Goazen 2024 Jarri bidean

sábado, 5 de febrero de 2022

Santa Ageda

Zeanuriko Santa Ageda ermitea
Jai honetarako liturgia lagungarriak.
Mezea Zeanuriko bere ermitean zapatuan, eguerdiko 12etan. 
Diman, Bikarregin, ez da egongo mezarik.



Santa Ageda santea, 
Muniketako lorea; 
martirioak pasau zenduzan 
zaindutearren fedea.
 


Muniketako Santa Ageda, Ipiñaburuko kofradian dago, bertako Santiago Apostoluaren parrokikoa, hain zuzen ere. 483 metroko altuerara dago, toki ikusgarri baten. Ermita handia, xumea, ikusgarria. Alboan sakristauarentzat gelatxo eta guztiz. MImoz zaintzen dabe auzokoek ermita hau.



Otsailak 5: Santa Ageda
Agate Deunaren irudia Zeanuriko bere ermitean
Zeanuriko Santa Ageda ermitea

           Senideok: Ageda santuaren jaia ospatzen dogu gaur, pozik eta alaitasun handiz ospatu ere, Eliza osoarekin bat eginik. Berau dogu eta geure Zaindaria, kristau-alkarte honen eredu eta laguntzaile berezi jarria. Emakume honek zintzo egin eban Ebanjelioko bidea, eta Jainkoarekin bizi da betiko zorionean.  Santuek argi egiten deuskue bizitzako bideetan eta laguntzaile ditugu eguneroko zailtasunetan. Ospatu daigun, bada, fede handiz eta esker onez Ageda santuaren oroipen pozgarria.

V/.       Goratu daigun Jauna
           eta danok batera bedeinkatu daigun Haren izena.
R/.       Bedeinkatua Zu, Jauna,
           orain eta beti.

Damu-otoitza

Santa Ageda barrutik
Ospakizun honen hasieratik
jarri gaitezen, senideok, Jaunaren aurrean.
Berak deitu gaitu gaur alkartean jai hau ospatzera,
eta batzarraren erdian dogu Bera geurekin.
Biziaren Hitza eta Ogia emongo dauskuz,
eguneroko bidean argi eta indar izan dagiguzan.
Eskatu deiogun aurrena geure pekatuen parkamena. (Isilunea).

-     Jesus Jauna, Zugan sinesten dabenen indar zaituguna: Erruki, Jauna.
-     Jesus Jauna, zure jarraitzaileen itxaropen zarena: Kristo, erruki.
-     Jesus Jauna, Zugan bizi diranei betiko bizia emoten deutsezuna: Erruki, Jauna.

           Erruki dakigula...

           Jainko Jauna, zeure gogoko izan zenduan Agate birjina eta martiri santua, bai agertu eban birjintasunaren ederrez, bai martiritzan erakutsi eban indarrez; emoiguzu, haren otoitzari esker, zeure parkamena. Zure seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


Jaunaren Hitza

Lehenengo Irakurgaia (I Ko 1,26-31)

Bedia
Begira bestela, senideok, zeintzuk zareen Jainkoak deitu zaituenok: ez dira zuen artean munduak jakintsutzat hartzen dituenetatik asko, ez eta ahaltsu nahiz aitoren semeetatik ere. Aitzitik, munduak zorotzat dauena aukeratu dau Jainkoak jakintsuak lotsarazteko, eta munduak argaltzat dauena indartsuak lotsarazteko; munduak baliogabetzat eta mesprezagarritzat dauena, munduaren begitan ezerez dana aukeratu dau Jainkoak, zerbait direla uste dabenak ezerezteko; horrela, ez dau inork Jainkoaren aurrean harrotzerik. Berari zor deutsazue izatea, Jesu Kristori esker. Berau egin dau Jainkoak guretzat jakinduria, berorren bidez askatu gaitu pekatutik, salbatu eta bereak egin.  Horrela betetzen da Liburu Santuak dinoen ha: Harrotu nahi dauena, harrotu bedi Jaunarengan.

Jesukristoren Ebanjelioa Lukasen liburutik (Lk 9,23-26)

Gero, Jesusek, danei esan eutsen: Nire ondoren etorri nahi dauenak uko egin begio bere buruari, hartu begi bere eguneroko kurutzea eta jarraitu beist.
Izan ere, bere bizia gorde nahi dauenak galdu egingo dau; bere bizia niregatik galtzen dauenak, ostera, gorde egingo dau.
Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badau?
Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da haretaz, bere aintzaz, bere Aitaren aintzaz eta aingeru santuen aintzatan datorrenean.


Gogoeta laburra

Fermin Pujanaren lana kantarien omenez
         



 Dezioren (erromatar enperadore 248-251) erasoaldikoan kristau askok uko egin eutson fedeari, apostatu egin eban. Beste askok, atxilotuak eta oinazetuak izan arren, tinko eutsi eutson kristau-fedeari. Honetariko bat izan zan Agate gaztea. Siziliako Catanian jaioa, 250. urte inguruan hil eben. Elezaharrak dinoanez, bularrak moztu eta oinazetan egoala, San Pedro agertu jakon, adore emonaz. IV. Mendeaz geroztik zabaldu zan Santa Agedarekiko debozioa.
         Kristau bizitza bizitzeko borroka egin beharra adierazten dausku gaur egunekooi.
Zezeilaren 5a da Santa Ageda eguna. Tradizinoak dinoanetik, Santa Ageda Sizilian jaio zan III. mendean. Orduko Quintianus gobernadoreak haregaz ezkondu gura izan eban, baina hori halan izango bazan, andra horrek kristinauen fedea ernegau behar eban. Santa Agedak, ostera, ez eban holangorik egin gura eta ondo zigortu eta ostean, hil egin eben. Bularrak ebagi eutsiezan; hagaitik, herri-tradizinoan bularreko gaixoen eta, andrazkoen osterantzeko gatxen babeslea dogu Santa Ageda.

Herrian ospe handikoa da santa hau eta bere irudia abesti eta esaunda askori lotuta dago; honeek ezagunenetarikoak:


*San Blas eta Santa Agedako feriak, mutil-neskatxen ezaupideak.
*Santa Ageda santea, Muniketako lorea; martirioak pasau zenduzan zaindutearren fedea.

Santa Ageda bezpera arratsaldez, errondea egiten da. Herririk gehienetan umeak eta gazteak kalera urten eta kantaka ibilten dira, kalerik kale, aterik ate. Kanta asko dago. Fedea alkartean bizitzea eta daukaguna alkarbanatzera dei egiten dausku ekandu honek, gaur egun askotan beharrizan solidario baten zerbitzuan jarrita erronda batzen dana.


Jainko-herriaren otoitza

           Senideok: Eskatu eta emongo jakula esan deusku Jesusek. Aurkeztu deioguzan, bada, geure eskariak Jainko Aitari, Ageda santua otoitzean lagun dogula.

-     Eliza osoarentzat: Santuen oroipenak sinesmenean zintzo irauten eta maitasunean gogotsu bizitzen lagundu deiskun, eskatu daiogun Jaunari.
-     Gure auzoaren alde eta bertan bizi garen guztion alde: gazte eta heldu, haur eta gurasoentzat; familientzat; herri-agintari, alkarte eta gizarte-erakunde guztientzat, eskatu daiogun Jaunari.
-     Gure auzoko-kristau alkartearen alde: gure fedea pozik bizi dagigun eta familietan nahiz eskola eta beste azalpen guztietan fede hori haur eta gazteei egoki adierazten jakin dagigun, eskatu daiogun Jaunari.
-     Gure artean nahiz edonon sufritzen eta oinazetan dagozanen alde; gaixorik eta larrialdian aurkitzen diranen alde, eskatu daiogun Jaunari.
-     Ospakizun honetan batuta gagozanon alde: Ageda santuaren jai honek batasunean eta alkar maitasunean aurrera eragin gagizan, eskatu daiogun Jaunari.

           Onartu, Jainko Aita, zeure herriaren eskariak: isuri egizu guregan eta mundu osoarengan zure maitasun Espiritua. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

Martirien prefazioa

V./ Jauna zuekin R./ Eta zure espirituarekin.
V./ Gora bihotzak R./ Jaunagan daukaguz.
V./ Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari. R./ Egoki da eta zuzen.

Igorre
Egoki da, bai, eta zuzen
non-nahi ta beti zuri eskerrak emotea,
Jauna, Aita guztiz santu,
Jaungoiko on, betiko Horri.

Ageda martiri santuak, Kristori jarraituz,
zure izena autortzeko isuri eban odolak
argi erakusten ditu zure miragarriak:
gure makaltasunean zure ahalmena agertzen dozu,
eta indartsu egiten indarrik bakoa,
zure autorle ta lekuko izan daiten,
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

Horregaitik, zeruko talde guztiekin
lurrean beti ta beti goresten zaitugu,
zuri, Jainko guztiz haundi horri,
eten barik kantatuz.

SANTU, SANTU, SANTUA...



Oparien gaineko otoitza

Fermin Pujana berak landutako Kristoaren aurrean
Hona hemen, Jauna, aldare gainean,
zure zerbitzarion eskaintza;
hartu eizu bihotz onez
eta egizu guretzat sakramentu salbagarri.
Jesu Kristo.


Azken otoitza

Indarbarritu gaituzu, Jauna,
Agate Deunaren jai egun honetan,
gure askapeneko sakramentuaren bidez;
egizu, egiazko fedean beti aurrera egin dagigula,
betiko salbamenaren janari honi esker.
Jesu Kristo.






Zeanurin, Santa Ageda bezpera aste barruan danean, asteko domekan kantetan dabiez koplak Ageda ermitan. 1998ko otsailak 8an, Kepa Artetxe, eta Mikel Goitia, han izan ziran grabaketa hau egiteko.
Andra Mari dantza taldearen bideo bat.