Jose Angel Agirre Camerundik

jueves, 9 de abril de 2020

Eukaristia alkartearen ardatza



Eguen Santu barri batez, zuekaz guztiekaz batzen gara Bizkaia Irratiari esker. Hamar urte baino gehiago berbalditxo hau zuekaz dogula. Azken hamar urteok Arratiako herrietatik, Zeanuri, Arantzazu, Dima edo Igorretik… Bizkaia osora. Ibilbide hau gugaz hasi eben batzuk hil dira eta ez dagoz gugaz. Gogoan eta otoitzean ditugu. Beste batzuk gaixorik entzuten dozuez gogoeta honeek. Jainkoaren laztana ez daitela inoiz falta zuen ohe ondotxuan. Beste  batzuk kotxean edo sukaldean, beharrean entzuten dozuez. Hamaika etxetan bakartuta, otoitz sarea josi dogu, horma bako parrokiak altxatu doguz. Danok osatzen dogu alkartea.

Eta alkarte honek badauka ardatz bat. Komunitate honek badauka oinarri bat: eukaristia, mezea. Eta zelan eraiki alkarte hau? Zelan sendotu komunitate hau? Zelan sakondu Jesusek gura izan ebanagaz bat egin daigun? Hiru berbatan: erdibanatu, senidetu, zerbidu edo zerbitzatu. Hiru hariok egoki josten badoguz alkartea sendotuko dogu. Batak bestea indartu, sendotu egingo dau. Batan falteak, beste biak indargabetu eta alkartea ahuldu, txikitu egingo dau.

Eguen Santu honetan gogoan izan daigun hau. Eukaristiaren ganeko tradizino guztietan dago alkarte izaera. Zuentzat. Guztientzat. Munduko bizitzarentzat emoten dira Jesusen bizitza eta gorputza. Herri arteko diferentziak apurtu egiten dauz Jesusek (Ef 2,14). Andra eta gizonen arteko ezbardintasunak puskatu egiten dauz Jesusek. Gure arteko ikusi ezinak birrindu egingo dauz Jesusek. Hori bai, eukaristia jarrita alkarte horren ardatz legez.

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Lukasen liburutik

K Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekin eta esan eutsen:
+ «Baneban gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara Nik esan: ez dot gehiago Pazkorik ospatuko, hau Jainkoaren erreinuan ere betera heldu arte».
K Eta kaliza bat hartu, esker oneko otoitza egin eta esan eban:
+ «Hartu egizue eta banandu zeuen artean. Hara Nik esan: ez dot gaurtik gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinua heldu arte».
K Gero, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu eta emon egin eutsen, esanez:
+ «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
K Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez:
+ «Kopa hau itun barria da, zuentzat isurtzen dan nire odolaz ezarria».

Erdinabatu

Eukaristian, mezatan, Eguen Santu honetan Jesusen mahaian parte hartzen dogunok bere asmoagaz bat egiten dogu. Bere proiektuagaz batzen gara. Eta honek hauxe esan gura dau: garan eta dogun guztia erdinabatzea. Zatitzea. Konpartitzea.
Ogia bat dan legez, danok gara gorputz bat, ogi bakarretik hartzen dogu danok eta.
Jesus persona solidarioa eta alkarte zalea zan eta da. Beragaz bat eginik, guk be horren alde egiten dogu. Norabide bardina dogu. Asmo eta amets bera.
Danok daukagu arrisku bat. Edo tentazino bat. Mahaitik jan, ogia konpartitu, baina Jesusen jarrerea hartu barik. Ez ekin alkartearen alde. Beti ipintzen da adibide bat. Judas. Mahaian jesarri, ogitik jan, eta Jesusen asmoa apurtu. Danok daukagu Judas txikitxo bat gure barruan. Ogi beretik hartu baina nire interesak baino ez izan kontuan. Eguen Santu honetan eskatu daiogun Jesusi bere Espiritua, tentaldi horretan ez gaitezen jausi inoiz!
Eguen Santu haretatik, gaur arte, zenbat urte ez diran pasa! Eta beti dogu garantia edo berme hau: Ogia erdibanatzean Jesus gure alkartean dago. Gure erdian. Gure ondoan. Etxean, familian, parrokian, egoitzan, ospitalean.
Eta ogi horretatik jaten dauenak bere poza, bere izaera, bere dohaiak, bere denporea erdibanatzen dauz. Alkartearen alde egiten dau. Alkartea jaso egiten dau. Alkartea indartu egiten dau. Alkartea sendotu egiten dau.
Gure parrokietan, ostera, gauza askoren ardurea hartzen dogu. Jantziak, itxurak, keinuak, nork irakurri dauan eta zelan, eskuan ala ahoan hartu gure Jauna… Eta, sarri, aztertu barik ixten dogu inportanteena. Eukaristia ospatzeko minimoak emoten diran ala ez. San Agustinek “adiskidetasunaren ogia” deitzen eutson eukaristiari. Zelan jan adiskidetasunaren ogi hau adiskidetasunik ez dagoen lekuan?

Nire eskuak, esku horrek eta Zure eskuak
keinu hau egiten dogu, alkarregaz bananduz
mahaia eta destinoa, senide legez,
Bizitzak Zure heriotzan eta Zure bizitzan.
Ogian alkartuz ale asko,
Jainko Herri batua izaten ikasten joango gara,
Gizakion Herri,
Zeu janez janari izaten ikasiko dogu.
Euren zainetako odolak eragiten deusku.
Eurek ez daben ogiak batzen gaitu.
Zugaz eguneroko ogi izatera.
Zure oroipenaren argiak deiturik,
Erregetzarantz goaz Historia eginez,
senide arteko Eukaristia iraultzailea.
                            P. Casaldaliga


Senidetu

Jesu Kristo gure Jaunaren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 13,34-35)

Nik maitatu zaituedan legez, maitatu eizue elkar.

Hauxe da kristau alkartearen abiapuntua eta estiloa. Estiloa, espiritua, jokabidea, joera. Senide bezala, anai-arreba lez bizitzea.
Kalean entzuten dogu: Jainkoagaz egoteko, Ebanjelioa entzuteko ez dot elizara joan behar. Egia da. Baina senideagaz egoteko, neba-arrebagaz bat egiteko, orduan zer?
Zer pentsatuko dabe esaldi horren gainean, mezatara joan ezinik dagozan gaixoak, ezinduak, lanpetuak? Zelan egin bat Jesusen Jainkoagaz senideagaz batu barik?
Jainkoaren aginduak be, senidearengana zuzentzen gaitue. Senidearengana joateko bidea markatzen dabe. Pobreagaz ez ahaztuteko bidea gogoratzen dabe.
Maitasun hau Jesusengan ikusten dogu batez be, argi eta garbi. Jainko-maitasunaren mailan egon behar da senideenganako, besteenganako maitasuna.
Honetan datza Jainkoaren aintza. Gizon emakume guztiek bizitza duina izatean. Besteak bizi izan dagien. Nork berak bere biziaren alde egiteko gauza izatean.
Horrexegaitik, Bitoriano Gandiaga frantziskotarren otoitz eta poesia hau sarritan kantatu eta errezatu beharko genduke. Apal apal. Isil isil. Jainkoak maitasunean handi egin gagizan.

Jauna, ez dizut eskatzen
maitasunik zuretzako,
baizik hurkoarentzako.
Zu maitatzeak ez dauka
zailtasunik niretzako,
hurkoa maitatzeak bai,
neketsua zaidalako.
Emaidazu maitasuna
lagun hurkoarentzako.
B. Gandiaga


Zerbidu, zerbitzatu



Jesusek bere ikasleei oinak garbitzean hauxe erakutsi euskun. Andra eta esklabuen lana zan hau. Gonbidatuei oinak garbitzea bazkal aurretik. Morroia, neskamea. Nekatuta etorri arren, hauxe egin behar eban. Jaunari, etxeko jaunari oinak garbitu. Horregaitik harrigarria Jesusek aukeratu eban ezaugarri hau. Bera “jaun eta maisu” izanik, berak ikasleei oinak garbitzea. Nork eta berak.
Gogoan dodaz, gogoan doguz orain, euren etxeetan, egoitza eta ospitaletan, gure familikoak, gure gaixoak, gure edadekoak jagoten bizi diran hainbat gizon emakume. Asko kanpotik etorrita. Beste batzuk bertokoak. Euren lanbidea espiritu honegaz blai eginda, zainketa eukaristikoa litzateke euren beharra, euren zeregina.
Eukaristiak Jainkoaren seme-alaba lez bizitzeko, izateko, jokatzeko aukerea emoten deusku. Jaunak zorioneko esaten deutse Jesusen jokabidea hartu, bete eta jarraitzen dabenei.
Eredua be bai. Laguntza be bai.Laguntza be emoten deusku Jesusek hau gogoratu, ospatu eta bizi daigun. Bere Espiritua. Bere estiloa. Bere jokabidea jarraitu daigun. 
Jakin badakigu, gure burua ez badogu engainatzen, holan bizi izatea ez dala erreza. Zerbitzatuz. Apaltasunez. Txalo barik. Isilean. Estilo hau, bizitza hau ez da bere betera heldu. Mundu honetan gabiltzan bitartean beti egongo dira hutsuneak.
Bitartean, hortxe dogu eukaristia, gure Jauna, janari lez. Biderako janari edo biatiko moduan. Laguntza legez. Inspirazino iturri moduan. Gura hutsak eta errakuntzak arren, gure  pekatuak arren, hortxe dogu Bera. Janari, indar eta lagun.

Emaiguzu Jauna
Ogia jateko,
bizitza indarra
Zuri jarraitzeko!

Sarritan kantetan dogu kanta hau elizkizunetan. Beldur barik eta sarriago kantatu beharko genduke. Edo ahoskatu. Eskari otoitza eginaz. Egunero.

Egizue hau nire oroigarri.

Horixe ba. Hiru aditz. Hiru jokabide. Hiru hari alkartea josteko. Eukaristia izan  dadin alkartearen ardatza. Eta erdibanatuz, senidetuz eta zerbitzatuz… alkartea josi daigun.
Eta ezin ahaztu egunotan bizi dogun egoera gogor hau. Hau hasi zanetik, Arratiako gure parrokietan kanpaiak joten doguz eguerdian eta otoitz bateratu bat egin. Honegaz amaitu gura dogu gaurko saioa:

Jesus lagun eta Jainko Ona:
Gaixo barri honegaz ikaratuta, bakartuta eta lur jota gagoz.
Baina zugan jarri gura dogu gure konfiantza.
Gaixoak osatzera etorri zinan horrek
ondo ezagutzen dozu gure egoera.
Gogoan izan gaixo honek hildakoak, gaixotutakoak eta euren familiak.
Gogoan izan gaixoak jagotzen dabezan osasun langileak eta boluntarioak.
Gogoan izan gaixoaren kontra ikertzen dabizen zientifikoak.
Gogoan izan gure agintariak, neurri hain gogorrak jartzeko unean.
Gogoan izan gure etxekoak eta familiak.
Gogoan izan egunotan bakarrik dagozanak edo etxe bakoak.
Gogoan izan hildakoen familiei laguntzen deutsen abadeak, erlijiosak eta laikoak.
Ez itzi etsipenean eta egoismoan jausten.
Arratiako Ama: otoitz gure alde!

 

Bizkaia Irratia 2020


No hay comentarios: