Gabon zorion, zorion gabon!

lunes, 15 de noviembre de 2021

Egiaren lekuko Testigos de la verdad Jose Antonio Pagola


Jesusen aurkako auzia, Jerusalemera joan ohi denean, erromatar prefektuak bizileku duen jauregian egingo dute. Egunsentia da. Bere aulkian dago Pilato; handik eman ohi ditu bere epaiak. Esku loturik eraman dute Jesus, gaiztagin bezala. Han daude, bekoz beko, inperio boteretsuenaren ordezkaria eta Jainkoaren erreinuaren profeta.
Pilatori sinestezin gertatu zaio gizon horrek Erromari desafioa egin nahi izana. «Beraz, errege zarela zu?». Jesus argiro mintzo da: «Nire erreinua ez da mundu honetakoa». Ez da mundu honetako inongo sistema zuzengabeetakoa. Ez du inongo tronurik hartzeko asmorik. Ez dabil botere eta aberastasun bila.

Baina ez dio ezkutatu egia: «Errege naiz». Egia txertatzera etorri da mundu honetara. Beraren erreinua mundu honetakoa izango balitz, izango luke «guardiarik», beraren alde armaz borroka egiteko. Baina beraren jarraitzaileak ez dira «legionario», baizik eta «ikasle», beraren mezua entzuten duten eta munduan egia, zuzentasuna eta maitasuna ezartzen ahalegintzen direnak

Jesusen erreinua ez da Pilatorena. Prefektu hau herrietako aberastasunak atera eta Erromara bideratzeko bizi da. Jesus, berriz, «egiaren lekuko izateko» bizi da. Jesusen bizitza bete-beteko desafioa da: «Egiarena den orok entzuten du nire ahotsa». Pilato ez da egiarena. Ez du entzuten Jesusen ahotsa. Ordu batzuk barru, ahots hori betiko itotzen saiatuko da.

Jesusen jarraitzailea ez da egiaren «zaindari», baizik eta «lekuko». Bere egitekoa ez du eztabaida, borroka eta arerioak menderatzea, baizik eta ebanjelioaren egia bizitzea eta berari bizitza aldatzen ari zaion Jesusen esperientzia aldarrikatzea

Kristaua ez da egiaren «jabe», baizik eta lekuko. Ez du ezartzen bere doktrina, ez du kontrolatzen gainerakoen fedea, ez du uste gauza guztietan arrazoi duenik. Jesusengana bihurtuz bizi da, Jesusekiko sentitzen duen erakarmena kutsatzen du, ebanjelioari erreparatzen laguntzen du, Jesusen egia ipintzen du alde guztietan. Orduan erakarriko du Elizak jendea, gure aurpegia Jesusenaren antzekoa denean, eta gure bizierak Jesusena gogoratzen duenean.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

No hay comentarios: