Abenduko izarrak

sábado, 4 de enero de 2014

Arratiako Unibersidadea



Gaur egun modan dagoana I + D eta holakoak dira. Ikertu, barrikuntzak, bide barriak... enpresa munduan, gazteen hezkuntzan, han eta hemen.
Aldaketa itzela izan da urte gitxian. Lehen, esperientzia zan jakituriaren oinarria. Gaur egun, barritasunaren atxakiaz zaharren zuhurtziak eukan balioa alperrik galtzen itxi dogu.
 
         Denpora neurtuak aukerak zorroztera eroan gaitu. Ezin danari heldu. Baina oraindino badago zer ikasi eta nogandik ikasi gure Arratia honetan.

         Ikasi bizitzaren pisuaz, norabideaz eta kontraesanaz. Orain dala hogei urte gauza bat esaten genduan, eta orain haren kontrakoa defendatzen dogu, gogo eta bizitasun berberaz, emon dogun ziabogaz konturatu barik. Baina hor dagoz balizak, gure aldaketen testigu isil edo isilduak.

         Ikasi gizatasun beharraz. Ez dagoz modan. Gure ekintzaren eta alkartasunaren helburu bihurtu ditugu. Gauzatu, Ahaztu dogu, zoritxarrez, oraindino be eragile izan ahal dirala. Urteak gora, indarrak behera. Baina ez jakituria edo maitasuna.

         Ikasi euren euskera bizi, jator, geure-geurea. Beharbada belarria findu beharko dogu, baina hortxe dagoz hamaika kontu eta kantu jaso gura dituenentzat.

         Ikasi zein izango dan gure etorkizuna. Beharbada horregaitik ez jaku hain atsegin. Espilu baten zeregina beteten deuskue-ta.

         Eta non dago Unibersidade hau? Ez dozu hegazkinik hartu behar bertara joateko. Asti apur bat nahiko jaku. Inbersino zoragaria da.

         Bere egoitza nagusia Diman dauka, Mankomunidadeko zaharren Egoitza. Baditu beste extensino bi, honeek pribaduak. Bata Diman, Bedian bestea. Eta hainbat katedradun herri guztietan sakabanatuta, baserri eta pisuetan. Pozarren bisitaldi bat hartzeko. Zoriontsu entzunak izateko. Kontuan hartuak izateko gogoz. Matrikula doanekoa da. Ikasbideak ugari: etorkizuna, euskerea, humanidadea, bizitzaren bueltak… 

         Eta urte barria izango danez hau hartzen dozunean, hona gaurko agurra:

Ez eizuz itxi urte barrian
ardura ta kezka danak,
beti bezala josiko ditu
poz, samin, kanta ta penak,
horrek guztiak batzeko hari
fedearen salbamena,
alperrik dogu urtea_aldatu
aldatu barik sistema!


Jose Mari Kortazar

No hay comentarios: