Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 23 de marzo de 2019

Eleizako testuak euskeratzen dituenei autortzea

Alkarenbarri argazkia
Euskaltzaindiak eta Bilboko Eleizbarrutiak ekitaldia egingo dabe hilaren 28an, idazten dau Dabi Piedrak bizkaie.biz webgunean.


Vatikano II.a Kontzilioaren ostean liturgiako latinezko testu barriak euskeratu zituen, eta euskeratzen segitzen daben, itzultzaileen ekarpena autortu eta lan horregaitik omenaldia egiteko asmoz, ekitaldi berezia antolatu dabe Euskaltzaindiak eta Eleizbarrutiak. Martiaren 28an, eguena, egingo dabe, Akademiak Bilbon daukan egoitzan, Euskerearen ibilbidea gure eleizbarrutietan: liturgiako itzultzaileen e(us)karria izenburupean.

Eleiza katolikoak euskereagaz lotura handia euki dau betidanik: euskeraz argitaratutako liburu gehienak erlijinoaren ingurukoak izan ziran XIX. mendera arte, eta dotrina eta antzekoak XVI. mendetik egon dira euskerara itzulita. 1960ko hamarkadan, baina, zirt edo zart egiteko momentua heldu zan: Vatikano II.a Kontzilioak agindu eban mezea herritarren hizkuntzetan emoteko.

Euskera batua bera be sortzen egoan momentu haretan, hainbat eleizgizonek heldu eutsien erronkeari. Lehenengo, bakotxa bere aldetik; geroago, Iruñeko eta Baionako gotzainen ekimenez, talde-lanean, meza-liburua euskeratzen hasi ziran. Eleizearen liturgiako testu ofizialak itzultzeko lana gaur egunera arte heldu da, orain laikoek be hartzen dabe parte.

Eustasio Etxezarreta itzultzaile, euskaltzain urgazle eta itzulpenen koordinatzaileak azaldu dauenez, azken bost hamarkadetako lana hiru fasetan banatu leiteke. Lehenengo, 1964tik 1968ra bitartean, orduko meza-liburua euskeratu eben, hau da, Trentoko Kontzilioan adostu eta 1570ean argitaratutakoa.

Bigarren fasea 1969tik 1977ra bitartekoa izan zan. Vatikano II.a Kontzilioan onartutako barrikuntzadun meza-liburua argitaratu zan, eta ha be euskeratu behar izan eben. Azkenik, 2002an hirugarren aldia hasi zan, Eleiza Katolikoak bere testuak barriztau eta aberastu zitualako. Etxezarretak aurreratu dau laster argitaratuko dabela bersino barri horren euskerazko itzulpena.

Hilaren 28ko omenaldian lehenengo fase bietako itzultzaileei egingo deutsie gorazarre beren-beregi. Besteak beste, Karmelo Etxenagusia, Lino Akesolo, Pio Zarrabe, Mikel Zarate, Bitoriano Gandiaga, Jaime Kerexeta, Juan Vicente Gallastegi, Jose M. Rementeria eta Lontzo Zugazaga aitatu ditue Euskaltzaindiak eta Eleizbarrutiak. Eleizgizon hareek euskerearen euskarri izan ziran, adierazo dau Felix Alonso Bikario Nagusiak

Halandabe, izen-abizenez omenduko dituenez gan, eleizan euskerearen alde beharrean ibili diran guzti-guztien lana autortu nahi dabela zehaztu dau Alonsok, itzultzaile izan zein beste alor bateko eragile. Ganera, ekitaldia Bilboko Eleizbarrutiaren ekimena bada be, Euskal Herriko ganerakoen ordezkari izan nahi dabe.

Bilboko Eleizbarrutiak egindako proposamena gogotsu hartu dau Euskaltzaindiak, euskereari ekarpen baliotsua egin deutsienak gogoratzeko aukera ederra dalako, Akademiaren mendeurrenaren ospakizunen barruan. Badaukaguz halako testuak, itzultzaileak egon diralako, aitatu dau Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Dokumentala

Itzultzaileak omentzeko ekitaldian, ganera, Bizkaian Eleizea euskerearen alde izeneko dokumental laburra aurkeztuko dau Eleizbarrutiak. Hamar minutuko film horretan, Bizkaiko Eleiza Katolikoak euskerea jagon eta zabaltzeko bidearen nondik norakoak agiri dira.

Dokumentaleko harribitxia XVI. mendeko euskerazko formulea da. Otoitzean erabilteko testu labur hori bizkaieraz idatzitako zaharrena izan leiteke, eta dokumentalaren bidez zabalduko ditue bertako berbak. Galduta egoala uste eben adituek, baina 2017an ezustean topau eben, Durangoko San Antonio komentuan. Monja klaretarrek Bilboko Eleiz Artxiboaren esku itxi eben testua.

No hay comentarios: