Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 27 de marzo de 2014

Ebanjelioaren poza: Peio Ospital

Iparraldeko kristauen webgune dogun Fedea eta kultura deritxon tokitik Peio Ospitalen gogoeta hau dakargu hona. Barikuan Koldo Katxok gai berberaz egingo deuskun hitzaldiaren sarrera moduko dogu hau. Euskeraz badogu beste laburpen bat sareratuta Rufi Iraolaren lanari esker.



Ainitzek, gutizia edo esperantza edo griñaz igurikatzen zuten Frantses Aita Sainduaren jarrera, bereziki ekonomia eta Eliz-erakunde arloetan. Agiria (Evangelii gaudium – Ebanjelioaren poza) joanden azaro ondarrean argitaratua izan da, Lehiabide apostoliko gisa. 

Ezinezkoa da 288 artikulu kondatzen dituen 165 orrialdeko agiria orri bakarrean laburbiltzea. Ondorioz, hala beharrez, ekonomista eta teologo zonbaiten iritziak irakurririk, hurbilketa « interpretatu » bat proposatzen dautzuet, mundu zabalean hedaturik dagoen Eliza edo berdin tokikoa gogoan izanik. 

Izenburuak berak, hitz gutitan ainitz erran nahi du: ez du erraiten poztasunik ez ditaikeela izan Ebanjeliorik gabe, bainan bai poztasunik gabeko Ebanjeliorik ez lukeela izan behar.

Ekonomia arloan, ezezko garbi bat jarri behar zaio « ekonomia baztertzaile eta zuzengabekoari ». Ekonomia mota hori hiltzailea da. Onartezina da hotzez hiltzen den karrika-egoeran dagon adindunaren heriotza gertakari aipagarria ez izaitea, Burtsaren bi pondutako beherakada, aldiz, aipagai delarik (53)*. 

Urrezko aratxearen irudi biblikoa gogoratuz, diruaren idolatria salatzen du Aita Sainduak : antropologia-mami gabeko ekonomiak, azkenean, gizakia behar bakarreko izakira mugatzen du, kontsumitzaile-huts bihurtzen du (55). 

Bakar batzuen izabaziak neurrigabeki haziz doatzilarik, gehiengoarenak guttiengo uros horren ongizatetik beti ta urrunago gelditzen dira. Bestalde, ustelkeri zabalduak eta ihesketa fiskal berekoiak hedadura mundiala hartu dute. 
Botere eta ondasun goseak ez du mugarik. Ondorioz, hauskor den guzia, adibidez ingurumena, defentsarik gabe gelditzen da merkatu jainkotuaren meneko (56).

Solidaritate desinteresatura deitzen zaituztet, eta gizakiaren aldeko etikan oinarritzen diren ekonomia eta finantzetara itzultzera lehiatzen (58).

Alde guzietarik segurtasun gehiago ere galdegiten da. Bainan gizarte barneko eta herrialdeen arteko bazterketa eta zuzengabekeria ezabatzen ez diren bitartean, ezinezkoa izango da indarkeria erroz-gabetzea (59).

Hots, aspaldiko eta betiko erakaspena : dirua zerbitzari ona, bainan nagusi txarra.

Eliz-erakundeari begira ere, erakaspen zehatzak emaiten dauzkigu Aita Sainduak.

Elizak ez du ebanjelizatzen, bere burua etengabe ebanjelizatzera uzten ez badu (174). Eliza ez da aduana bat, aitaren etxea da, eta bakotxak bere bizitza penatuarekin badauka hor bere tokia (47). Atera, atera... Nahiago dut, bidetan ibiltzeagatik, Eliza zauritua, uspeldua eta istildua, ezinez eta hetsikeriaz eta segurtasun beharraren griñaz eriturik dagon Eliza (49). 

Mundukeri espiritualari ez ! Batzuek uste dute besteak baino gehiago direla arau zehatz zonbait betetzen dituztelako edo estilo katoliko zaharrakilako leialtasun hautsezina agertzen dutelako (94).

Mundukeri maltzurra agertzen da « Elizaren eremua menperatzeko » nahikeri harroan. Batzuek liturgiaren, doktrinaren edo Elizaren ospearen axola espantuki erakutsiko dute, Jainkoaren herria baitan eta historiaren premia zehatzetan Ebanjelioa zinez xertatzeaz batere griñatuak ez direlarik... Beste batzu gizarte bizitza intentsibo batean engaiatuak agertuko dira, bidaia edo bilkura edo apairu edo agerraldien artean tirabiratuak... Huntan guzian ez dago kartsutasun ebanjelikorik, bainan bai buru-asekeri egozentriko baten gezurrezko gozamena (95). 

Bestalde, guti dira apezgorako edo bizitza erlijiosorako bokazioneak... Ez dago semenarioak betetzerik edozoin gisatako motibazioekin, are gutiago ez-segurtasun afektiboarekin, botere gosea edo giza-ospe edo ongizaite ekonomikoarekin zerikusirik baldin badute (107).

Berri Onaren iragarpenak – kerygma – eginbide moral eta erlijiosoa baino lehen, Jainkoaren maitasun salbatzailea adierazi behar du..., osotasun harmoniotsua suposatzen du, predikazioa ez delarik murriztu behar doktrina zonbaitetan, batzutan ebanjelikoak baino filosofikoagoak (165).

Ebanjelioa kultura ainitz eta desberdineri egokitu behar da, jakinik ez Aita Sainduak ez Elizak ez daukatela errealitate sozialaren interpretazioaren monopoliorik.

* Zenbakiak Agiriaren erreferentziak dira. 

 Peio Ospital

No hay comentarios: