da gauza handirik. Beste askok egin dabe asko.

G: Zer falta jatzu egiteko? 

Ander: Egunero ona izan, pazientziaz, egunero, gehiago egin beharko neuke egunero.
Gero falta jata egiteko gauza asko. Eta gauza bat esatearren, atlas etnografikoa amaituta geratzea gurako neunke.

G: Dirua eta denporea euki ezkero, zer gustauko litxakizu egitea?

Euskal bibliaren azalpena interneten ipini, Kerexetaren biblia ipini interneten. Gure euskerako biblia.



“Don Jose Migel Barandiaran, persona lez eta abade lez miretsi neban, gizon ondraua zan”



G: Orain galdera batzuk laburrean erantzuteko:

G: Lekurik gogokoena.
Ander: Zeanuri
G: Musika mota bat.
Ander: Gregorianoa
G: Musikari bat.
Ander: Bach
G: Entzutea gustetan jatzun kanta bat.
Ander: Hegoak
G: Urtarorik gogokoena.
Ander:  Udea
G: Zaletasun bat.
Ander: Txikitan, uger egitea antaparan txakurragaz
G: Ohitura berezi bat, zaindu dozuna.
Ander:  Ibilbideak eta ibilaldiak egitea. Asko gustau jata ibiltea.
G: Pertsona batengan gehien baloretan dozun ezaugarria.
Ander: Zintzoa eta argia izatea.
G: Onartzen ez dozuna pertsona batengan?
Ander: Guzurra.
G: Isla batera zeozer eroatekotan, zer?
Ander: Biblia, itun barria.
G: Eta lagun bat isla horretarako?
Ander: Robinson Crusoe irakurri dozue?... Morroia zelan zan?... Viernes...  jajajaja...
G: Miresten dozun baten bat. 
Ander: Gehien, don Jose Migel Barandiaran, persona lez eta abade lez miretsi neban, gizon ondraua zan.
G: Zure bizitzako lorpen bat.
Ander: Ez dakit... esaterako erakusteko moduko lorpen bat... Euskal liburutegia
G: Zer aldatuko zeunke zure bizitzan?
Ander: Hizkuntzak ez jakitea ondo... Inglesa... griegoa...
G: Zure lema.
Ander: Ez daukat neure lemarik... Baina badago asko gustetan jatan lema bat, Eusko Ikaskuntzarena da: “Asmoz eta Jakitez”. Begitu zer esan gura dauan: “behekoak goikoa ezkon (hartu) legi edo txikiak nagusia bentzi ledi asmoz eta jakitez.”  Oso polita da.

Alkarrizketan ikusten dogun moduan, Anderrek gauza asko egin dauz bizitzan, baina laurogei urte bete barri, gogotsu dago oraindik bere arloari jarraitzeko.
Eskerrak emon gura deutsaguz danagaitik.

 



Batirtze Mendia
Maite Urubiondo
Olatz Urigoitia
Miren Erdozia

No hay comentarios: