Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 3 de agosto de 2023

Agorrila edo abuztua: Garia, eguraldia eta Abuztuko Andra Maria jaiak: Juan Manuel Etxebarria: Urtaro 10

Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren atal barri bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana agorril edo abuztuari eskainia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz. Oraingoan gariaren ingurukoak, eguraldiaren aztiak eta Abuztuko Andra Mari Jaiak, Begoñan eta herrietan. Eskerrik asko Manu!  


 Más artículos de la serie Urtaro clic aquí.





Abuztua, agorril edo eta dagonil izenez ere ezagutzen da sikate garaia izaten dalako alde batetik eta artatxiki sasoia bestetik. Gariaren garaia amaitzen da eta udabarrian ereindako artoa gora dator. Galondoak landu egiten dira eta arbia erein. Landa zeharretan belarrak ebaki, sikatu eta negurako gordetzea da bete beteko beharlekua.


ABUZTUKO  ESAERAK

1-.Abuztuko euria, azafrau, ezti eta ardau
2-.Abuztuaren lehenbiziko egunak, sorte egunak
3-.Dagonileko euria, ardao eta eztia.
4-.Esana baino gehiago ikusia, abuzturaz gero behera eguzkia.
5-.Abuztuko arratsean, hotza sudur ertzean.


GARI JOTEA

Indalecio Ojanguren argazkia. Bizkaigane, Errigoiti.
Uztailaren azkenetan eta abuztuaren lehenengotan gari jotea izaten zan beharlekurik garrantzitsuena. Galondoetako gari metak egun kanikula edo beroetan zabaldu egiten ziran eta jo etxearen larrainetan, eskuz zein ganaduen laguntzaz
Gari-joteak auzolanean egiten ziran. Gizonezkoak joten, emakumeak eta gaztetxoak akarreoan, umeak iturriko uretan eta amamatxoak bazkaria atontzen.
Garijoteak amaitu eta iluntzeko afarian inon diran kontuak eta gehiago kontatzen ziran gari-piloak lortu eta gero.
 
Egoera honetan zenbat eta zenbat bider kontatu ote da umeen aurrean harako ha galondopeko urregorriarena.



ABUZTUA ETA EGURALDIA


Gure azti zaharrak enpirista hutsak ziran eta abuztuaren hasieran urteko pronostikua egiten ahalegintzen ziran. Egun horreik “ ilegun, sortelegu edo zotalegun” izenez ezagutzen ziran.
Azti batzuk, abuztuaren lehenengo hogeita lau egunak hartzen ebezen eta bakoitzari urteko hilabete bat parekatu, era honetara:

Abuztuaren bata zelako, hamairua halako. Urtarrilerako
Abuztuaren bigarrena zelako, hamalaua halako. Otsailerako
Abuztuaren hirugarrena zelako, hamabosta halako. Martirako
Abuztuaren laugarrena zelako, hamaseia halako. Apirilerako
Abuztuaren bosgarrena zelako, hamazazpia halako. Maiatzerako
Abuztuaren seigarrena zelako, hamazortzia halako. Ekainerako
Abuztueren zazpigarrena zelako, hemeretzia halako. Uztailerako
Abuztueran zortzigarrena zelako, hogeia halako. Abuzturako
Abuztueren bederatzigarrena zelako, hogeita bata halako. Irailerako
Abuztuaren hamargarrena zelako, hogeita bia halako.Urrirako
Abuztuaren hamaikagarrena zelako, hogeita hirua halako. Azarorako
Abuztuaren hamabigarrena zelako, hogeita laua halako. Abendurako

Bezte azti batzuk “ abuztuko lehenbiziko hamabi egunak, sorte egunak” esaeran oinarritzen ziran. Era honetara:

Abuztuaren lehena, abuztukoa.
Abuztuaren bigarrena, irailekoa.
Abuztuaren hirugarrena, urrikoa.
Abuztuaren laugarrena, azarokoa.
Abuztuaren bosgarrena, abendukoa.
Abuztuaren seigarrena, urtarrilekoa.
Abuztuaren zazpigarrena, otsailekoa.
Abuztuaren zortzigarrena, martikoa.
Abuztuaren bederatzigarrena, apirilekoa.
Abuztuaren hamargarrena, maiatzekoa.
Abuztuaren hamaikagarrena, bagilekoa.
Abuztuaren hamabigarrena, uztailekoa.

Indalecio Ojanguren argazkia. Garai herrian gari metak



ANDRA MARIAK ABUZTUAREN ERDI ERDIAN.

Jaietara pasatuz, abuztuaren hamabostean, Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Bizkaian, Begoñako Andra Mariaren eguna ospatzen da.
Eleiza inguruko jaia da eta egun horretan tokian tokitik erromesak joaten dira Begoñara oinez, batzuk hogeitaka kilometroak eginaz goizean oso goizetik jagi eta erantatuta.
Behin Begoñaraz gero, txokolate egina hartu, zurrut zein txurroekaz, meza kantadua entzun, eskapulario eta erroskillak erosi, maleta sikua jan eta tertzio batean barrien barriz etxera, oinez zein beste era batera.


“Begoñako Andra Mari
Bizkaiko zaindari
zure seme maitaleok
zeugana kantari”.


Abuztua, opor hilabatea bihurtu jakun neurrian, hara eta hona dabil jendea atseden bila.
Azken urte honeetan, huriak protagonista izaten hasi diranetik, aste nagusi izeneko jai nagusiak ospatzen dira gure  huriburuetan.

Gogora deigun antzinako herri abesti hau:

“ Aite, aite da
txuntxulun berde
ama Madalen matute,
aite joan da Vituriera
ama lepoan hartute
aite etorri da Viturietik
ama bidean galdute
aitek topa dau ama kamaran
gona gorri bat jantzite”.

Iparralderantz joaz, abuztuan, uztailean ere bai, beste jai zahar batzuk ospatzen dira: pastoralak.

 Arratian, azken urteotan, Arratiako Amari Jon Enbeitak egindako bertsoak be kantatzen dira elizetan:



Bertso barriak Arratiako Amari jarriak, hitzak Jon Enbeita; Doinua herrikoia, Arratiarako egokituak.
 


Aingeruaren agotik zendun
Jaunaren mezua entzun
Hasieratik bere esanera
bihotza zabaldu zendun
Arratiako Dama
Bihotz garbiko Ama
zaite gure argi lagun
Jaunaren berba ulertu eta
bere esana egin daigun.





No hay comentarios: