Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 23 de mayo de 2019

Xalbador, beldur-erlijiotik maitasun-sinesmenera. Jende xumearen erlijio-jakituria



Gartzia Trujillo, Sebastian, Desclée De Brouwer, Bilbao 2019, 150 or., 10 €.
Liburu berri bat argitaratu du Sebastian Gartzia Trujillok euskal literatura eta Jainkoa elkarrizketan jarriaz. Hamaika euskal literato eta Jainkoa bere lan mardulean putzu sakona erakutsi bazuen ere, oraindino badago zer edan iturri horretatik. Liburu hartatik kanpo geratu zen Xalbador bertsolariaren gainean da azken idazlana.
 
Fernando Aire Xalbador (Urepele, 1920-1976) XX. mendean Euskal Herriko pertsonarik paradigmatikoenetakoa dugu. Artzain eta laborari, ehiztari eta bertsolari, tradiziozale eta berritzaile, isila eta dixolaria, latza eta sentibera, eskolarik gabeko eta goi mailako poeta, mistikaraino omen iritsitako herriko fededuna.Lan honetan, Xalbador erlijio- eta sinesmen-esperientziaren ikuspuntutik aztertu dut, behar denean, beste ikuspuntu batzuetarako ihesaldiak ekidin gabe.

         Izenburuak argi adierazten du ikerlariaren helburua: Xalbadorren ibilbidea, beldurrean oinarritutako erlijio batetik, maitasunean oinarritutako federa heldu arte. Beldurra/maitasuna, justizia/errukia, bekatua/grazia… beti izan dira kristau erlijioan ardatz bi. Pertsona, elkarte edo mugimendu batzuk batan edo bestearen alde jo dute, katolikotasuna erdibidean omen dago. Baina horretarako, nahi eta nahi ez, Jesus ezagutu behar. Bere maitasunaz gozatu. Askatasunaz Jesusi jarraitu.

         Lehen atalean, 40 orrialdetan zehar,  150 orrialde ditu idazlanak guztira, Euskal Herriko Iparraldean erlijio-historia laburra egiten du. Interesgarria, batez ere hegoaldetik begira gure senideen erlijioa eta erlijioak, eliza eta elizak ezagutzeko. Jansenismoari buruzko azpi atala egin zait sugerenteena. Ohiko topikoetatik harago, badago zer ikertu mugimendu honek izan zuen eraginaz Baiona eta inguruan, eta haren kontrako sermolariek zabaldu zuten  hazia, haren aurka ari zirelakoan. Bada hemen lantzeko eta ikertzeko abiapuntu beharrezkoa gure herri erlijioaren iturri nabarmen bat ulertzeko. Nork egin izango da arazoa, batez ere.

         Bigarren atala apalagoa da. Xalbadorrek bizi izan zuen gizarte, politika eta erlijio-giroa. Gaur egun hego aldean alderdi politiko eta mugimendu kultural batek, hedabide idatzi batzuen laguntzaz, zabaltzen duten laizismoaren eragina herriarengan, ispilu baten bezala, iparraldean eman duen eragina iragar dezakegu. Laikotasunaz hitz egin eta idazten duten bitartean, Eliza Katolikoarekiko alergia, kristautasunaren aurkako gaixoa ez ote den bihurtu, Jainkoaren aurkako gorrotoa, zalantza daukat. Ez arrazoi gaberik, baina gripea bronkitis egin da eta bronkitisa pulmonia, gaixo horrek heriotzara eramanaz erakunde eliztarra, erlijioa, eta espiritualtasun asko ere bai. Patxi Elzo soziologoak, aspaldi idatzi zuen, hemen  ematen ari den laizismo itsuak ez duela parerik Europa osoan.

         Hirugarren atalean heltzen dio idazleak gaiari berenberegi, batez ere Xalbadorren Jainkoa eta ni bertso bilduma aztertuz sakonean. Lanaren muina edo bihotza berton datza, nire ustean. Xalbadorren fede esperientzian ematen den bidean edo bilakaeraren arrazoi bila dabil ikerlaria. Fedea misterioa bada, lan zaila. Fedea erlijioan azaltzen bada, errazago egiteko lana. Inguruko arrazoiak eta bertsolariaren biografia arakatzen ditu hurbilketa kritikoa egiterakoan.

         Artzainaren kontraesan eta ilunaldiak onartuta ere, eredu edo jarraibide legez agertzen zaigu Fernando Aire atal honetan. Liburuaren bigarren izenak ere gai hau jorratzen du: Jende xumearen erlijio-jakituria. Teologo, filosofo, apaiz edo kleroaren iturrietatik edan gabe, unibertsitate ikasketa gabeko edota eliz ordenazio gabeko herri profeta honen fede bizipena eredugarri zaio egileari. Ez du bere miresmena ezkutatzen. Ez da ikerketa hotz eta aseptiko bat. Fede bilatzaile batek, literatura landatan aurkitu duen lore eder bat dakarkigu esku artean, besteontzat ere lagungarri izango zaigulakoan. 

         Herriko pentsalarien goi maila ageri da, esker onez, liburu honetan.

         Gauza zehatzagoak aipatuz, baina ez dutenak isildu merezi, liburuak Joxe Arregiren hitzaurre batekin datorkigu. Berrogei urte eta… Xalbador hil zela. Asko aldatu urteotan erlijio, eliza eta fedearen presentzia Euskal Herrian. Hori ez dezagula ahaztu gogoratuko digu Arregik.

         Beste lagun baten arrastoa be ageri zaigu liburu honetan: Xabier Egañak argitalpen honetarako apropos egindako marrazki bi. Tamalez zuri beltzean ageri dira  orri artean, apainago egongo zirela azalean bertan!

         Sebastian Gartziaren beste liburuetan gertatu ohi denez, nire ustez ohar larregi dakartza liburuak, batzutan paragrafo osoak kopiatuz. Eta ostera, bertsoak aipatzerakoan, lerroka banatu beharrean, / batekin azalduz etenak, galdu egiten du euren musikaltasuna, kantatzeko otoitz edo salmo bilakatu daitezkeela oztopatuz. 

         Ez dakit neurri arazoa den ere, baina faltan botatzen dut bibliografia agertzea azkenean. Ohar batzutan ez da erreza iturria aurkitzea, 20 edo 30 orrialde lehenago eman bai ditu egile eta liburuaren azalpenak, eta konturatu orduko “o.c.” bat baino ez da ageri.

         Bilboko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak eman du argitara liburua, Desclée de Brouwer S.A. argitaletxearekin batera. Egia esan, Institutua da gaur egun, teologia inguruko monografiak euskaraz kaleratzen dituen erakunde bakarra edo bakarrenetarikoa. Lan mardula Gogoeta Asteko laburpenak eta beste liburu batzuk euskaraz ematen. Pena da beraz, liburuaren amaieran edo tokiren baten, orain arte argitaratutako liburu zerrenda ez azaltzea.

Irakurtzeko eta zabaltzeko eskuliburua, aurreko Hamaika literato eta Jainkoa (2016) liburu mardula baino atseginagoa eta praktikoagoa. Eta aldi berean, liburu haren bidetik, jarraipen eta osagarri. Hau hamabigarrena bada, aspaldiko ipuina hona ekarriz, “badok hamairu?

                                                 Jose Mari Kortazar

No hay comentarios: