Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 12 de octubre de 2018

Jesusen Berri Ona C San Lukasi Entzunez


Hona hemen Jose Antonio Pagolaren liburuaren aurkezpenean bere euskeratzaileak esandako berbak.


Gustatuko zitzaidan gaur Jose Antonio Pagolari entzutea, oraingo gai
honetaz: Jesusen Berri Ona C San Lukasi Entzunez. Baina badakit buru-
nekea zer den, eta «barkatzen» diot, barkamenik behar badu. Halere, seguru
nago, nire akatsak zuzentzeko, hitz bakar batzuk aterako zaizkiola nire
honen segidan.

Lehenik eta behin, aurrekari batzuk gogorarazi nahi nituzke. Elizen
Arteko Biblia 1994an argitaratu zuten, Euskal Herriko elizbarrutiek eta
Bibli Elkarte Batuak izeneko protestanteek. Geure itzulpena bukatu orduko,
talde osoarena izan zen kezka eta ardura. Biblia euskaraz kalean, baina zer
egin genezake Biblia benetan jendeagana iristeko, gizarteratzeko? Izan ere,
gauza bat liburu bat kaleratzea, eta beste bat Biblia bezalako bat erabilgarri
izatea.

Lehenengo arazoa, ekonomikoa. Horrenbestez, lehenengo urratsa,
laguntzaren bat eskainiko zigulakoan Gipuzkoako Elizbarrutiko liturgia-
arduraduna zen Eustasio Etxezarretagana joatea izan zen. Hirugarren
bileran, Eustasiok berak proposatu zigun: «Eta eskuko meza-liburua
prestatuko bagenu?» Gure taldeak nahiko gogotsu onartu zuen. Ni neu,
proposamena egokitzat eman arren, ez nintzen irten erabat gogobeteko.
Beste zerbait nuen buruan, nahiz ez jakin zehatz zer.

Hala, zer egin pentsatzen jarraitu nuen. Aipatu Bibli Elkarte Batuak-en
diru-laguntzarekin Bibliako pasarte aukeratuekin bi CD eta bi Zinta
argitaratu genituen, herri xeheari begira. Baita Itun Berria hiru eleduna ere
(euskaraz, latinez eta grekoz) jende jakitunagoari begira. Bibliaren bigarren
edizioa prestatzeak lan handia eman zigun: Euskaltzaindiak plazaratu
berriak zituen arau eta gomendio asko, eta haiek geureari aplikatu beharra
genuen. Are lan handiagoa eman zigun EAB interneterako egokitzeak; lan
teknikoa atzerrian egin zuten, Madrilen eta Eslovenian, eta, jakina,
materiala behin eta berriz eman behar zitzaien, eta xeheki.

Biblia gizarterako          

EABko itzultzailearen kezka eta helburua zen Biblia gizarteratzea. Ni
neugan gero eta sutsuago ari zen txertatzen asmo hori. Biblia bera modu
batean eta bestean plazaratzeko lankidetzak lan handia eta hainbat urte
hartu zizkidan. Bitarte horretan, beste asmo hori erro sakonak botatzen joan
zen nigan. Zer egin asmo berri hori gauzatzeko?

2007. urte inguruan topo egin nuen Pagolaren idazki batzuekin. Besteak
beste, El Diario Vascon astez aste argitaratzen zituenekin. Aspalditik ari
zen Pagola lan horretan; baina nik ez nuen irakurtzen egunkari hori.
Topo egite hori hasiera berri bat izan zen. Iritzi nion, taldean erabili
genuen asmoa nolabait gauzatzeko, bide egokia izango zela, astez aste testu
haiek euskaratzea. Testu haietan Biblia benetan erreferentzia zela nabaritu
nuen: a) igandeko pasartea bere testuinguruan jartzen zuen, labur-labur
bazen ere, b) edukiaren alde bat azpimarratzen zuen, c) egunean eguneko
aplikazioa egiten. Hogeigarren mendearen hasieratik, agian zerbait
lehenagotik, mendebaldeko eliza katolikoan indar handia hartzen ari den
mugimendu bizi baten isla zen Pagolarena; Bibliaren eta liturgiaren
inguruko mugimenduaz ari naiz.         

Historia Bibliaren trataeraz mendebaldeko eliza katolikoan      

Aipatu mugimendu horren eta bide batez Pagolaren lanaren garrantzia
aintzat hartzeko, beharrezkoa da historia apur gogoratzea; hain zuzen,
mendebaldeko eliza katolikoak Bibliari eman dion trataeraz. Jakina, lerro
bakan batzuk bakarrik emango ditut hemen.

Esan izan da, bi aro handi bereizten direla gure elizan gai horri
dagokionez. Lehen milurtekoan eta menderen bat gehiagoan, LEX
ORANDI nagusitu zela; bigarren milurtekoan, berriz, LEX CREDENDI.
Lex orandi: esan nahi da, otoitz egiteko erabiltzen zutela Biblia. Lex
credendi: esan nahi da, tesi batzuk eta irakaspen batzuk defenditzeko
erabiltzen zutela Biblia. Ikuspegi guztiz desberdinak. (Bilera bukatzean,
orri bana banatuko ditugu: alde batean, San Polikarporen testu bat [70-155
g.g.b.], Esmirnako [gaurko Turkian] gotzaina; beste aldean, Akinoko
Tomasen beste testu bat, Aingeru Doktore deitua; Italia: Roccaseca, 1224 -
Fossanuova, 1274; teologoa eta filosofoa, domingotarra.). Bakoitzak
kontrasta dezan bien joeraren aldea.

Labur esateko, Polikarpok kontaera bat dakar: kontatu egin du kristau-
elkarte batez izan duen esperientzia eta, batez ere, Kristo Jesusez bizi duen
esperientzia. Kontatu. Har dezagun hau gogoan: kontatu, ipuin batean egin
ohi den bezala, Jesusez izandako esperientzia kontatu. Ezer iradokitzen al
dizue honek ebanjelioaz: ebanjelariek kontatu egin dute Jesusez izan duten
esperientzia; hain zuzen ere, Jesusek berak egin duen joerari jarraituz: zer
dira Jesusen hainbat parabola, kontu batzuk baizik?

Akinoko Tomas, aldiz, irakasle ageri da, maisu; maisu handi, hori bai.
Baina Bibliako testuak zerbait frogatzeko erabiltzen ditu; pasarte honi
ezarri dioten titulua bera oso adierazgarri da alde horretatik: KREDOAZ
KONFERENTZIA.

Bai. Lehen milurteko idazleena irakurri ala bigarren milurtekoena
irakurri, alde handia dago. Hau dago jokoan esango genuke: Biblia bere
hartan aintzat hartu, Bibliari autonomia aitortu ala Biblia irakaspen baten
neskame eta tresnatzat hartu.

Horrek, jakina, ondorio handiak izan ditu mendebaldeko eliza
katolikoaren historian. Kristau-herriaren ebanjelizazioari eta fedeari
dagokienez esan nahi dut. Adibide bat aipatu nahi nuke; egun hauetan
irakurtzea egokitu zaidan bat. 17. mendearen hasieran, sekulako gatazka eta
borroka sortu zen jesuiten eta domingotarren artean. Arazoa: zer da
salbatzen gaituena?, Jainkoaren onginahia edo grazia ala norberaren
egintzak? Urteak iraun zuen borrokak. Zer probetxu ekarri zion horrek
kristau-herriaren fedeari? Azkenean ez ziren bat etorri teologo handiak
berak ere. Garaiko Aita Santuak ere zer erabaki ez zekitela gelditu ziren.
Zer aldea ebanjelioko samariar onaren parabola landu bazuten!

Euskal Herrian Biblia erabiltzeaz, badut idatzia lan luze samar bat;
jakina, ezin ekarri dut hona. Baina hartan, hondo-hondoan dagoen gogoeta
hau aipatu nahi nuke: Euskal Herrian, kristautasuna sartu zenetik (ez dakit
noiz), zer fede bizi izan da?, zer leku izan du Ebanjelioak? Detaile bat: Itun
Berria lehen aldiz Leizarraga kalbinista protestanteak euskaratu zuen eta
publikatu (1572an); bizkor mugitu ziren katolikoak haren liburu gehienak
erretzeko. Eta bigarren erreakzio gisa, Axularren GERO plazaratu zuten
1643an. Liburu aszetikoa; Biblia neskametzat erabiltzen du honek ere; bere
tesia frogatzeko. Badakit, halere, fedea ez dela eragiten irakurriz bakarrik
eta ebanjelizazioa ez dela irakurriz bakarrik egiten. Lehen milurtekoan ere,
jende gutxik irakurriko zuen. Baina duda handiak ditut gure artean jendeari
hitz egiten ziotenek Bibliaz zuten esperientziaz eta bizieraz.

Zorionez, XX. mendearen hasieratik mugimendu handia sortu da
mendebaldeko Eliza Katolikoan, Bibliaren eta Liturgiaren inguruan. Eta
horien inguruan bezala beste arlo batzuen inguruan. Elizari dagokionez,
esaterako. Oso esanahitsua da egun hauetan ospatzen ari garen idazle handi
baten esaera. Romano Guardiniz ari naiz, Veronan 1885ean jaioa-
Munichen 1968 (urriaren 1ean hila). Ezin saihestu dut haren paragrafo hau:
«Kristauak aspalditik hartua zuen Eliza irakasle, gidari eta sostengutzat;
baina, Erdi Arotik, jarrera indibidualista hartu zuen, Elizan bizitzera
mugaturik eta hark eraman zezan utzirik, baina gero eta gutxiago biziz
Eliza. Orain, ordea, esperimentatzen ari gara une honetako eginkizuna
kontzientzia edo uste hau biziberritzea dela: Eliza “ene odolaren odola, bizi
dudanaren betetasuna” dela». «Esan dezaket, beti sentitu izan naizela Eliza,
sentitu dudala neure burua Eliza, baita, beraren zerbitzari izateko, bakarrik
ibili behar izan dudanean ere».

Benetan aberatsa: kontua ez da Elizako izatea; bakoitza Eliza izatea da
kontua; elkarte izatea eta ez indibiduo. Azken batean, lekuko edo testigu
izatea da arazoa. Kontalari izatea. Esperientzia baten berriemaile izatea.
Jesusez izan dudan esperientzia kontatzea. Lehenik neure buruari, neure
burua bete-betean konbentzitu nahiz. Ondoren besteei.

Nola izan lekuko edo testigo

Markosen ebanjelioaren txatal bat hartuko dut (Mk 1,15): «Garaia iritsi
da bere betera, Jaunaren Erreinua hurbil da. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi
Ebanjelioa». Mezu laburra, baina aberatsa. Batetik iragarpen bat dakar,
anuntzio bat. Bestetik, erregu bat.

Lehenik eta behin, Jainkoaren esku hartzea deskribatu du: denbora bete
da; hau da, Jainkoak Israel herriarekin hasitako salbamen-historia bere
betera iritsi da Kristorekin. Ondoren dio, hurbil da Jainkoaren Erreinua;
Jesusekin hurbil, eta presente ere bai, Jainkoaren erreinua. Horra kontaera.
Bigarren zatian, gizakiak zer egin behar duen esaten du. Jainkoaren
egintzari zer erantzun eman: bihotz-berri zaitezte eta sinetsi berri ona.
Jesusez izandako esperientzia ez da neutroa. Inplikazioa da. Konpromisoa
da. Enbido bat da. Biblia ezin irakurri da Aristotelesen logikaren eskemen
arabera; hori izan da nagusi XIII. mendetik oraintsu arte. Bibliak bizia eta
emozioa edo zirrara eragiten dituen testua da, irakurlea konbentzitzera
emana. Jesusekiko eta Jesusen mezuarekiko konpromisoa da.      

Esku artean dugun Pagolaren liburua: Jesusen Berri Ona Lukasi
Entzunez

Esan dut hasieran, bide egokitzat hartu nuela Pagolarena 2007. urte
inguruan. Gerora baietsi besterik ez dut egin iritzi hura. Astez asteko
Pagolaren homilia asko euskaratu ditut. Liburu batzuk ere bai.
Ebanjelioko testuari bere nortasuna, bere autonomia aitortzen dio
Pagolak: hori da lehen egiaztapena. Biblia ez du hartzen neskametzat.

Horiek horrela, lehenik eta behin, bere testuinguruan jartzen saiatzen da;
gure Biblia beste kultura batean idatzia; duela hogei mende; euri asko egin
du ordutik; Biblia ezin irakurri da gaurko parametroekin; erabat narrastuko
genuke; ez da nahikoa Biblia euskaratzea; gaurkotu egin behar da. Adibide
handia da liturgian gertatu zaiguna: Vatikano IIa. Kontzilioari esker,
euskaratu liturgiako zati handi bat; testu horri begi argiz pixka bat
erreparatzea aski: zenbat aldrebeskeria (adibidez, oraintsu arte Jainkoari
«ez gaitzazu tentaldira eraman» esaten aritu gara) eta zenbat ezin ulertuzko
esapide! Ondoren, aspaldiko testu horrek zer esan nahi duen argiturik, testu
horren alderdi bat azaleratzen saiatzen da; beste autore batek beste alde bat
nabarmentzen duela? Eskubide guztia. Orrialde bateko testuan ezin eman
duzu ebanjelioko pasartearen mami guztia, osorik. Hirugarren, aplikazio
bat egiten saiatzen da: zer esaten dit neuri, geuri?, baina partikulartasun
batekin: beti elkarteari egingo dio erreferentzia, kristau-elkarteari,
parrokiari, Elizari…Elkartea, Eliza maite duten gizona da Pagola argi eta
garbi. Gorago aipatu dudan Guardini bezala Eliza sentitzen al da? Uste dut,
horretara bultza egiten digula.

Ni, Dionisio, ez naiz mundu osoa. Ez dute guztiek nik bezala ikusten
Pagolaren lana

Pagola ez dute onartzen guztiek. Oso nabarmen agertu zen hori «Jesus.
Hurbilketa historikoa» liburuaren kasuan. Pagolaren homiliak ere ez dituzte
onartzen guztiek.

Batetik, betikoak daude gudu-frontean. Zuzenbide Kanonikoari loturik
bizi direnak. Legeari loturik bizi direnak. Oso zail zaio jende-mota horri
bere klixeak haustea. 

Bestetik, entzuna dut esaldi hau: Pagolaren testu bat irakurriz gero,
denak irakurriak dituzu. Berdinak dira. Horrela mintzo direnak, esango
nuke, ez dakitela irakurtzen. Hobeto esateko, esango nuke, neurri edo hein
batean arrazoia dutela. Nik irakurri ditudan homilia eta liburu guztietan hau
du muina Pagolak: Jesus nazaretarra, Jesu Kristo berpiztua. Jainkoaren
Erreinua. Jainkoaren maitasuna, ez soilik eliztarrentzat, baizik eta mundu
osoarentzat; jarraitzaileek erantzun beharra (ez dakit ondo definitu dudan
Pagolaren idazkien muina; bukaeran berari hitz emango diogu, nirea
zuzendu dezan); alde horretatik, arrazoia dute, Pagolaren testuak denak
berdinak direla esaten dutenek. Baina, nik uste, jende horrek funtsean ez
daki irakurtzen. Ez luzatzeko, hartu ahal duzuenean, gaur aurkezten ari
garen liburu honen 238-244 orriak. Zer esan nahi dute hor ageri diren
tituluek? Pentsa, 76 gai desberdin. Hori liburu honetan bakarrik, C
urtekoan. A eta B urtekoetan beste horrenbeste. Eta jo ezazu bestelako
liburuetako aurkibideetara (askotan, irakurlea ahaztu egiten da, aurkibide
ikusteaz, liburuaz ikuspegi zabal bat izateko; behin gertatu zitzaidan,
pertsona batek eskuan zuela Mezularik argitara emandako «Egunean
eguneko Ebanjelioa» eta galdetu zidala «Non aurki ditzaket Andre
Mariaren letaniak?»; erantzun beharra izan nion eskuan zuen liburuan aurki
zitzakeela; harriturik gelditu zen.). Baina, batez ere, denak berdinak direla
diotenek oker handi bat ari dira egiten. Lex orandi ez, baizik Lex sapiendi
dute buruan: gauza berriak jakin nahia, otoitz egin nahiaren ordez. Otoitza
zentzu zabal-zabalean harturik. Jesusek Ebanjelioan albiste gutxi eman
digu. Ez digu esan munduaren azkena noiz izango den ere. Ez digu esan
munduan gertatzen den gaitz asko zergatik gertatzen diren ere. Ebanjelioa
irakurtzean, nork bere helburuak eta asmoak izan ditzake. Badakit, Euskal
Herrian zenbait jendek euskara ikasteko irakurtzen duela Elizen Arteko
Biblia. Baina kristauok Lex Orandiren giroan irakurri eta entzun beharko
genuke. Uste dut, helburu hori dela Pagolarena. Eta otoitz-giroan irakurtzen
edo entzuten duzunean, iradokitzaile edo sujerente bizi-bizi gertatzen da
Biblia. Zenbat aldiz otoizten dugu GURE AITA? Beti gauza bera al da?
Tristea izango norbaitentzat litzateke hala izango balitz.

Hirugarren, badira Pagolaren homilia hauek testu astunegiak direla
esaten dutenak. Honek sortzen dit penarik eta kezkarik handiena. Bada
bineta bat, Forgesena, El Mundon agertua (ez dut data-erreferentziarik):
frantziskotar bat marraztu du, belauniko, besoak gora, otoitz eginez:
«Egizu, Jauna, hondatu daitezela jende horien telebistak; horrela gurasoek
aukera izango dute seme-alabekin hitz egiteko eta elkar ezagutzeko».
Benetan, arazo handia planteatzen dute testu astunegiak direla dioten
hauek: orrialde bat ezin irakurria. Arinkeriari emana den gizarte batean bizi
garela adierazten digu horrek. Aspaldi batean, Vida Nueva aldizkarian ere,
Floristan deitoratzen zen fenomeno honetaz: ez irakurtzeaz, Jainkoaren
Hitza ez maitatzeaz. Irudiak mila hitzen balioa duela esan ohi da. Bai.
Baina bere neurrian erabiliz. Telebistatik zintzilik bizitzeak, ez dut uste,
bizitasun handirik emango duenik. Ez dut uste gizakiak bere barnearen
hondoenean dituen galderei erantzungo dienik. Gertatuko da, galdera horiei
lur eman nahi izaten zaiela; ez entzuna egin nahi izaten zaiela. Arrazoizkoa
al da jarrera hori? Gizon edo emakume izatea al da jarrera hori?
Ostrukarena egitea ezin eman da gauza humanotzat.

Halere jarrera ezkor horiek ez dira mundu osoa

Behin batean poz handi samar bat eman nion Pagolari. Santo Domingo
Errepublikako telebistak igandero aireratzen zuen eta du Pagolaren homilia.
Bestetik, zenbat hizkuntzatara itzultzen dela iruditzen zaizue astero-
astero homilia hori? Hona. Nik dakidala, hauetan: euskara, katalana,
galiziera, portugesera, italiera, frantsesa, ingelesera.

Asteazken eguerdirako Pagolaren asterokoa e-postaz bidaltzen ez badut,
baditut solaskideak lakonikoki idazten didatenak: «Ez du jaso Pagolarena».
Horietan bat Estremadurako apaiz bat: bere web orrian garaiz zintzilikatu
nahi izaten duelako. Eta nik bidaltzen diedan askok beren bezero edo
solaskideak dituzte. Benetan gauzatzen da testu honekin «eman ta zabal
zazu» hura.

Badira nire web orrian aztarrika ibiltzen direnak ere; gehienak, nik uste,
Pagolaren testuaren bila.

Honekin guztiarekin ez nuke aditzera eman nahi, Pagolaren testua guztiz
ezinbestekoa denik. Ezta nahikoa denik ere. Adibidez, aspaldi honetan,
Pagolaren homiliarekin batean, Jose Luis Sicreren iruzkina edo
komentarioa ere bidaltzen dut euskaraz eta gaztelaniaz.

Lekuko batzuk Biblia muintzat hartzearen alde

Bakar batzuk soilik.

● «Liburu Santuetan, zeruan dagoen Aita bidera irteten zaie bere seme-
alabei, maitasunez, beraiekin hitz egiteko» Dei Verbum, 21).
● Jesus ezagutu eta maite duena, huraxe benetan zoriontsu. “Bere
gaixotasuna Jesus duena ez da sekula sendatuko” (Ibn Arabi mistiko sufi
handiak esana).
● «Fededunei Liburu Santuetara iristeko aukera erraza eman behar zaie»
(Dei Verbum 22).
●(ez dakit norena den segidako hau) Azken aldi honetan biderkatzen ari
diren ibilbideak baino irizpide baliotsuagoak dira Biblia kristauki
irakurtzeko giltzarriak. Giltzarri horiek aurkitzeko, Itun Berriak datu asko
eman dizkigu, ikusteko, Jesusek eta lehen bi belaunaldiek nola irakurri
zuten Biblia. Lukasen tradizioak (Lk eta Eginak), adibidez, lau giltzarri
eman dizkigu; lauki honetan laburtzen ahal ditugu:
¬Jesusen Pazkoaren argian irakurri (Eginak 8,26-39).
¬Testua begirunez irakurri (Lukas 4,16-30).
¬ Bizitzatik eta bizitzarako irakurri (Lukas 24,13-35).
¬Espirituak gidatutako elkartean irakurri (Eginak 4,23-31).

Bukatzeko galdera batzuk

Hemen gaudenok ez al ginateke gai izango, nork bere buruari kontatzeko
Samariar onaren parabola? Apaizak eta lebitarrak egin ez dutena, juduek
heretikotzat duten samariar batek egin du: bide bazterrean erdi hilik utzi
duten gizona zaindu, asto gainean hartu eta ostatura eraman. Eta nik? Zer
egiten dut bide bazterrean utziak direnekin? Eta norbera benetan
konbentziturik dagoenean, besteei kontatu?

● Edota Andre Mariari leporatzen diogun Magnificat kantikarena: Jainkoa
goratu, gizaki pobre honetan jarri ditu Jaunak bere begiak, horregatik
dohatsu deituko naute, gauza ikusgarriak egin ditu Jainkoak, jende harroa
beheratu eta apala goratu, ahaltsuak esku huts utzi eta jende goseari ugari
eman, aspaldi hitzemana zuen hori guztia Jainkoak. Orain Kristogan bete
du.

Nahikoa nire aldetik.

Dionisio Amundarain

No hay comentarios: