Itsasoa lez terkoak gara
jo, joan eta etorri,
inoiz gogorrak, bestetan bare,
goiz lanbrotsu, arrats gorri.
Gure helburu eta ametsak
Zuregan dabe jatorri.
Abian doa goizeko trena
ingurua oro laino,
eguzkiaren indar epelak
izartuko dau gozoño.
Atea zara edo ormatzar
beti tinko hor Ogoño?
Abiadura hartu gurean
ez zabiz oso arina,
eguneroko Pater Noster bat
esker oneko bagina,
itsas ertzean zure oroimen
zaitut Santa Katalina.
Ur sakonetan itoa ete?
Erantzunik nik ez bape.
Hatxaren kontra ontziak jota
ura babespe, hegape.
Kurutze hortan itxaropena
abestu zuk, Hondartzape.
Itsas urdinak zauria dauka
bizitzak ere luzaro,
zoriona non, eraiki guran
eta non babes, abaro?
Ermitatxoa jausita ere
santutegia Izaro.
Lau minutuko joan etorri
bizitzaren nondik nora,
lana, otoitza, kanta, negarra,
atoan doa denpora,
lau minututan salmo hau kanta
Mundakatik Bermeora.

No hay comentarios:
Publicar un comentario