Zure misiolari Domund 2024

viernes, 4 de marzo de 2011

Emon bidea bakeari ziortza 2011 bertsoak

Hona hemen Aita Martzelek prestau daben bertso sorta Apirilak 9an Bolibartik Ziortzara egingo dan III Bake ibilaldirako oinak bakarrik ez, bihotz eta espiritua ere prestatzeko.


EMON BIDEA BAKEARI
Doinua: “Iparragirre”


1. Garizumako kristau bidea
 bide luzea ta latza,
 bake-bidea areago da
 eta gainera aldatza.
 Jo daigun pausoz-pauso
 eleiz, herri ta auzo,
 bakearen Pazkorantza.
 Anai-arreba izanda, holan?
 Hori bai dala garratza!


                  
2. Lege-indarra, indar-legea
ez da nahiko, beste barik,
kartzela, zigor, arma, burruka...
Ez al da beste berbarik?
Nun da alkarrizketa,
gizakien berbeta?
Ez al daukagu lotsarik?
Bake-bidea ezin da egin
ez bada_alkarrizketarik.

                  
3. Berba bardinak erabili bai
ta kontrako esanahia,
euskaldunaren berbea nun da?
Arerio da anaia...
Egia erdibana,
inok ez dauka dana;
berbaz argitu ezbaia.
Guzurra kenduz, sendotu daigun
egi garbiaren mahaia.

        
4. Ordena beti ordena da ta
horretarako jarria,
justiziaren atxakiz batzuk
goitik behera ezarria.
Bakotxari berea
hau da zuzenbidea,
bizitzaren oinarria.
Justizi bako ordena zer da?
heziteko lokarria.


5. Gure solo ta baztar askotan
bada barrabas bedarra,
Euskalerrian sendo ta zabal
gorrotoaren sustarra.
Hemen behar doguna
da alkar maitasuna,
hor dago gure indarra;
maitasun garbiz amatau daigun
gorrotoaren sugarra.

6. Libre izan nahi ta alkar lotzen
hau da hau kontraesana!
askatasuna benetakoa
alkar laguntzen doana.
Geuk bihotza askatu
ta Jaunari eskatu
egin daigula ahal dana:
danon artean askatu daigun
oi bake-uso laztana.

                  
7. Bakegilea bakez bizi da,
bizi dauana eginez,
bakea ez da berez indartzen
ez legez ta ez dotrinez.
Parkamena eskatu,
parkamena opatu
bihotz zabalez ta finez;
bake-bidea alkar hartuta
landu daigun ahaleginez.

                  
8. Gaur, bihar, etzi bake-bidea
beti da egitekoa,
ogia eta arnasea lez
hau be egunerokoa.
Garizuma-bidean
bidez goazen artean,
gogoan izan Pazkoa:
Aitarenean izango dogu
betea ta betikoa.

No hay comentarios: