Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 8 de diciembre de 2012

Abendu meza Gandiagaren eskutik: kantak



Hitzak: Bitoriano Gandiaga
Doinuak: Pello Zabala & herrikoiak

Gabon dut anuntzio liburutik egindako aukerea




Sarrera: Abenduko pregoia

Nork zerk estaltzen du eguzkia?
Ala eguzkiak berak hartu du
argia gordetzen dion estalkia?
Ala begietan dugu gaitzen bat
argia ikusten uzten ez diguna?
Oilarrek bezala igarleek
goiz jo zuten egunsentikoa
eta eguna aspaldi bide da zabaldua.
Zergatik ez dugu ikusten argirik?
Zergatik ez naiz argitara atera?
Zergatik ez naiz alaitzenargitan?
Eguzkia ikusi zutenek odolez
aitortu digute argitu duela.
Beren bizimodua lekuko
baieztatu digu eguna prantaturik dela
santuen letani luze ta ederrak.
Non, nola, nora irten dute, nondik
ikusi dute dioten delako argi hori?
Zer egin dute, non garbitu dituzte
begiak, nola egin dira argia
ikusteko gauza?
                                  

Damu otoitza

Kongoko haurren zorian dator
aurten Belengo umea,
aurpegi goibel penagarria
gaixoz ta larriz tristea.
Atsekabea gainditu zaio,
egarria ta gosea,
amarentzat zein lazgarria den
haurraren samin dongea.

Ai, zer ez ote luke egingo
hala den haurraren amak!
baina ezertxo ezin du egin
inola ezin duenak.
Ama txiroak bere penez gain
pena ditu haurrarenak;
aurten Kongotik egiten digu
deiadar gabon-Belenak.

Pobretasunaz miseria ta
gerra eta noraeza,
Kongo, Ruanda eta hainbesteren
premiazkoenen eza...
Berriro ere Andre Mariak
ez du ataka erraza,
Jesus haurrari ezingo dio
eman nahi lukeen babesa.

(egokitua)

Kongoko haurren lekuan dator
aurten Belengo umea,
aurpegi goibel penagarria
gaixoz ta larriz tristea.
Atsekabea gainditu jako,
egarria ta gosea,
amarentzat zein lazgarria dan
haurra holan ikustea!.

Ai, zer ez ete leuke egingo
holako_ume baten  amak
baina ezertxo ezin dau egin
ezelan ezin dauanak.
Ama txiroak penaren haundiz
zer pena umearenak;
aurten Kongotik egiten deusku
deiadar gabon-Belenak.

Pobretasunaz miseria ta
gerra eta noraeza,
Kongo, Ruanda eta_hainbesteren
preminazkoenen eza...
Barriro ere Andra Mariak
ez dau ataka erreza,
Jesus haurrari ezingo deutso
emon nahi leuken babesa.
 
(Bizkaierazko bertsioa)

Entzun berri hau

Entzun berri hau, anaiok,
jarri erne belarria;
pozarren dakarkizuet
albiste salbagarria;
entzun zuk ere, oi herri,
degizudan aldarria:
kunplitu dela sarritan
profetek iragarria.

Zeru ta lurrak zituen
haseran Jainkoak egin;
mendeak igaro ziren,
zenbatzu kontatu ezin;
poliki ari zen dena
antzaldatu ta berregin;
urak ernatu zituen
arrain ta txori beredin.

Bi mila urte, hor nonbait,
horra Abrahamen fedea,
Jaunak deituta utzi du
asaben herrialdea;
Haren hitzean da fido,
Hura du bere xedea,
herri bat eman dio Hark
eta aitaren ospea.

Mila ta berrehun bat urte,
Moises dugu oraingoan,
Abrahamen semez jabetuz
Itsas Gorriko pausoan;
horra herri hautatua
libertatezko giroan
bataiatuon irudi
izan zedin gerokoan.

Baziren zazpiehun urte
horra Israel non datzan
Babilonian gatibu
izugarrizko morrontzan;
sufrimen hartan jarri zen
salbazio-esperantzan,
profetek esan Mesias
bazetorkeen konfidantzan.

(aukeratuak bertso batzuk)

Gogoeta 01

Gizakiaren alde
Gabonak diona:
eskuzabaltasuna,
borondate ona,
hobea izateko
gauza da gizona.


Jarrai dezagun luzatuz
Gaboneko abiada;
Gabonez gauza ederra dena,
gerora ere ona da:
elkarrentzako onginahia ta
laguntzazko egitada.

Bihotz banaren jabe da
gizakiaren bularra.
Nori ez zaio gauza mingarri
edonoren ezbeharra?
Uxa ditzagun giza mundutik
nahigabea ta negarra.

Gabonetan on bagara,
gaitezen on gero ere;
on egitea behar genuke
elkarren arteko lege:
batak bestea  onartuz, zabal
egin nornahiri mesede.


Gogoeta 02

Desagertu birtute
ederrak hain baitira,
ikus dezagun Belen;
gagozkion begira.


— Ikusi makusi.
— Zer ikusi?
— Ikusten, ikusten,
a, a, a.

Jaunak gugatik egin
duen miraria:
Hitza gizon egin da
hartuz haragia.
Hitza gizon egin da.

Desagertu birtute...

— Ikusi makusi.
— Zer ikusi?
— Ikusten, ikusten,
e, e, e.

Gezurra zabal dabil
orain eta hemen.
Egia bazterrean,
Egia Belenen.
Egia bazterrean.

Desagertu birtute...

— Ikusi makusi.
— Zer ikusi?
— Ikusten, ikusten,
i, i, i.

Hemen harrokeria
ari da nagusi.
Egia apala da,
pobre ta biluzi.
Egia apala da.

Desagertu birtute...

— Ikusi makusi.
— Zer ikusi?
— Ikusten, ikusten,
o, o, o.

Egun injustizia
bizi da oparo.
Egia justua da,
astanduta
* dago.
Egia justua da.

Desagertu birtute...

— Ikusi makusi.
— Zer ikusi?
— Ikusten, ikusten,
u, u, u.

Guk behingoan ohi dugu
zuritu nahiz beztu.
Egia zintzoa da,
faltsiarik ez du.
Egia zintzoa da.

Desagertu birtute...




Berrionaren berri emaile

Berrionaren berri emaile,
agur, zuri, Abendua;
esperantzaren atari zara,
iraupen luzez ondua;
betiraunera begira jartzen
diguzu adimendua
kunplitu zaren hortan bait zara
kunplikizun-agindua.
Berrionaren berri emaile,
agur, zuri, Abendua!




Etengabeko Abendu baten,
horrelaxe bizi gara
Jaungoikoaren erreinua noiz
osotuko den hartara;
espero eta nahi genuena
jadanik etorri bada,
Bere legamiz mundu guztia
behar du ondu ta para.
Etengabeko Abendu baten,
horrelaxe bizi gara.


Bakea

Jainkoaren bakea
gizon apal egin da:
gizon apal egin da ta
geuganaino jaitsi da.
Aleluia.


Jainkoaren bakea
bake amoltsua da;
bake amoltsua da ta
geure bake egin da.
Aleluia.


Jainkoaren bakea
guztizko bakea da;
guztizko bakea da ta
geure esku jarri da.
Aleluia.


Bakea, ongia ta

Bakea, ongia ta
onespena denoi,
Jaunagan pozez pozten
zareten guztioi
eta hurkoen arduraz
bizi zaretenoi,
bakea, ongia ta
onespena denoi.

Bakea, ongia ta
onespena denoi,
pobreen aldeko kezkak
bizi zaituztenoi ta
justizia sendo
maite duzuenoi
bakea, ongia ta
onespena denoi.

Bakea, ongia ta
onespena denoi,
barkatzen duzuenoi
ta bakezaleoi
ta zintzo, otzan eta
xalo zaretenoi,
bakea, ongia ta
onespena denoi.


No hay comentarios: