Gabon zorion, zorion gabon!

miércoles, 19 de diciembre de 2012

Pello Zabalagaz Bitoriano Gandiagari buruz




Zeanuriko gazte batzuk Arantzazura joan ginan. Pello Zabalari alkarrizketea egin geuntsan Bittoriano Gandiagaren ganean, bere bizitza hobeto ezagutzeko. Bitoriano Gandiaga Artetxe, 1928an jaio zan, Bizkaiko Mendatan, eta txiki txikitatik frantziskotar egin zan. Hamahiru urte zituala Arantzazuko seminariora joan zan. Abade ikasketak Arantzazuko, Foruko, Zarauzko eta Erriberriko komentuetan egin zituan. Frantziskotar 1940an sartu zan eta abadetu, ostera, 1954an abadetu zan.



 Noz ezagutu zenduan Gandiaga? Ze harreman izan zenduan beragaz?

Mutikotan 10 urterekin hemen Arantzazun egon nintzen. Nik banekien hemen fraileak zebiltzala, baina fraile artean ez nuen inor ezagutzen. Estudiante gazte nintzela ezagutu nuen. Hemen, komentuan, abitua jantzita teologoak zeuden; eta bera, Gandiaga, kolegioan zegoen, eskola ematen eta hemengo Araotzen parroko, eta orduantxe ezagutu nuen.
Gainera, sasoi horretan Elorri  argitaratu zuen. Lehendik ere entzunda nuen haren berri; beti zerbait zegoenean euskara kontuetan, bagenekien Gandiaga horretan zebilela. Gero elkarrekin bizi izan ginen eta, orduan bai, orduan hurbileko harremana izan genuen.


Zelangoa zan Gandiaga?

Oso ondo ezagutu zuten ikasleek. Berarekin eskola izan zuten eta haiek bai, ondo ezagutu zuten. Gogorra zen, oso gogorra irakasle moduan. Eta bere geroko krisi pertsonala hor egon zen: batetik, hezkuntza erlijioso zorrotzetik zetorren eta, bestetik, baserri mundutik. “Orbelaun” zan bere baserria. Gauzak egin, denbora aprobetxatu eta eskoletan ere beti puntual. Horretan bere buruarekin karratua zen eta ez zion ezer parkatzen bere buruari. Berarekin ikasi ikaragarri ikasten zen, baina oso exigentea zen, oso gogorra. Eta langilea ere bai, lanean demasa zen.
Eta horrexek ekarri zion bihotzekoa. Ez zuen osasun txarra, osasuna oso ona zuen. Eta, hala ere, bihotzekoa eman zion, buruko estutasunagatik. Medikuek esan zioten denbora galtzen ikasi behar zuela eta Denbora galdu alde  liburua orduan etorri zen.
Orduan, imaginatu zenbateraino zen estua bere buruarekin. Esaterako, komentuan errezuetara joan behar izaten zuenean, ba errezuak izaten ziren 6:45ean eta berak mendira joan gura izaten zuen zizak-eta batzera. Orduan, goizeko 4,30etan jaiki, mendira joan, ekarri ziza pila bat eta gero errezuetara, zintzo-zintzo korura.
Denbora galtzen ikasten zebilen. Mendi punta-puntara joan eta handik arbola gaztetxoren bat ekarri, gero hemen landatzeko eta beti zerbait egiten. Eta, bueno, lasaitzen joan zen, idazteak ere lasaitzen laguntzen zion.
Bestetik, auzoan oso hurbilekoa eta maitagarria zen guztiekin. Eskoletako fama bat bereganatu zuen, baina klasetik kanpo ez zen holakoa.


“Berarekin ikasi ikaragarri ikasten zen, baina oso exigentea zen, oso gogorra.
Eta langilea ere bai, lanean demasa zen”


Zergaitik aukeratuko eban fraile izatea?

Gaur fraile izatera ez dator inor, ze fraile bizitzan egin daitezkeenak egin daitezke kanpoan ere; besteen onerako gauzak egin ditzakezu. Baina garai hartan, baserriko bizitzatik nora joan? Norbaitek nahi bazuen ikasi, ez zegoen unibertsitatera joaterik. Gaztelerarik jakin gabe etorri zen Gandiaga hona eta lanak izan zituen gaztelera ikasten. Gero ikusi zuen Arantzazun bazegoela zeregina.
Gainera, Gandiaga baserriko bizimodutik zetorren eta inguruko jendearekin arin egin zituen harremanak. Inguruan gazteak zeuden, baserri ingurukoak, eta gazteekin batu eta beste herri batzuetara eramaten zituen, beste leku batzuetan baserriko lanak nola egiten zituzten erakustera. Horretan baserriaren alde asko egin zuen.


“Baserriaren alde asko egin zuen”

 

Zelango bizimodua daroazue hemen fraileak gaur egun?

Fraileak… Kanpotik begiratuta ematen du, hor ze ote dabiltza. Baina Gandiagari bezala, minutuak falta zaizkigu gauzak egiteko. Baina dibertitu eta umorea jarri, eta bertsoak kantatzeko denbora ere badaukagu.
Lehenago asko ginen komentuan eta astia ateratzen genuen gustuko lanak egiteko. Asko ginenean egunean 8-9 ordu ateratzen genuen bakoitzak nahi zuena egiteko, gure gustuko lanak egiteko. Norberaren lanak egiteko denbora zegoen inork molestatu gabe. Hori lujoa zen. Orain gutxiago gara, edadeko jendea daukagu. 27 gaude eta 17 laurogeitik gorakoak eta gazteenak be hirurogeita gutxi; denok gara aititak, eta orain ez daukagu horrenbeste denbora geure lanak egiteko.


Noz idazten eban?

Han kolegioan bizitzeak asko lagundu zion horretan. Guk hemengo (komentuko) martxa segitzen genuen: meza, otoitza eta gainerako fraile betebeharrak. Komentuko ordutegia itxia zen eta kolegioko erritmoa askeagoa zen. Eguen arrastian koadrilako meza deitzen zuena ospatzen genuen eta bertan parte hartzen zuen. Eta hor gustura ibiltzen zen; hortxe askatu zen eta bizitzari buelta eman zion. Hori, gero, produkzioan ere ikusten zen. Azkeneko urteetan kantuak idatzi zituen, abenduan ateratzen zituen. Garizumako kantak ere egin zituen, pila bat kanta egin zituen garizumakoak. Gero bere erronka izan zen piztuerari kantuak ateratzea, aleluiatxo bat ere lortu zuen. Buelta eman behar izan zion bihotzekoari, baina batez ere burukoari.
Gero kolegiotik hona etorri zenean komentura bere ilusioa zen idazteko denbora izatea eta gustura pasa zituen azken urte hauek, hamaika urte inguru. Hirurogeita gutxirekin etorri zen eta azken urteak lan eta lan eman zituen bere gogoko zereginetan.
Gaixoaldian ere, beti hain gauza guztiak puntu puntuan egitekoa zenez, beste guztiak baino lehenago iratzarri, argiak iratzartzen zuen hura, gu jaiki baino lehen. Gauzak ikusi eta beti pentsatzen; orduan esalditxo bat edo zeozertxo idatzi, gero zerbait gehitxoago idatzi eta horrela; poesia osorik ez zuen idazten hasi eta amaitu. Paper punta batean zeozer apuntatu eta horrela egiten zuen. Menditik ibiltzen zenean ere pentsatu eta hitz edo esalditxo bat idazten zuen.

“Gauzak ikusi eta beti pentsatzen;  orduan esalditxo bat edo zeozertxo idatzi,  gero zerbait gehitxoago idatzi eta horrela; poesia osorik ez zuen idazten hasi eta amaitu”




Gizarteagaz arduratzen zan?

Gizon konprometitua zen. Beti konpromiso gogorra, salatzailea eta horretan izugarria da bere olerkaritza guztia. Konpromisoa hartu zuen Hiru gizon bakarkan baina orduan euskararekiko eta Euskal Herriarekiko. Hiru gizon bakarka erdia baino gehiago musikatuta dago; kantari handiak erabilitakoa da.
Natura ere oso maite zuen. Inguru hau guztiau berak zaindu zuen eta esan dudan moduan baserritarren munduak ere ardura handia ematen zion.

Zer zan Arantzazu beretzat?

 Orbela baino gehiago (barreka). Gandiagak hemen igaro zuen bere bizitza guztia. Hura beti zebilen batera eta bestera, ezagutzen zituen hemengo txoko guztiak… segituen bilatzen zituen trikuharriak… Bazekien non egon  zitezkeen lehenagoko aztarnak. Arantzazu dena zen beretzat.
Gandiagak berak zaindu zituen inguru hauek denak, segarekin garbitzen zituen. Gaur ez lituzke gustura ikusiko desbrozadorarekin egiten diren lanak. Makinak akabatzen ditu bitxo guztiak, barraskiloak, bareak … Gandiagak disfrutatu egiten zuen natura behatzen, entzuten… natura maite zuen. Azken urte hauetan pena ematen du denak, ez dago bitxorik, eta txoriak ere gero eta gutxiago datoz inguru hauetara.

“Gandiagak disfrutatu egiten zuen natura behatzen, entzuten… natura maite zuen”


Orain bere hutsa sentitzen dozue? Non dago orain Gandiaga?

Gabonetan, 24an erronda egiten dugu. Badaramatzagu 34 urte erronda egiten. Beti berarekin egiten genuen; berak hasi zuen ohitura hori. Azken 12 urteetan ez da izan gurekin eta berak eramaten zuen erritmoa jarraitzen ahalegindu gara. Bertso batzuk finkoak abesten ditugu eta beste batzuk, berak egiten zuen moduan, urteko gauza printzipalak hartuz. 60 pertsona inguru batzen gara. Habanera musikarekin egiten ditugu letra berriak, urtean gertatzen direnekin.
Zuok Arratian egingo duzuena ere gauza ederra da; betiko ospakizunak herrira zabaltzeko beste modu bat da.
Igorreko KT Gandiagaren bertsoak aurkeztu ostean


Orain bera gogoratzen duen Gandiaga Topagunea dago hemen. Bere izena jarri diogu berak zaindutako lekua delako eta bere ekarri guztia Arantzazun dagoelako. Gandiaga beti hemen eta beti zeozer egiten. Hor ikusten diren zuhaitzak denak berak jarrita daude.


“Bere izena jarri diogu topaguneari, berak zaindutako lekua delako eta bere ekarri guztia Arantzazun dagoelako”
 

Eskerrik asko Pello, hain argi eta apal azaltzearren Gandiaga nor zan.

No hay comentarios: